Ongizate zerbitzuen, aurrekontuen eta paramilitarren inguruko gaiak nola jorratuko dituzten adostu dute alde guztiek. Gaur adostutakoa 70 orriko agiri batean bildu dute, Hasiera berri bat - Stormonteko Akordioa eta Ezarpen Plana izenburupean.
Theresa Villiers Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroak adierazi du akordioa "oinarri iraunkorra" izan daitekeela lurraldeko finantzak onbideratzeko eta, horrela, "aurrekontuen inguruko eztabaida luzea amaitzeko". Paramilitarren aurka "ahalegin berezia" egitea adostu dute, eta adierazpen batean azalduko dute horien jarduerak ez dituztela "onartuko".
Charlie Flanagan Irlandako Atzerri ministroak, berriz, nabarmendu du alderdiek konpromisoa dutela talde paramilitarren desegitearen alde lan egiteko, eta, haren ustez, akordioak "paramilitarren eragin maltzurra" amaitzeko balioko du. Prozesua nazioarteko erakunde independente batek gainbegiratuko du, Flanaganen esanetan.
Ipar Irlandako Gobernuaren barruan sortutako krisia maiatzean piztu zen, Gerard Davison IRAko kide ohiaren hilketarekin. Handik hiru hilabetera, abuztuaren 12an, erakunde armatuko beste kide ohi bat hil zuten, Kevin McGuigan, eta horrek sua piztu zuen errepublikanoen eta unionisten artean. Poliziaren arabera, Behin-behineko IRAko kideek hil zuten McGuigan, baina Sinn Feinek ukatu egin zuen IRAren parte hartzea.