Inoiz gertatu gabea zen Ekuadorren atzo gertatutakoa: baliogabetu egin zituzten presidentetzarako hauteskundeetako botoen %16,29. Eskuineko hautagai Guillermo Lasso izango da presidentea, Andres Arauzi bost punturengatik irabazi ondoren.
Yaku Perezek eskatu zien jarraitzaileei boto baliogabea emateko. Pachakutik mugimendu indigenistaren hautagaia zen Perez, eta otsailaren 7an eginiko lehenengo itzulian «iruzurra» egin zutela salatu du. Helegiteak jarri zituen, baina hauteskunde batzordeak ez zuen onartu zenbait barrutitan botoak berriz zenbatzeko eskaera. Ondorioz, Perez bigarren itzulitik at utzi zuten.
Atzo, Azuay herrialdeko bozkaleku batean eman zuen botoa Perezek: bi hautagaien izena zuen paperaren gainean, hizki gorriekin mezu bat idatzi zuen: Yaku, erresistentziaren presidentea. Antzeko gauza egin zuten beste 1.676.124 boto emailek. Horiek guztiak baliogabe gisa zenbatu zituzten. Normalean, baliogabeko botoa %9aren bueltan egoten da Ekuardorko hauteskundeetan, 2006an, %11,80 izan bazen ere.
Ikusteko dago orain zenbateraino hartuko duen kontuan indigenisten indarra Lassoren presidentetzak. «Egun historikoa da gaur, ekuadortar guztiek euren etorkizuna erabaki duten eguna», esan du Lassok. Bost bat puntu atera dizkio Arauz hautagaiari. Gaineratu duenez, herritarrek «aldatzeko beharra» adierazi dute.
Arauzek Lassoren gariapena onartu du, baina «estropezu» gisa definitu du, ez «porrot politiko» gisa. Rafael Correaren hautagaia zen Arauz. Hamar urtez izan zen presidente Correa, 2017ra arte, eta haren politikekin jarraitzeko asmoa zuen Arauzek. Esan duenez, adi egongo dira «estatua ez dezaten erabil pribilegiodun bakan batzuen mesedetan».