Ban Ki-moon: «Munduan goseak daudenen kopurua handitzeko arriskua dugu»

Elikagaien prezioen igoerak eragindako krisiari aurre egiteko larrialdiko ekintza plana onartu dute Genevan

Kristina Berasain Tristan.
2008ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Aspaldian zegoen piztuta argi gorria, baina nazioarteak denbora behar izan du hura ikusi eta neurriak hartzeko. Aspaldian ari ziren «tsunami isilaz» mintzatzen, baina nazioarteak denbora behar izan du gose direnen ahotsa entzuteko. Oinarrizko elikagaien prezioen igoerak luze gabe ehun milioi laguni eragin diezaioke, eta krisiak jada bete-betean eragin die 37 herrialderi. Istiluak eta protestak ere izan dira hainbat herrialdetan, eta hildakoak izan dira tartean-Kamerunen 40, Haitin sei, Mozambiken sei, Egipton bost eta Boli Kostan bi-. Argi gorria ikusi eta «tsunami isila» entzun ondoren, premiazko ekintza plan bat onartu du nazioarteak krisiari aurre egiteko.

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak 1.600 milioi euro eskatu dizkio nazioarteari «mundu mailako» krisiari aurre egiteko. Bere hitzetan, inoiz ez bezalako erronka da eta, emaileei eskatutako funtsak «azkar» jaso ezean, arriskua handia da: «Inoiz ez bezalako istiluak sortzeko eta munduan goseak daudenen kopurua handitzeko arriskua dugu». Oinarrizko elikagaiak eta hauek banatu ahal izateko erregaia erosteko baliatuko dira 500 milioi euro. Beste 1.100 milioi euroak, berriz, baliabide eskasak dituzten herrialdeetara bideratuko dira. Haziak, ongarriak eta abereentzako elikagaiak erosiko dira diru horrekin herrialdeek beren kabuz egoerari aurre egiteko bitartekoak izan ditzaten.



NBE-KO 27 AGENTZIAK BATERA. Genevan (Suitza) bi egunez bilduta egon ondoren larrialdiko lan talde bat eratu dute NBEk eta Munduko Bankuak. Orotara nazioarteko erakundeko 27 agentziek hartu dute parte aurreneko aldiz krisiaren aurrean neurriak hartzeko estrategiak bideratzea xede zuen bilkuran. MEP Munduko Elikadura Programa, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea, Merkataritzako Munduko Erakundea dira, besteak beste, bileran parte hartu duten erakundeak.

Christiane Berthiaume MEPko bozeramaileak berriki esan zuen 2.100 milioi euro behar zituztela munduko 80 herrialdetako 73 milioi lagun elikatzeko, bestela «neurri mingarriak» hartu beharko zituztela.Erakundeak egun duela sei hilabete baino ehun milioi lagun gehiagori banatu behar die giza laguntza.

Munduko Bankuak kinka larrian dauden herrialdeen eskura finantzaziorako bitartekoak jarriko ditu. Afrikara bideratutako nekazaritza kredituak berriz 500 milioi eurokoak izango dira. Robert Zoellick Munduko Bankuko zuzendariaren hitzetan datozen asteak «kritikoak eta erabakigarriak» izango dira.

Epe motzean neurriak hartuz gero krisia epe luzera begira milioika lagun miseriatik ateratzeko aukera izan daitekeela uste du Ban Ki-moonek: «Elikagaien mundu mailako krisiari aurre egiteko gai garela ziur naiz. Baliabideak ditugu. Ezagutza dugu. Badakigu zer egin behar den. Beraz hau ez genuke soilik arazo bezala ikusi behar baizik eta aukera bat bezala ere».

NBEko idazkari nagusiaren arabera, ezin daiteke esan krisiak faktore bakar batek eragin duenik. Mezu horretan indarra jarri dute nazioarteko ordezkariek eta arrazoiak ugariak direla berretsi dute: petrolioaren prezioaren igoera, elikagaien eskaeraren hazkundea, merkataritza politika okerrak, aldaketa klimatikoa eta bioerregaien ekoizpena. Azken hau da, adituen iritziz, krisiaren eragile nagusia eta, ildo horretan, nazioarteak abian jarritako ekintza planean bioerregaien ekoizpena murrizteko neurririk hartu ez izana salatu dute. Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak krisiaren «arazo estrukturalak» konpontzeko deia egin dio NBEri. Bioerregaien ekoizpena murriztu ezean 2025. urtean munduan 600 milioi lagun gehiago gosez izango direla ohartarazi du erakundeak.



«GIZATERIAREN KONTRAKO KRIMENA». Jean Ziegler Elikaduraren Eskubiderako Nazio Batuen Erakundeko ordezkari bereziaren arabera, bioerregaien ekoizpena «gizateriaren kontrako krimena» da. NDF Nazioarteko Diru Funtsaren «politika lotsagarriak» ere gogor salatu ditu Zieglerrek. Espekulazioari aurre egiteko kontrol neurririk ezarri ez izana ere begi txarrez ikusi dute nazioarteko adituek.

Europako Batzordearen arabera, bestetik, aurten ez da arroza urritasunik izango nahiz eta onartu duen arrozaren prezioa inoiz baino altuagoa izango dela. Arrozaren prezioa lau astetan bikoiztu egin da. Tona bat arroz 255 eurotan erosi zitekeen duela hilabete bat eta egun, berriz, 650 euro behar dira kopuru bera erosteko. Europak kontsumitzen duen arrozaren %66 ekoizten du. Urtean 2,7 milioi tona ekoizten ditu eta 739.000 tona inportatzen ditu. Arroza ekoizten duten herrialdeek, baina, esportazioak murriztu egin dituzte azken aldian barne eskaera bermatzeko. India, Vietnam, Egipto, Kanputxea eta Brasil daude herrialde horien artean. Merkatua orekatu egingo dela uste du EBk. -Europako sendiek, batez beste, aurrekontuaren %10 bideratzen du elikadurara; garapen bidean diren herrialdeetako sendiek, berriz, aurrekontuaren %90-.

Ekainaren 3tik 5era izango dute hurrengo hitzordua Erroman (Italia). FAOren goi bilera egingo dute orduan eta elikagaien krisia izango dute berriz ardatz. Ordurako indarrean beharko dute izan orain agindu dituzten neurriak, goseak egunero hiltzen baitu. Urtean 3,5 milioi haur hiltzen dira munduan malnutrizioagatik.



ZenBaKIa

%130

Iazko martxotik aurtengo martxora elikagaiak zenbatean igo diren.

Garia:%130

Soja:%87

Arroza:%74

Artoa:%31





«Gosearen arazoa ekonomikoa ez ezik etikoa eta morala ere badela ulertu behar dugu»

margarita flores FAOren Latinoamerika eta Kariberako bulegoko arduraduna
Jada «ikaragarria» den egoerak okerrera egingo duen beldur da Flores; urte asko egin ditu nekazaritza politikak ikertzen, eta gauzak gaizki egin direla uste du.
arantxa elizegi

Elikatzeko eskubidea oinarrizko eskubideetako bat da. Hala jasotzen da NBE Nazio Batuen Erakundeko Itunean, baina herrialde askotan jendea gosez hiltzen da. Hori politika ezegokien ondorio dela uste du Margarita Flores (Mexiko) FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko Latinoamerika eta Kariberako bulegoko arduradunak. Floresek ezagutzen ditu gosearen ondorioak; gertutik jarraitu du Haitin gertatutakoa. Han sei lagun hil ziren oinarrizko elikagaien garestitzeak eragindako protestetan.

NBEren arabera, mundua 12.000 milioi lagun elikatzeko gai da. Orduan, zergatik hiltzen da jendea gosez?

Elikagaiak eskuratzeko aukera bermatzeaz hitz egiten dugunean, produkzioaz ari gara, baina baita eskuratzeko ahalmenaz ere; elementu horietako batek huts egiten duenean agertzen da gosea. Ia beti egon dira goseteak, baina elikagai eza ez da beti arrazoia. Egungoa esaterako, elikagaien prezioak eragin du. Garestitzea, neurri batean, duela bi urte gutxiago ekoiztu zelako gertatu da. Horrek nazioarteko erretserbak murriztea eragin zuen, eta merkatuetan alarma piztu eta prezioak igotzea. Horrek oinarrizko elikagairik gabe utzi ditu herritar pobreenak. Produkzioa egon badago, baina pobreenek ezin dute eskuratu.

Herrialde aberatsek hartu duten lehen neurria esportazioak murriztea izan da, elikagaiak gehiago garestituz.

Esportazioez ari garenean, kontuan hartu behar dugu eskaera ere hazi egin dela azken urteetan. Txina eta Indiaren kasuan esaterako, lehen esportatzaile handiak ziren, baina egun, gaiak erosi behar dituzte, barne eskaerari erantzuteko. Bestetik, hainbat herrialdek bioerregaia ekoiztera bideratu dute produkzioaren zati handi bat; horren adibide dira AEBak.

Datu ofizialen arabera, goseak ezegonkortasuna eragin dezake 40 herrialde ingurutan; horietatik bost Hego Amerikakoak dira. Zein da egun egoera?

Latinoamerikan egoera bereziki zaildu da natur hondamendiek kalteak eragin dituzten inguruetan. Uholdeek, esaterako, Bolivia eta Ekuadorren eragin dituzte kalte gehien. Haitiko egoera ere bereziki larria da, herrialdea lehendik ere pobrea zelako. Han esku hartu behar izan dute FAOk eta Munduko Elikagai Programak. Han, eta beste toki askotan protestak egin dituzte, prezioen garestitzea dela eta. Bolivia, Argentina eta Peru adibide batzuk besterik ez dira.

III. Mundu Gerraz hitz egiten duenik ere bada. Horren larria da?

Egoera oso zaila da. Urte luzez prezioak baxuak izan dira, eta tarte horretan askok ekoizteari utzi diote lehiatu ezin zutelako. Garai horiek baliatu behar genituen produkzioa bultzatzeko. Nekazari txikientzako laguntzak bultzatu behar ditugu, salerosketan parte har dezaten; eta aldi berean, gizartean esku hartu krisia saihesteko.

Nekazarientzako laguntza gehiago bideratzeak krisia konponduko du?

Garatzeko bidean dauden herrialdeetan batez ere, herritarrak nekazaritza eremuetatik hirietara doaz. Hori bera gertatu zen Europan ere. Orduan EBko herrialdeek jasotako laguntza berak behar dituzte egun garatzeko bidean daudenek. Bestalde, herrietan nekazaritza bultzatzen ari da FAO. Horrek beraientzat adina elikagai ekoizteko aukera ematen die familiei, eta, ondo bidean, baita soberakinak merkatuan saltzeko ere. Horretarako aholkularitza eta laguntza teknikoa behar dituzte, baina laguntza hori merkea da oso, eta beraz, bideragarria.

Badira oinarrizko elikagaiekin espekulatuz aberastu direnak ere.

Ikaragarria da gertatzen ari dena. Herrialdeetako finantza merkatuek harreman estuak dituzte euren artean, egin behar duguna da neurriak hartu prezioak horrenbeste igo ez daitezen. Berriz aztertu beharko litzateke nazioarteko politika ekonomikoa.

Dohako erronda edo Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak laguntzen die garatzeko bidean daudenei?

Gaia nahiko zaila da. Negoziazioak bertan behera geratu ziren horregatik, alegia, garatzeko bidean daudenen eskubideak bermatuta ez zeudelako. Beraz, hau aukera ona izan daiteke elkarrizketak berriz abiatzeko. Guztien interesak bermatuta ez badaude, zail da akordioak lotzea.

Goi bileran, krisia amaitzeko elkarlanean aritzea adostu dute NBEk eta Munduko Bankuak. Uste duzu aurrerapausoa dela?

Elkarlana bultzatzea oso garrantzitsua da. Prozesu horretan bi bide hartu behar ditugu kontuan: batetik elikagaiak merke dauden aroaz baliatzea ekoizpena bultzatu eta nekazariei laguntzeko, ez daitezen izan enpresa handiak bakarrik irabaziak dituztenak; eta bestetik, gizartea babesteko neurriak hartzea.

FAO ekainaren hasieran da biltzekoa Erroman, baina zein helbururekin?

Elikagaiak eskuratzeko aukera bermatzeko egin beharreko urratsak aztertu, eta klima aldaketak eta bioerregaiek uztetan duten eraginaz arituko dira.

Zeintzuk dira, beraz, elikagaien krisia amaitzeko nazioarteak eman behar dituen pausoak?

Gosearen arazoa, ekonomikoa ez ezik, etikoa eta morala ere badela ulertu behar dugu. Giza eskubideen itunean jasotzen da elikadura oinarrizko eskubidea dela. Horregatik diot arazoa etikoa dela. Ondorioz, nazioarteak neurriak hartzen dituenean kontsumitzaileengan ere pentsatu behar du, ez bakarrik ekoizle handiengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.