Ukrainako gatazkaren gaiztotzea

Bakea, hari batetik zintzilik

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak jakitera eman du datorren asteazkenean Minsken elkartuko direla berriro Merkel bera, François Hollande, Valdimir Putin eta Petro Poroxenko Ukrainaren inguruan akordio bat lortzeko asmoz. Putinek iragarri du ordura baino lehen posturak ez badira gerturatzen, ez dela joango.

Petro Poroxenko, Angela Merkel eta Joe Biden, gaur, Munichen. ANDREAS GEBERT / EFE
Ainhoa Oiartzabal-Mikel Rodriguez
2015eko otsailaren 8a
12:57
Entzun

«Bake akordio erabateko bat lortzeko huts egiten badugu, aski ongi dakigu zein izanen den jokalekua: gerra deitzen zaio». François Hollande Frantziako presidenteak bakea lortzeko azken aukeratzat aurkeztu du Alemaniarekin batera Ukrainari eta Errusiari proposatu dien plana. Hollande eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin dute, gatazka bideratzeko asmoa duen akordio bat lortzeko esperantzarekin. Bakea hari batetik zintzilik dago, emaitza argirik ez baita aurreikusten. Oihalaren aitzinean, gatazkako parte diren alde guztiek, Ukrainakoek nahiz kanpokoek, adierazpen, akusazio, eskakizun eta ohartarazpen sail bat egin diote elkarri. Ikusteko dago oihalaren gibelean oinarri finkorik ezarri ote den.

Bien bitartean, harreman diplomatikoek aurrera jarraitzen dute: Angela Merkelek adierazi du asteazkenean Minsken elkartuko direla Merkel bera, François Hollande, Valdimir Putin eta Petro Poroxenko. Baina Putinek eman du abisua: asteazkena bitarte posturak gerturatzen ez badira, bera ez dela joango.

Atzo, Errusiako Sotxi hirian (hego-mendebaldean) sindikatuekin egindako ekitaldi batean ere mintzatu zen gaiaren inguruan. Elkarrizketei buruz ez zuen argibiderik eman. Erran zuen Errusiak ez duela «inorekin gerran hasi nahi». Arretagune nagusia, ordea, Munichen (Alemania) izan da, urteroko Segurtasun Konferentzian elkartu baitira Mendebaldeko herrialdeen, Ukrainaren, Errusiaren eta NATOren ordezkariak. «Ez dago inongo ziurtasunik elkarrizketen inguruan. Hollandek eta nik uste genuen saiatu behar genuela. Ukrainako herriari zor diogu», adierazi du Merkelek Munichen egindako agerraldian. Erantzukizuna Putinengan paratu du Alemaniako kantzilerrak. Kazetari bati erantzun dio ez dagoela «bermerik» jakiteko proposatutako plana beteko ote duen Putinek, eta Errusiako presidenteari egotzi dio irailean Minsken sinatutako protokoloaren hutsegitea.

Merkelek bilera bat egin du Munichen Petro Poroxenko Ukrainako presidentearekin eta Joe Biden AEBetako presidenteordearekin. Poroxenkok hedabideen aitzinean egin duen agerraldian eskatu dio nazioarteari Ukraina hego-ekialdeko matxinoei aurre egiteko laguntza «praktikoa, politikoa, ekonomikoa, baina baita militarra ere». Bidenek ere laguntza militarra izan du aipagai. Nahiz eta erran duen gatazkak ez duela konponbide militarrik, adierazi du AEBek aurrerantzean ere «segurtasun laguntza» emango diotela Ukrainari. Merkelek, baina, Poroxenkoren eta Bidenen aitzinean paratu du zalantzan Ukrainari armak emateko proposamena. «Ez dut imajinatzen egoerarik non Putin txundituta gera litekeen Ukrainak izan litzakeen armekin».

«Aldi baterako irtenbidea»

AEBek joan den astean adierazi zuten Ukrainari armak emateko asmoa —Kiev aspaldian dabil Mendebaldeari eskari hori egiten—. Jarraian, Hollanderen eta Merkelen ekinaldi diplomatikoa hasi zen, lehenik Poroxenkorekin eta ondoren Putinekin elkartuta. Elkarrizketen edukiaz ez dute anitz azaldu, baina filtrazioak izan dira. Nagusiki, bi lirateke Hollanderen eta Merkelen asmoak: bata, gatazka gaur egungo posizioetan «hormatzea», banaketa lerroetara eta Errusiako mugara Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinak bidalita; bertzea, AEBen nahiaren aurka, Ukrainari armak ez ematea. Poroxenkok erantzun die filtrazio horiei, eta gatazka hormatzearen aurka agertu da erabat. «Aldi baterako irtenbideek ez dute gatazka konponduko». Hormatzeak erran nahiko luke matxinoek kontrolatutako eremuak de facto estatu independente bilakatuko liratekeela, nazioartearen onarpenik gabe. Hollandek eta Merkelek haien proposamenen berri ez dute eman, baina Frantziako presidentea Ukraina ekialdeko eskualdeei autonomia zabala ematearen alde agertu da. «Jende hori gerrara joan da. Zaila izanen da [Ukrainan] elkarrekin bizitzen paratzea», adierazi du.

Lavrov, baikor

Gatazka hasi zenetik Ukraina federal bihurtzearen alde agertu da Errusia. Kievek ez du halakorik nahi, eta proposamen horiek burujabetzaren aurkako erasotzat hartu ditu. Matxinoek, berriz, independentzian edo Errusian integratzean dauzkate helburuak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa baikor agertu da azken elkarrizketekin. «Espero dut presidente frantziarraren, presidente errusiarraren eta kantziler alemaniarraren elkarrizketek fruituak ematea eta gatazka honen aldeek babestea», adierazi du Munichen. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin, John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroarekin elkartu da Lavrov. Errusiako Atzerri ministroak gogor kritikatu du Europako Batasunak eta AEBek Ukrainako krisian izan duten jarrera.

Merkelen, Hollanderen eta Putinen arteko gaurko bilera, beraz, erabakigarritzat jo dute nazioarteko agintariek. «Esperantza bakarra da Errusiak eta Vladimir Putinek egoera honi irtenbide bat topatzea», adierazi du Andrei Purginek, Donetskeko matxinoen parlamentuko buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.