siria

Ban Ki-moon: "Siriako egoera onartezina da eta berehala geldiarazi behar da"

NBEko idazkari nagusiak gobernuari eskatu dio bakea bermatzeko bidalitako misioa babesteko. Atzo oposizioak esan zuen gobernuko indarrek 462 lagun hil dituztela behatzaileak heldu zirenetik. Damaskok "terroristei" egotzi die herenegun Haman izandako erasoa.

2012ko apirilaren 27a
17:08
Entzun

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gaur igorritako ohar batean Siriako Gobernuari eskatu dio "atzerapenik gabe" Kofi Annan Siriarako bitartekariaren bakerako plana betetzeko. "Egoera onartezina da eta berehala geldiarazi behar da", esan du. Plana apirilaren 12an sartu zen indarrean.

Idazkari nagusiak nabarmendu du indarkeriaren eta hilketen inguruan iristen ari zaizkion informazioak "asaldagarriak" direla. Atzo oposizioak salatu zuen gobernuko segurtasun indarrek 462 lagun hil dituztela bake egiaztatzeko behatzaileak Siriara heldu zirenetik.

"Tropak eta armak erretiratzeko hartu zuen konpromisoa urratzen ari da", adierazi du gobernuari erreferentzia eginez. Horrekin batera, Siriara bidalitako behatzaileen misioa "eraginkorra" izan dadin bermatzeko eskatu dio.

Herenegun Hama hirian izan ziren erasoen inguruko bertsio kontrajarriak izan dira. Oposizioak salatu du armadak misil bat jaurti zuela,eta Damaskok "terroristei" egotzi die erasoa.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.