Basakeriaren neurria argituz

AEBek Guatemalan egindako mediku esperimentuetan 83 lagun hil zirela dio ikerketa batzordeak

mikel rodriguez
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Uste dugu hildakoak 83 izan zirela. Ez dakigu zehazki heriotza horiek zuzenean edo zeharka lotuta zeuden esperimentuekin». Stephen Hauser zientzialariak jakinarazitakoa da, AEBek Guatemalan 1940ko hamarkadan egindako mediku esperimentuen inguruan. Bioetika Ikerketarako Batzorde Presidentzialak Washingtonen egindako seigarren bileraren konklusioetako bat da hori. Biktimen inguruan ere, ikerketa batzordeak argi dio esperimentuek haien osasunarengan izanen zuen eraginaren inongo berririk ez zutela. «Esperimentuen biktimei, zientzialarien komunitateari eta, oro har, nazioarteari iruzur egiteko ahalegin argia egon zen». 2010eko urrian AEBek gertatutakoa onartu zutenetik, basakeriaren neurria argituz doa, baina Guatemalan bi aldarrikapen zehatz egin dituzte: esperimentu horien azken erantzukizuna nork zuen argitzea eta biktimei kalte-ordainak ematea.

Esperimentuak 1946-1948 artean egin zituen AEBetako zientzialari talde batek. Ikerketa batzordearen arabera, 5.500 lagun behartu zituzten horietan parte hartzera. Horietako 1.300 zuzenean kutsatu zituzten sifiliarekin, gonorrearekin eta antzerako gaitzekin. Biktimak haur umezurtzak, buruko gaixotasunak zituzten eriak, bertze eratako osasun arazoak zituztenak, indigenak, soldaduak, prostitutak eta ikasleak izan ziren. Hau da, babes sozial eskasa zuen jendea.

Esperimentuak NIH Osasunaren Institutu Nazionalak finantzatu zuen. AEBetako Osasun Departamentuaren agentzia bat da hori. Horregatik, Guatemalan eztabaida sortu da, esperimentuen azken erantzukizuna zientzialari taldeak edo AEBetako Gobernuak berak duen argitzerako orduan. Barack Obama presidenteak Alvaro Colom Guatemalako presidenteari telefonoz deitu zion barkamena eskatzeko, eta ikerketa batzordearen sorrera agindu zuen. Washingtonek, ordea, ez du bere erantzukizuna onartu.

Erantzukizunaren muga

Ikerketa batzordeak ere ez du hori argitu. Esperimentuarekin zerikusia izan zuten guztiak hilda daudela zehaztu du. John Charles Cutler medikua izan zen burua—2003an hil zen—. Guatemalako El Periódico egunkariak honako galdera egin du: «Cutler eta bere taldeak mundu guztiari, AEBei barne, gorde al zioten egiten ari zirena? Edo establishment zientifikoaren onespena zuten?». El Periódico-ren arabera, ikerketa batzordeko adituak ez dira ados jarri, eta bi bertsio nagusi daude. Alde batetik, Cutler «kontroletik at» zegoela diotenak. Horien arabera, Guatemalan «mugarik gabe» egin ahal izan zituen esperimentuak, Washingtonen kontroletik urruti zegoelako.

Bertsio horren aurkariek, ordea, nabarmendu dute ikerketari gobernuaren batzorde batek eman ziola onespena eta diru publikoa jaso zuela. Adituetako baten ustez, gainera, AEBek interes berezia zuten eritasun benereoak ikertzeko, mundu osoan 11 milioi soldadu baitzituzten mobilizatuta —Bigarren Mundu Gerraren ondorena zen—.

Prensa Libre egunkariak ere azken erantzukizunaren inguruko zalantzak agertu ditu. «Esperimentuak egin zituztenek garbi zuten horiek ezin zituztela AEBetako lurretan egin, herritarrengan eta komunitate zientifikoan berehala sortuko ziren kexen ondorioz. Horregatik, nolabait ere Guatemalan egiteko baimena lortu zuten». Medikuntza gaietan AEBek atzerrira begira edukitako jarrera ilunaren adibide bat paratu du Prensa Libre-k. «Merezi du oroitzeak esperimentuak egin eta urte anitzetara, oraindik,AEBetako zenbait botikek etiketa bat zutela soilik esportaziorako zirela adierazteko, segurtasun probak gainditu ez zituztelako».

Kalte-ordainei dagokionez, berriz, ez dago deus argirik. Amy Gutmann ikerketa batzordeko presidenteak adierazi du urte honen amaierarako aurkeztuko duten txostenean biktimei ordaintzeko «gomendioa» eginen dutela. Guatemalako presidenteorde Rafael Espadak ere ez du zehaztu biktimek inolako kalte-ordainik jasoko duten. Guatemalako ikerketa batzordeko burua da Espada, eta agerraldia egin zuen atzo. Esperimentuetatik bizirik atera ziren bortz laguni probak eginen dizkietela, «ondorioak» dituzten ikusteko. Guatemalako ikerketa batzordeak heldu den urrian aurkeztuko du azken txostena, biktimei egindako analisien emaitzekin batera. Gaur egun 84-85 urte artean dituzte bortz lagun horiek.

Baina, esperimentuan zuzenean kaltetutako biktimez gain, zeharkakoak daude. Hau da, lehenbizikoen ondorengo izateagatik edo haiekin harremana izateagatik kutsatu edo osasun arazo larriak izan zituztenak.

Aro historiko adierazgarria

Guatemalan esperimentuak egin zituzteneko aro historikoa aski adierazgarria da. Hain justu, Nurenbergeko epaiketa amaitu eta gutxira. Prozesu horretan, bertzeak bertze, naziek gerrako presoekin egindako esperimentuak epaitu zituzten. Horiek norbere baimenik gabe ezin direla egin ebatzi zuten han.

AEBek, baina, ordurako bazuten halako esperimentuetan aurrekaririk. 1932an Alabamako Tuskegee hirian beltz txiroen artean sifiliarekin esperimentatu zuten, haiek jakin gabe gaitza txertatuz. 1972an gertatu zen azken kasua. Terre Haute espetxean ere ikerketa bera egin zuten presoekin 1943-1944 artean. Cutler berberak zuzendu zuen esperimentua, baina presoei balizko arriskuen berri eman zien. Ikerketak ez zuen esperotako emaitzarik eman, eta ondoren Guatemalara jo zuen medikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.