AEBetako presidentetzarako kanpaina. Gay eta lesbianen ezkontza

Balioen balio neurtua

AEBetako herritarren %67k uste dute Barack Obama presidenteak arrazoi politikoengatik babestu dituela ezkontza homosexualak. Lesbiana eta gay errepublikanoek eta demokratek kontrako iritziak agertu dituzte.

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Berba hutsak izan dira. Atzean ekintza edo neurri politiko barik. Baina Barack Obamak gay eta lesbianen ezkontzak legeztatzearen alde egindako adierazpenak AEBetako presidentetzarako kanpaina astindu du. Poza eta itxaropena piztu du AEBetako gay eta lesbianen eskubideen alde borrokan ari direnen artean, eta arbuioa kontserbadorea den gizarte sektore zabalean. Presidentearen jarrera aldaketa noiz eta nola iritsi den ikusita, adierazpen historikoaren sakoneko arrazoiari buruzko eztabaida piztu da AEBetan: ondo neurtutako kalkulu politikoengatik ala barruak agintzen diolako eman du pausoa?

Estatubatuarren %67k uste dute arrazoi politikoengatik eman duela, inkesten arabera. Izan ere, hauteskundeetarako sei hilabete eskas falta dira (azaroaren 6an dira) eta telebistan egindako elkarrizketa batean zabaldu du mezua Obamak: «Sexu bereko bikoteek ezkontzeko aukera izan behar lukete». Adierazpenaren eszenaratze informalak bat-batekotasun itxura eman nahi izan dio presidentearen mezuari, baina ez da hala izan. Hiru egun lehenago, hilaren 6an, Joe Biden presidenteordeak jendaurrean babestu zuen sexu bereko pertsonen ezkontza lehen aldiz. Segituan presidentearengana joan ziren begirada guztiak, baina kanpaina hasieran murgilduta, isilik egon zen Obama hiru egunez. Bozetarako lehia politikoak oso luze joko duela jakinda, ordea, gaia lehenbailehen argitzea erabaki dute demokratek. Eta, bidez batez, kanpaina soilik ekonomian oinarritu beharrean balioetan ere oinarritzea, hautesleen aurrean Obama 2008an boterera eraman zuen itxaropen mezuarekin lotzeko berriro, eta balizko aurkari Mitt Romney errepublikanoaren ezaugarri kontserbadore eta atzerakoiak nabarmentzeko.

Gay eta lesbianen iritzia

Alderdi bateko zein besteko gay eta lesbianek ez dute berdin hartu albistea. Stonewall Democrats demokraten gay eta lesbiana elkarteak «harrotasunez» hartu ditu Obamaren hitzak, eta presidenteak homosexualen eskubideen alde egindako «benetako lana» nabarmendu du. Alderdi Errepublikanoan gay eta lesbianen eskubideen alde lan egiten duen Log Cabin Republicans elkarteak, berriz, presidentearen mezua hutsala dela salatu du; hala ere, aurrerapauso dela onartu du.

«Benetako galdera da ea Obamak bere botere politiko guztia erabiliko duen bigarren legealdian Ezkontza Defendatzeko Legea [DOMA deritzo] baliogabetzeko Kongresuan», azaldu dioCasey Pick Log Cabin Republicanseko programa zuzendariak BERRIAri. Gainera, Don't ask, don't tell (Ez galdetu, ez kontatu) legea baliogabetzeko egin duen esfortzua «etsigarria» izan dela salatu du, eta administrazio federaleko langileen artean diskriminazioa debekatzeko hitzemandako gobernu agindua sinatu ez izana egotzi dio presidente demokratari Pickek.

Bestalde, Romneyren jarrera ere kritikatu du ekintzaile errepublikanoak, eta ohartarazi du ezkontzaren zein elkartze zibilaren kontrako jarrerak «arriskuan» jartzen duela kontserbadoreak bozak irabazteko duen aukera, «batez ere boto-emaile moderatuen, emakumeen eta gazteen artean». Ezkontza bakarrik gizon baten eta emakume baten arteko lotura dela azaldu du Romneyk. Barne gatazka sortu arren, elkartearen lana «Alderdi Errepublikanoa barrutik aldatzea» dela azaldu du Pickek.

AEBetako gay eta lesbianen eskubideen aldeko elkarte gehienek, baina, itxaropenez hartu dute Etxe Zuriaren jarrera aldaketa. «Beti defendatu dugu ezkontza askatasuna, hori ukatzeak lesbianen, gayen eta haien seme-alaben osasunean kalteak eragiten dituelako», esan du Hector Vargas-ek, GLMN Gay eta Lesbianen Mediku Elkarteko zuzendariak.

GLASS AEBetako Senatuko Langile Gay, Lesbiana eta Aliatuak erakundeko zuzendari Mat Yougek ere berba egin du: «2004an sortu ginenetik urruti iritsi gara, eta harro gaude gaur Senatuan normal lan egiten dugulako. Alderdi biko taldea izanik, uste dugu politikaren gainetik egon behar litzatekeela LGBT komunitatearentzat erabateko berdintasuna».

Apustuaren arriskuak

Ezkontza homosexuala babestu izana ondo neurtutako apustua izan arren, arriskuak ere izan ditzake presidentearentzat. Adierazpenaren osteko 90 minutuetan milioi bat dolar jaso zituen demokraten kanpainak, eta beste 15 milioi bi egun geroago; The New York Times egunkariak eta CBS kateak egindako azken inkestak, ordea, Obamaren aurretik jarri du Romney, hiru punturen aldearekin. Gorabehera asko izan daitezke sei hilabetean, baina bi presidentegaien arteko tartea estua izanik, garrantzitsua izan daiteke gai honengatik batak zein besteak gal edo irabaz dezakeen boto kopurua.

Ezkontza homosexualaren aldeko joerak gora egin badu ere, AEBetako gizartea zatituta dago gai honen inguruan, eta baita 2008an Obamaren hautesle izan zirenak ere. The New York Times egunkariaren azken inkestaren arabera, herritarren %38 daude sexu bereko bikotekideen ezkontzak legeztatzearen alde (%22 ziren 2004an), %24 gay eta lesbianen arteko elkartze zibilaren alde (%33 ziren 2004an), eta %33 gay eta lesbianen arteko edozein harreman legez kanpokotzat jotzearen alde (%40 ziren 2004an).

Demokraten beldur nagusia hispanoen eta beltzen artean botoak galtzea da, komunitate horietan, oro har, ezkontza horien kontra baitaude. Halere, hasi besterik ez da egin kanpaina, etaikusteko daude ondorioak. Justizia Beltzaren Koalizio Nazionaleko buru Sharon Lettman-Hicksek, adibidez, Barbara Jordan eskubide zibilen aldeko ekintzaile historikoarekin erkatu du Obama, eta «nazioko lehen presidente beltza» lider kementsuaren eredutzat jarri du.

Gaur, hain zuzen ere, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. ILGA Nazioarteko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak gogorarazi du munduan hamar herrialdetan soilik onartzen dituztela sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak, 78 estatutan legez kanpokoa dela homosexualitatea, eta bost herrialdetan heriotza zigorra ekar dezakeela.

AEBetan, gaur egun, soilik zortzi estatutan ezkon daitezke homosexualak, eta errealitatea ez da batere aldatuko presidentearen adierazpen historikoaren ostean. ABC telebista katean egindako elkarrizketan Obamak argi eta garbi laga zuen gay eta lesbianen arteko ezkontza legeztatzearen eskumenak estatuen esku jarraituko duela aurrerantzean ere. The Economist astekariak goiburu gogor eta zuzena argitaratu zuen presidenteak egin eta biharamunean, haren mezuaren balioa interpretatuz: «Ona Obamarentzat, txarra gayen ezkontzentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.