Bakerako Esparru Juridikoa onartu du Kolonbiako Senatuak, negoziaziorako

Konponbiderako tresna da, gobernuaren ustez; FARCek bahitu guztiak askatu behar lituzke lege berria ezartzeko

Erredakzioa
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Kolonbiako Senatuak Bakerako Esparru Juridikoa onartu du, etorkizunean gerrillekin gobernuak izan ditzakeen negoziazioetan gatazka konpondu ahal izateko tresna juridikoa. Bost artikuluko testuak 1991ko konstituzioaren zati batzuk aldatuko ditu. Gobernuaren babesarekin onartu dute esparru juridikoa: aldeko 65 boto jaso ditu, eta hiru kontra. Juan Manuel Santos presidenteak berehala txalotu du Senatuaren erabakia: «Eskerrik asko, ganberari, gatazkaren amaiera ahalbidetu dezaketen arauak onartzeagatik».

Proiektua aurkeztu duen Roy Barreras ofizialistak azpimarratu nahi izan du esparru juridiko berriak «justizia eta egia» bermatuko diela biktima guztiei, eta etorkizuneko desmobilizazioetara iristeko «trantsizioa» zabalduko duela gaineratu du. «Kolonbiako indarkeria zaleak gizartera eta politikara bueltatu ahal izango dira». Bestalde, Barrerasek nabarmendu du esparru berriak ez duela «immunitaterik» ekarriko, eta giza eskubideen urraketa larriak epaitu eta zigortu egingo dituztela.

Testuaren arabera, esparru juridiko berria ezarri ahal izateko gerrillek lehenik bahitu guztiak askatu beharko dituzte, eta gobernuak erabaki beharko du lege berria martxan jartzeko baldintza guztiak betetzen ote diren. Lege berriaren arabera, «delitu larriak» egin dituzten gerrillariek ezingo dute inoiz politikan aritu. FARCeko buru Rodrigo Londoño Echeverry Timochenko-k, esaterako, ezingo luke kargu publikorik bete, ezta armak utzita ere.

Egitasmoak alde guztietatik jaso ditu kritikak. Ezkerreko PDA alderdiak ez du begi onez ikusi onarpena; beste muturrean, Alvaro Uribe presidente ohiak ere kontra egin du, zigorgabetasuna ekar dezakeelakoan.

Leherketa bat

Bestalde, Kolonbiako Poliziak jakinarazi du FARCeko ustezko ekintzaile bat hil dela Bogotan, eskuan zerabilen lehergailu batek eztanda egin ostean. Hemeretzi urte zituen hildako gazteak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.