Harea, harriak eta haizea. Tarteka, zuhaitz bakan batzuk lur antzuan. Eta zeru zabalean eguzki akigarria. Hammada. Basamortuen basamortua. Ingurumari horretan bizi dira sahararrak. Errefuxiatuta, ahaztuta eta traizionatuta. Aurki, heldu den azaroan, 35 urte beteko dituzte Tindufen. Aljeria hego-mendebaldeko eremu idor horretan ez zen beste inor bizi iritsi zirenean, eta desertu horretan mundu bat zutitu dute. Irauteko mundu bat. Eta itxarote luze horretan behin-behinekoa zena betikotzen ari da. Banan-banan zutitu zituzten kanpalekuak edo uilajak; Rabuniko aurreneko kokaguneen ostean Aaiun. Smara, Dakhla eta Auserd ondoren. Lur iharraren azpian ura dagoen badakite, gauez arretaz entzunez, eta horrek baldintzatu zuen kanpalekuen kokagunea. Dakhlako kanpalekuan 1,5 metrora dago ura, eta ura bizirik irauteko keinua da basamortuan. Uilaja bakoitza sei edo zazpi daira edo herrixketan dago banatuta, eta horien barrenean lau edo bost auzo daude. Rabuni hiriburu administratiboa da gaur egun.
Galia Larusi (20) egunsentian iratzartzen da. Aitak goizeko lehen errezoa egitera deitzen ditu seme-alabak. Emakumeek, ama tartean, lasto-buztinezko etxearen barruan errezatzen dute, eta gizonek jaimaren barruan. Orduan hasten da eguna kanpalekuetan. Faiti Dagman (57) amak aurreneko tea prestatzen du. Basamortuan bizi zen kanpalekuetara iritsi aurretik, senarra eta bi seme-alabekin, baina okupazioaren berri izan zutenean ihes egin zuten. Smarako Hausa dairan bizi da. Beste zortzi seme-alaba izan ditu bertan. «Hilabete behar izan genuen iristeko, bidean umeak nola hiltzen ziren eta bonbak nola lehertzen ziren ikusi genuen».
Exodoa
Marokok 1975ko azaroan okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Martxa Berdearen lekuko zuzena izan zen Badsula Ali (40).5 urte baino ez zituen desertua oinez zeharkatu behar izan zuenean. «Aaiunen bizi nintzen, eta bi hilabete behar izan genuen hona iristeko. Ez genuen ez jatekorik eta ez edatekorik, eta bidean bonbardatu gintuzten, Tifaritin. Izeba hil zen». Alik negar asko egin duela aitortu du. «Nire bi senarrak gerran hil dira, eta lau seme-alabekin egin behar izan dut aurrera nik bakarrik». Jaimako soketan tapakiak astintzen ari da. Goizeko hamaikak dira, eta arratsaldea bitartean mantsotu egiten da bizimodua. Gelditu ere bai. Termometroa 43 gradura iristen da egunotan, eta itzalean babesten dira sahararrak. Exodoaren garaia negu partean izan beharrean uda partean izan balitz denak hilik egongo zirela errepikatzen dute etengabe.
Bizimodu ankerra
«Bi urtaro baino ez daude hemen; uda eta negua». Iluntzen hasi da, eta berriro mugimendua suma daiteke kanpalekuetan. Mamia Sidiak (61) melfa beltza darama soinean. Uda sargorietan 57 graduko tenperaturak daudela eta negu gorrietan zero azpikoak; horixe azaltzen du ikatz koskorrak sutan jartzen ari dela. Sahararrak jatorriz beduinoak direla eta, inuitek izotzaren zuri ezberdinak bereizten dituzten moduan, eurek harea mota ezberdinak bereizten dituztela; «gorrixkagoa edo zurixkagoa, hezeagoa edo idorragoa». Bizimodua, baina, ez da samurra. «Hona iritsi ginenean hemen ez zegoen ezer. Dena eraiki behar izan genuen, eta denetarik ikasi; tapizak eta zirriak josten, jaimak egiten, idazten eta irakurtzen, eskolak ematen, emakumeak trebatzen, bai politikoki eta bai militarki. Okupazioak eta gerrak trebatzera behartu gintuen». Frontean zeuden gizonak, eta emakumeak kanpalekuetan. «Emakumea bizitza alor guztietan egon da presente, iraultzan eta erresistentzian ere». Fronte Polisarioko talde sekretuetan ari zen okupazioaren aurretik Aaiunen. «Inbasioaren unea ankerra izan zen, ahaztezina, kaleetan milaka soldadu zeuden eta dena bonbardatzen zuten». Bost seme-alabak hartu eta asto baten gainean egin zuten ihes. Oraingo kanpalekuetara iristeko tarteko beste batzuk ezarri zituzten bidean. Horiek napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu zituzten. «Gauez ibiltzen ginen, eta egunez hondarraren azpian ezkutatzen ginen hegazkinak entzuten genituenean».
Sidia Hausako emakumeen batzordeko presidentea da egun. Izarrak pizten direnean sahararrek tradizio dituzten solasaldi amaigabeen atarian dago. «Astebetez egongo nintzateke garai haietaz hitz egiten». Saharako esaera zahar batez akordatu da une horretan alboan duen laguna: «Hiltzen den agure bakoitza desagertzen den liburutegi baten modukoa da». Gaua da Tindufen.
Basamortuen basamortuan
Sahararrek 35 urte egingo dituzte aurki basamortu idorrean errefuxiatuta; izaera nomadari eusten badiote ere, betikotzen ari dira behin-behineko kanpalekuetan, eta itxarote luze horretan irauteko mundu bat zutitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu