Elkarrengandik metro gutxira bizi dira, bai biktima, bai borreroa. Emakumea, tutsia; gizona, hutua. Emakumeak senarra galdu zuen Ruandan 1994an izandako genozidioan. Gizona izan zen haren hiltzailea. Orain, Laurance Mukaremera eta Thacien Nkundiye bizilagunak dira. Berriro ere bizilagunak, sarraskiaren aurretik ziren bezala. Eta, ziurtatu dutenez, lagunak ere bai.
Barkamen kontuetan, denbora erlatiboa da. Hemezortzi urte nahikoa denbora izan daiteke, baina hutsa izan ere bai. Maiz, mila muinoen herrialdean izandako moduko gertaera lazgarriak direnean tarteko, zauriak ez dira ixten, eta barkamenik ez da etortzen sekula. Hala ere, gaur egungo Ruandan, tutsiak eta hutuak elkarrekin bizi dira, harmoniaz bizi ere, itxura batean. Dirudienez, «denok gara ruandar» eslogana, zeina genozidioaren ondorengo gobernuen mantra izan den, bete-betean barrendu da gizartean. Baina barkatzea barru-barruragoko kontua da. Ez horren agerikoa.
Mukaremera liraina da. Ez du esan zein adin duen, baina, itxuraz, berrogei urteak ondo beteak ditu. Soilak ditu manerak; kolorez beteriko tunika bat darama, eta ilea, berriz, turbante baten modura lotutako zapi luze baten azpian. Mbyo herrixkako banku txiki batean eserita, Nkundiyeren ondo-ondoan, bere istorioa kontatu du.
Genozidioaren aurretik ere, eskualde horretantxe bizi ziren biak, Nyamatako eremuan. Mukaremera ezkonduta zegoen. «Thacien nire seme-alabaren baten aitabitxia ere bazen, baita ni harenen amabitxia ere. Bizilagun ona zen», azaldu du. Baina genozidioa hasi zenean, horrek ez zuen axola izan. Bizilagunen etxera jo zuen Nkundiyek, eta familiako aita hil. «Tutsiak hiltzen nituen, eta neuretzat hartzen nituen haien ondasunak». Afrikako herrialde txiki horretako odol orgiak ehun egun iraun zuen, eta halaxe gogoratzen ditu adin ertaineko eta begirada sakoneko gizon horrek: hotz.
Bestea desnaturalizatzeko bide horretan, zerikusi handia izan zuten komunikabideek; bereziki, Radio Television des Milles Collines delakoak. Beldurra zabaldu zuen gehiengo hutuaren artean, eta adierazi zuen tutsiak desagerraraztea zela irtenbide bakarra. Nkundiyek azaldu duenez, «tutsiak hiltzen ez bazenituen, hiltzeko arriskua zenuen», erreboltari tutsiei «laguntzeagatik akusatuta». Hainbat hilabetean jorratua zen gorrotoa. 1994ko apiril eta ekain bitartean, 800.000 pertsona baino gehiago hil ziren aihotz eta borra kolpez.
Mukaremerak ihes egitea lortu zuen. «Aste ugari eman nituen basoan ezkutatuta. Ezin nintzen etxera itzuli. Azkenean, lortu nuen herrialdetik atera eta Burundira igarotzea. Baina hango bizimodua ere gogorra zen, eta genozidioa bukatu zenean Ruandara itzuli nintzen», azaldu du.
Ruandako sarraskiak honela amaitu ziren: hutuen armadak eta talde paramilitarrek militarki galdu zuten tutsien armadaren kontra —Ruandako Fronte Abertzalea (RPF)—. Erreboltariek Kigali kontrolpean hartu zutenean, botere hutu izenekoaren buruek ihes egin zuten herrialdetik, mendekuen beldur ondoko herrialdeetara ihes egin zuten bi milioi pertsonen artean ezkutatuta.
Genozidioa bukatu eta berehala, batasun gobernu bat sortu zen, RPFk gidatua, eta gobernu horrek herrialde suntsitu bat aurkitu zuen. Orduan, haren lehentasuna herrialdea berriz eraikitzea izan zen, eta horrek, hasieratik ondo ulertu zuten moduan, honako hau eskatzen zuen: herritarrek —hutuak gehienak, alde izugarriz— bakeak egitea.
Mukaremera itzulia zen bere eskualdera. Haren etxea suntsituta zegoen; hortaz, Kongora ihes egindako familia baten etxean jarri zen. «Lehen urteetan, biktimak egon ginen hemen, bakarrik. Kriminalak atxilotu egin zituzten, eta espetxera bidali». Ehunka milaka pertsona zain zeuden, noiz epaituko zituzten; horien artean, Nkundiye.
«Kalkulatu genuen Mendebaldeko justizia sistema erabiliz gero ehun urte beharko genituela atxilotu guztiak epaitzeko», azaldu du Tharcisse Karugarama Justizia ministroak. «Baina, gainera, justizia unibertsala ordainezkoa da. Guk errudunak zigortu baino gehiago egin behar genuen. Sistema bat behar genuen, zigorrak jarri ez ezik, nazioa adiskidetuko eta kohesio soziala ekarriko zuena». Horrela, gobernuak gacaca direlakoak martxan jarri zituen berriro, egiaren eta barkamenaren inguruko herri auzitegi batzuk. Pertsona batek egindako krimenak aitortu eta jendaurrean barkamena eskatuz gero, kondena txikiagotzen zioten.
Hamar urtez gatibu egoteko zigorra jarri zioten Nkundiyeri: zortzi urte espetxean eman behar izan zituen, eta beste biak, komunitateari zerbitzuak ematen.
Adiskidetze praktikoa
«Orain, pertsona bakarra bagina bezala bizi gara. Gaixotzen banaiz, hark zaintzen nau: ospitalera eramaten nau, bisitan etortzen da, jana ekartzen dit etxera... Elkarrekin bizi gara, harmoniaz», ziurtatu du Mukaremerak, eta Nkundiyek baietz esan die haren hitzei, buruarekin. Aldaketa hori Prison Fellowship GKEari esker izan da, neurri handi batean. Eliza protestanteari lotutako erakunde bat da, eta genozidioa bukatu eta urtebetera sortu zen, biktimei eta borreroei laguntza psikologikoa emate aldera adiskidetzeko prozesu horretan.
«Presoak prestatzen ditugu barkamena eska dezaten, damutu daitezen eta genozidio hartan egin zutenaren erantzukizuna onar dezaten», azaldu du Deo Gashagaza artzainak, GKEaren sortzaile eta arduradun batek. Horrez gain, aldi berean, biktimak prestatzen dituzte borreroekin berriz elkartzen direnerako, hori baita prozesuaren zatirik gorena.
«Ikusi nuen lehen aldian, gaizki sentitu nintzen. Nire etxean hartu nuen, eta esan beharrekoa aditu nion, baina ez nengoen pozik. Barkamena eskatu zidan egindako krimenengatik, baina ez nion kasurik egin. Bizi izandakoaren oroitzapenekin borrokan nuen oroimena, eta beldur nintzen ez ote zen berriz ere gertatuko», azaldu du Mukaremerak. Nkundiyek ere —2005ean betea zuen bere kondena— bazuen izurik. «Preso izandakoak eta bizirik irtendakoak lehen aldiz parez pare eseri ginenean, uste genuen mendeku hartuko zutela».
Urte hartan bertan, 2005ean, Prison Fellowship erakundeak Adiskidetze Praktikorako Komunitateak programa martxan jarri zuen. Mukaremerak honela azaldu du: «Artzainek azaldu ziguten preso izandakoek ere, geuk bezalaxe, galduak zituztela euren etxeak, suntsituak zeudela. Beraz, eskaini ziguten denok batera biziko ginen komunitate berri batean egitea etxeak».
«Jendeari galdetzen genionean: 'zergatik parte hartu zenuen genozidioan?', maiz erantzuten ziguten pobreziagatik parte hartu zutela, eta horregatik sortu genituen adiskidetzeko herrixka horiek. Hutuen buruek esan zieten tutsiak hiltzen bazituzten haien etxe eta ganaduez jabetu ahal izango zirela... Pentsatu genuen komunitatean elkarrizketak antolatzen jarraitzeaz gain irabaziak lortzera ere animatu behar genituela, produzitzera», azaldu du Gashagaza artzainak. Horrela, herrixka horietan biktimak eta borreroak elkarrekin bizi dira, eta, gainera, kooperatiba gisa, jarduera ekonomiko ugari egiten dituzte, nekazaritza eta abeltzaintza arloan batez ere.
Bai Mukaremera eta bai Nkundiye komunitate berrian sartu ziren. «Goizero, agurtu egiten ninduen. Egun batean, etxera etorri zen berriz. Ongietorria egin nion, eseri egin ginen, eta hizketan aritu ginen. Esan nion ezin niola barkatu ez nintzelako ni haren krimenen biktima bakarra; bizirik irtetea lortu zuten besteez mintzatu nintzaion. Esan zidan hitz egin zuela haiekin ere. Orduan konturatu nintzen bene-benetan ari zitzaidala barkamen eske», kontatu du Mukaremerak. «Bi hilabete behar izan nituen hari barkatzeko prest egoteko».
Mukaremerak erabakia hartu zuen, eta seme-alabei deitu zien. «Azaldu nien hark hil zituela gure senideak, baina baita damututa zegoela eta barka eske zebilela. Ulertarazi nien beharrezkoa zela hari barkatzea».
«Barkatzea bidaia bat da, prozesu bat», ziurtatu du Gashagazak. «Ezin diegu biktimei eskatu lehen egunean barka dezatela. Baina barkatzeak lagundu egiten dio bai biktimari, bai hiltzaileari. Izan ere, horri esker, biktimak aurrera begira dezake azkenean», gehitu du artzainak. Haren erakundeak sortuak ditu adiskidetze praktikorako beste lau herrixka.
Ruandako genozidioa
Barkamenarekin bizi
Laurance Mukaremera eta Thacien Nkundiye bizilagunak dira berriro, Ruandako 1994ko genozidioaren aurretik bezala; biktima eta borreroa, egunero elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu