Afrikan beste inork baino urte gehiagoan gidatu du herrialde bat Muammar Gaddafik, eta herritarren haserreak ekarri du haren agintaldiaren amaiera. Libiako matxinoek Tripoliko gotorlekuan inguratuta eduki dutenean ere ez du onartu herrialdearen kontrola galdu izana. «Herriak maite nau», zioen. Matxinoek Tunisian Zine el Abidine Ben Ali eta Egipton Hosni Mubarak agintetik bota ondoren ere, hilabeteetan iraun du Gaddafik Libian gotortuta. Matxinoak Tripolin sartu diren arte. Agintea hartu zuenean, Egiptoko eredu panarabiarrari jarraitu zion, Gamal Abdel Nasserren itzalean, eta agintea Mubaraken gisara galdu du.
Mundu arabiarrean zabaldu den esan batek laburbiltzen du Gaddafiren indarra: «Mubarakek bost presidente estatubatuarrek baino gehiago iraun du bizirik, eta are esanguratsuagoa da Gaddafik hiru presidente egiptoarrek baino gehiago iraun izana». Eta halaxe da. Afrikako diktadura zaharreneko protagonista da Gaddafi 69 urteko beduinoa, 42 urte daramatza-eta agintzen. Berez estatuburu izan gabe, ezta gobernuburu ere. Ofizialki ez du kargurik, haren ustez herrialdea bideratzen duen herriak ez duelako hierarkien beharrik. Baina praktikan dena da; boterea bere moldera egin du, eta orain bere baitara egokitu du egoera berria, «nazioarteko zakurren» informazio manipulatuari beldurrik izan gabe, «iraultzan sakontzen» jarraitzeko.
1969tik, Idris I.a erregearen aurkako estatu kolpea eman zuenetik, gaurdaino, asko aldatu da haren jarduna, mundua bezainbeste. Maltzurkeriaz egokitzen jakin izan du berari komeni izan zaion egoerara, eta batez ere pragmatismoz. Zer esanik ez nazioarteari begira: egoerak eskatu duenean, ateak ireki dizkio negozioak egin nahi izan dituenari.
Liburu berdea obran jaso zituen 1970eko hamarkadako ideologiaren oinarriak. Orduan arabiarren batasunaren eta sozialismoaren alde egin zuen, eta Egiptorekin eta Siriarekin batasun arabiar sozialista eratzen saiatu zen; alferrik, baina, neurri handi batean Nasser presidente egiptoarra hil zelako —inspirazio iturri nagusietako bat izan zuen hura—.
Che Guevara eta Mao ere kutunak zituen Gaddafik, baina denborarekin, joan den hamarkadan AEBetara eta oro har Mendebaldera gerturatu adina aldatu da ekintzaz —dioenez, pentsamenduz ez horrenbeste—, eta buruzagi abilaren fama ere eman diote europarrek zein estatubatuarrek. Beldurgarria eta despota ere badela diote, eta nondik aterako den ezin zaiola antzeman, demokraziaren balioa petrolioaren mendekotasunera moldatu behar izan dutenean.
Hainbat estatu kolpetatik onik atera izan da, eta 1973ko kolpe saioaren ostean aldarrikatu zuen iraultza kulturalari esker, boterea handitu zuen herri batzordeen bidez, haietan herriari ahotsa ematen ziola nabarmenduta.
Herrialde arabiarretan matxinadak hasi zirenean ere horretan jarri zuen indarra bere esanetan: herriari berea ematen. Baina barruan haserre zituen herritarrak, eta kanpoan ere —duela 30 urte gertatu zitzaion bezala— lanak izan ditu, nazioarteko erakundeek haren jarduna oztopatu baitute. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ekain amaieran Gaddafi atxilotzeko agindu zuen, gizateriaren kontrako krimenak egotzita. Izan ere, matxinoek bi astean herrialdearen %85 kontrolatzea lortu ostean, Gaddafiren segurtasun indarrek errepresio gogorra egin zuten: elkarte humanitarioen arabera, hamar mila lagun baino gehiago hil dituzte Libian matxinada hasi zenetik.
1980ko hamarkadan, orduan ere zabaldu zen haren izena nazioartean, etsaien artean etsaiena. 1985ean, Erromako eta Vienako aireportuetako atentatuetan inplikatua zegoela esan zutenean goia jo zuen haren kontrako amorruak. Berlingo La Belle dantzalekuko bi soldaduren hilketaren inguruan hartutako jarrera, eta Lockerbieko (Eskozia) eta UTA hegazkinen atentatuan leporatu zioten esku hartzeak izan dira batez ere gogoangarriak, baina lehenagotik ere, «terrorista» zelako, Ronald Reagan AEBetako presidenteak eraso zion Libiari.
1981ean Tripolik Washingtonen zuen enbaxada itxiarazi zuen Reaganek, eta zaintza hegazkinak bidali zituen Libiako kostaldera. Urte hartan Newsweek aldizkariak argitaratu zuen CIAk hura hiltzeko plana zuela. 1982an haren kontra neurri ekonomikoak hartu zituen, eta aliatuei gauza bera egiteko agindu. 1986an erabaki zuen misilekin erasotzea, eta Gaddafiren alaba hil zuen misil haietako batek.
1992an Nazio Batuen Erakundearen zigorrei aurre egin behar izan zien, «ekintza terroristengatik», Lockerbieko atentatuan hil zituzten 273 pertsonen ustezko erantzuleak ez entregatzeagatik. Arma nuklearren ondorioz ere zigortu zuten, baina zigorrak gogortuta ere, AK Khan Pakistango ingeniariaren trafiko nuklearrarekin lotura izaten jarraitu zuen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren 2008ko txostenaren arabera. «Zer egin behar dudan esatea, horixe behar genuen», erantzun zion harro jakinarazpen horrek sortutako presioari.
Nelson Mandelaren bitartekaritzari esker, Lockerbieko susmagarriak entregatu, eta aro berri bati ekin zion. Merkatuekiko harremana berreskuratu zuen. La Belleko eta UTAko biktimei kalteak ere eskuzabal ordaindu zizkien, eta NBEk zigorrak kenduz gero hedapen ekonomiko izugarria izan zuen Libiak; nazioarteko buruzagiek ia gurtzeraino eta, konplizitatez, Gaddafiren ateraldiei barre egiteraino.
Iazkoa da Europarekin «migrazio kooperazioa». Dirutza jasotzen du Europako mugak zaintzeagatik. Etxean, ordea, ustelkeriagatik eta askatasun faltagatik etorri zaizkio protestak. «Demokrazia perfektua» deritzonaren inperfekzioengatik.
Beti harritzen ezustez, itxura bitxiak ezberdintzen du, inguratzen duten emakume bizkartzainek, bidaietara eramaten dituen gameluek eta ateraldiek. Hizkera filosofikoa duela diote; gogoetazalea eta hiztuna da oso.
Zortzi seme-alaba ditu, denak inguruan, leinu sentimenduari fidel, familia klanari konfiantza osoa eskainiz. Haien artean banatu eta lotu ditu aberastasunak, eta 2009an ozen egin zuen leinuetako buruzagien aurrean Saim el Islam semearen oinordekotzaren iragarpena.
Basamortuaren kulturatik dator, nomada familia batetik, eta armadan ikasten jarraitzeko aukera baliatutako gazte prestua bilakatu zen. Zuzenbidea ikasi ondoren, Londresen izan zen hainbat ikastaro egiten, Bengazi hiria 27 urterekin hartu aurretik. Idris I.a erregea atzerrian zegoen bitartean jabetu zen Libiaz. Bereganatu zuen garaian petrolio hobi handiak aurkitu zituzten, eta gizarte zerbitzuak doan eskainiz arrakasta lortu zuen.
Gaddafiren itxura xelebrearen eta ateraldien atzean, buruzagi azkar eta pragmatikoa ezkutatu izan da urteetan, garai eta egoera berrietara egokitzen jakin duen buruzagia. Gauzak asko aldatu baitira Ipar Afrika Italiarra esaten zioten lurralde batean jaio zenetik. Mussoliniren inperioa eraitsi zuen gerraren ostean, Afrika iparraldean hondoa jotako lurralde mortu bat geratu zen. Inork ez zuen haren kargu egin nahi, eta Idris erregearen esku utzi zuten, gerra irabazi zuten potentzien esanetara moldatzen zen agintari baten esku.
Gaddafi gazteak libiarrak gehien batzen zituen sentimendua barneratu zuen armadan, antikolonialismo suhar bat, eta zuen karismari esker, kapitain soil bat zena buruzagi izendatu zuten Idris erregearen aurkako estatu kolpearen ostean. Gameluzain baten semea zelarik eskolakideen isekak jasan behar izan zituen haur hura herrialde bateko gidari bilakatu zen 27 urterekin, eta Libiako Errepublika Arabiarra sortu zuen. Eta 42 urte iraun du agintean, matxinoek Tripolira sartu diren arte.
Agintean iraun duen urte horietan guztietan, konta ezin ahala izan dira Gaddafiren jarduera diplomatikoak. Hasierako urteetan, Libiak Egipto, Siria, Tunisia eta Sudanekin bat egitea izan zuen amets, Txad inbaditu zuen, eta Afrikan kolonialismo ostean izan diren hiru agintari ankerrenak babestu zituen: Bokassa Afrika Erdialdean, Idi Amin Ugandan eta Mobutu Zairen.
Inperialismoaren eta kolonialismoaren aurka borrokatzen ziren talde armatuak urteetan inolako diskriminaziorik gabe finantzatzea leporatu izan diote Gaddafiri, eta atzerrian estatu terrorismo kasuengatik zigortu izan dute. Kasu horietan guztietan Gaddafik izan zuen esku hartzea ez zen akaso egotzi izan diotena bestekoa, baina berak nahiago izan zuen bere gain hartzea eta barkamenagatik ordaintzea.
Mendebaldearen etsai eta Sobiet Batasunaren aliatu izan zenak jakin zuen nazioartearen konfiantza berriro eskuratzen, eta Europako estatu eta gobernuburu gehienekin harreman estuak izateaz gain, Barack Obamak G8koen bilerara ere gonbidatu zuen, AEBetako presidente kargua hartu berritan. Kameleoi baten pareko agintaria izan baita Gaddafi, itxura eta jarrera xelebreak izanagatik komeni zenean pausoa aldatzen bazekiena.
Etxeko batzuek, «demokrazia zuzena» deritzonaren zaindaritzat jo izan dute. Haren kritikoentzat, berriz, botere absolutuari heltzen dio ekintza politiko oro itoz eta adierazpen askatasunerako bideak hertsiz.
Gaddafiren erregimenak ehunka kartzelatu eta torturatu dituela dio Human Rights Watchek, baita batzuk hiltzera kondenatu ere. Duela ez asko, erretiroa hartu aurretik politikan urratsak egin nahi zituela esan zuen. Ez du horretarako aukerarik izango. Bonbek utzitako gorpu guztiak dira horren isla, eta haien senitarteko eta lagunak lekuko. •
Protestak herrialde arabiarretan. Libia. Muammar Gaddafi
Basamortuko kameleoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu