Azken orduko ustekabe gehiagorik ezean, Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armada gerrillak bihar hasiko dute ofizialki bake prozesua, Oslon negoziazio mahaia ezarrita. Bi aldeek prentsaurrekoa ere eskainiko dute elkarrekin Oslotik ordubetera dagoen hotel batean. Horren aitzinetik, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen ordezkaritzak ateak itxita elkartuko dira gaur. Negoziazio prozesuan ELN Askapen Nazionalerako Armada gerrillako ordezkari bat egonen da, behatzaile gisa.
FARCeko azken negoziatzaileek Norvegiara ailegatzeko izan dituzten zailtasunak izan dira bake prozesuaren hasiera gibelatu duten azken arrazoia, euriteak zirela-eta ezin baitzuten Kolonbiatik atera. Luciano Marin Arango Ivan Marquez negoziatzaile burua eta gainerako ordezkariak herenegun ailegatu ziren Kubara, handik Norvegiara bidaiatzeko, herrialde horiekin eta gobernuarekin izandako elkarrizketetan hitzartu bezala.
Horrez gain, FARCeko kideek Oslora ailegatzeko izan duten oztopo nagusia nazioarteko atxilotze aginduak izan dira. Interpolek atzo baieztatu zuen bertan behera utzi zituela agindu horiek, Kolonbiako Fiskaltzak hala eskatuta. Interpol 190 estatutako Poliziek osatzen dute. Horietako batek norbaiten gaineko «alerta gorria» ezartzen badu, hura aurkitzen laguntzeko deia jasotzen dute gainerako Poliziek. Interpolek ez du zehaztu Kolonbiako Fiskaltzak noiz eskatu zion aginduak kentzeko, eta ez ditu jakinarazi FARCeko kide horien izen-abizenak.
Horrek zalantzarako tarte bat ireki du Tanja Nijmeijer gerrillako negoziatzailearen kasuan. Azken berrien arabera, Kolonbian zegoen oraindik, eta ez dago argi Oslora garaiz ailegatuko den. RCN irratiaren arabera, gainerako kideek baino «zailtasun burokratiko gehiago» zituen Nijmeijerrek.
Dena den, berri hori Interpolek atxilotze aginduak kendu dituela jakinarazi baino lehen eman dute. Kolonbiako Gobernua ez zegoen ados Nijmeijer FARCeko negoziatzaileen artean egotearekin, ez delako kolonbiarra —Herbehereetakoa da—. Hala ere, Rodrigo Londoño Timochenko gerrillako buruak baieztatu du negoziatzaileetako bat izanen dela.
«Batzuei ibaiak hazi zaizkie, eta bertzeei erabakiak hartzeko estatuak duen geldotasun pakidermikoak eragin die, baina hortxe goaz, hori da garrantzitsuena», adierazi die Timochenkok RCN telebistari eta FM irratiari.
Bi aldeen artean, eta, oro har Kolonbian baikortasuna sortu den arren, su-etenik gabe jarriko dira mahaian gobernua eta FARC. Otsailetik abuztura Kuban edukitako elkarrizketetan hitzartutakoaren arabera, bortz puntuko negoziazioa eginen dute: nekazaritzaren garapena, parte hartze politikoa, gatazkaren amaiera, drogak, eta biktimak. Osloko bilkurek Habanan izanen dute jarraipena. Hain zuzen, Norvegia eta Kuba baitira prozesuaren bermatzaileak. Venezuela eta Txile, berriz, laguntzaileak dira.
Osloko mahaian jarriko dena ere ELNko ordezkari bat izanen da, baina behatzaile gisa. Ortzadar Fundazioko zuzendari Leon Valenciak igandean jakinarazi zuen hori —elkarrizketetan laguntzaile izan da—. Hark azaldu duenez, gobernua eta ELN harremanetan daude, gerrilla hori ere bake prozesuan sar dadin aztertzeko.
ELNk hasieratik eman dio oniritzia gobernuaren eta FARCen arteko prozesuari, eta joan den hilean adierazpen bat argitaratu zuen negoziazioetan parte hartzeko prest zegoela erranez. Gainera, bake prozesuan gizarte zibilak zeresan handiagoa eduki beharko lukeela aldarrikatu zuen adierazpen berberean.
ELNren negoziazioak
Egun batzuk geroago argitaratu zuten ELNk eta FARCek agiri bateratua. «Ideiak eta ekintzak» bateratzeko asmoa agertu zuten bertan, «herriak oligarkiari eta inperialismoari aurre egin diezaion». Bi gerrillek 2009an hasitako «batasun prozesuan» pausoak emateko asmoa agertu zuten, eta aldarrikatu aldaketa politiko eta sozialak herriaren «parte hartze eta erabakitzeko ahalmen osoarekin» lortuko direla. Bake negoziazioei ez zioten aipamenik egin agiri bateratuan.
ELNk iraganean hainbat negoziazio eta hartu-eman izan ditu gobernuarekin. Horietako lehena 1991n izan zen, Caracasen eta Mexikoko Tlaxcala hirian. Hurrengo elkarrizketak 1998-2000 artean izan zituzten. Bertzeak bertze, biltzar nazional bat egitea biltzen zuen bake akordio bat sinatu zuten, eta iparraldeko Bolivar departamentuaren hegoaldean topaketarako gune bat ezartzeko baimena eman zuen gobernuak. Andres Pastrana presidenteak, baina, bertan behera utzi zituen negoziazioak. Hurrengo saiakera nabarmenenak Alvaro Uriberen bigarren agintaldian izan ziren, 2006-2010 artean.
Kolonbia. Bake negoziazioak
Bake prozesuaren bezpera
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak bihar hasiko dituzte negoziazioak, Oslon; ELNko kide bat behatzaile gisa egonen da bertanInterpolek bertan behera utzi ditu FARCeko kideak atxilotzeko nazioarteko aginduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu