@:Vilniusko Unibertsitateko Nazioarteko Harreman eta Zientzia Politikoetako Institutuko irakaslea da Vilpisauskas. Lituaniari EBra egokitzeko gauza gutxi falta zaizkiola dio.
Sei hilabete barru, EBn izango da Lituania. Nola ikusten duzu?
Arlo gehienetan prest dago EBko kide izateko, bereziki ekonomia kontuetan. Inportazio zergak, adibidez, merkeagoak dira EBko batez bestekoarekin alderatuta. Beraz, Lituania atzerriko merkataritza arloan irekiagoa da EB baino. Lehiakortasuna handia da dagoeneko herrialdean. Soilik nekazaritza gaietan daude murrizketa batzuk. Esportazioen erdia ere dagoeneko EBra egiten dira. Hobetu beharreko alor nagusia ahalmen administratiboa da; gure interesak koordinatu eta ordezkatzea EBko erakundeetan. Orain berregituratzen ari gara instituzioak eta erabakitzen nor izango den Europako gaietarako arduraduna. EBko arauak praktikan ezartzea da beste egitekoa; uste dut enpresak ez daudela ongi informatuta egin behar dituzten aldaketez. Horrek arazo batzuk sor ditzake, baina, oro har, Lituania prest dago Europako Batasuneko kide izateko. @:Nekazaritza eta langabezia ere oztopoak dira?
Atal horiek garrantzitsuak dira, batez ere nekazaritzarena. Lituaniako nekazaritzan baserri txikiz osatutako sistema da nagusi eta EB ematekoa den diru laguntza handiek jendeak nekazaritzari eustea eragin dezake, bestelako lanbide bat bilatu beharrean. Hala ere, nekazariak ez daude ongiegi prestatuta EBren laguntza lortzeko. Adibidez, osasun araudiak eta beste betetzea. Beraz, auzi garrantzitsuei egin beharko diete aurre, bereziki nekazari txikiek. Baina, hori arazo soziala da ekonomikoa baino gehiago. Dena den, langabezia handiagoa eragin dezake landa guneetan. @:Oposizio kontserbadoreak presidenteari dimititzeko eskatu dio, «mafia diktadura» ezarri nahi duela leporatuta. Zein eragin izango du auziak?
Goizegi da esateko nor den erantzulea, presidenteak berak edo bere aholkulariren batek talde kriminalekin loturak izan ditzaketen atzerriko enpresekiko lotura duten. Prozesu honen amaiera edozein izanda ere, ez dut uste EBren bat-egitean ondoriorik izango duenik, ia automatikoa izango baita. @:Zein harreman izango dituzte Baltikoko estatuek Errusiarekin geroan?
Gure posizio geografikoarengatik seguraski Baltikoko estatuek, Poloniak eta agian Eskandinaviako EBko kide batzuek Errusiarekin harremanak bultzatuko dituzte, balio demokratikoen errespetuan oinarrituta. EB eta Errusiarekiko harremanak sendoagoak izango direla uste dut eta beste estatu batzuk ere interesatuta egongo direla horretan. Baltikoko estatuek lagun dezakete EB eta Errusiaren arteko konfiantza handitzen. @:Nola konponduko da Kaliningraden auzia?
Beno... konponduta dago. EBko lurraldeez inguratuta egongo da, bai. Baina, Errusiarena da eta errusiar izaten jarraituko du. EBk erabaki beharko du merkataritza eta bestelako aktibitateei ekingo dien Errusiarekin. Aukera bakarra da Kaliningrad EBn integratuago egoteko. @:Orain arte emigrazioa ohikoa izan da Lituanian. EBn sartzeak egoera aldatuko du?
Hasieran emigrazioa handituko dela iruditzen zait. Dena den, ez dut uste aldaketa handirik egongo denik, lan bila Lituaniatik joan nahi zuen jende asko jada kanpoan dagoelako.
«Baltikoko estatuek lagun dezakete EBren eta Errusiaren arteko konfiantza handitzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu