Basamortutik kanporatuak

Sinai penintsulako jatorrizko biztanleak diren beduinoek Egiptoko Gobernuari exijitu diote errepresioa amaitu eta euren herri eskubideak errespetatzeko.

2008ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Sinai penintsulan (Egipto) bizi diren 300.000 beduinoen leinuburu talde batek errepresioa amaitu eta euren herri eskubideak errespetatzeko exijitu zioten Kairoko gobernuari, abuztu hasieran. Ezen, basamortu horretan VII. mendeaz geroztik zabalduak diren leinu arabiar ibiltari horiek arrotz bilakarazi dituzte euren lurretan bertan. Itsaso Gorriaren ertzean garatu den turismo jardueratik zein ere beste lanbide guztietatik baztertuta daude. Gaza eta Israel lurralde auzo izanda, Kairoren eta Tel Aviven segurtasun aitzakiek, berriz, areagotu egin dute beduinoen aurkako errepresioa. Egoerak eragindako matxinadak indarrez ito ditu, orain artean, Kairoko aginteak.

«Preso dauden beduino guztiak -epaituak zein epaitzekoak-askatzeko, geure bizilekuak txikitzeari uzteko eta gerrillarien errenditzea lortzeko aitzakian gure seme-alabak ez bahitzeko exijitzen diegu Kairoko agintariei», aditzerat eman du Musa al Tarabin beduino leinuburuak. Sinaiko basamortuan, Shibana eskualdean, egindako elkarretaratzean ere, arbasoengandik jasotako lurraren jabetza bermatzeko eskatu zuen. Beduino leinu handienek lehenengo aldiz bat egin dute, hauxe eskatzeko: «Agintariek ez ditzatela beduinoak bazter, arlo publiko zein pribatuko lanbideetatik».

Komunikabideetatik at

Gaur egun, 1.500 beduino inguru preso daude Egiptoko espetxeetan. Horiek atxilotuak izan ziren 2004 eta 2006 artean izandako indarkeria oldeen ondorioz, Kairoko gobernuak bultzatutako pertsekuzioen eraginez. Egiptoko Gobernuak zenbait atentatu egotzi zizkien matxinatutako beduinoei, eta horietako bat da Sharm el-Sheikh hiri turistikoan 2005eko uztailaren 24an gertatutako eraso odoltsua. Aberatsentzako bainuetxe hiri horretan jazo ziren leherketetan, 88 lagun hil ziren, eta 200, zauritu.

Munduko hedabide handiek oihartzun zabala egin zioten Sharm el-Sheikheko atentatuari,eta 2004an Taban egindako eraso oldeari. Oso gutxi aipatzen dituzte, ostera, Sinai penintsulan jazotzen diren bestelako gertakari bortitzak. Horiek hala, bi bidaiari zauritu ziren beduino talde batek autobus baten kontra, uztailaren 26an, eginiko tiroketan. Iragan hilabetean ere, basamortuan ezkutatutako 250 kilo lehergai atzeman zituen Egiptoko Poliziak. Uztailaren 12an, berriz, paperik gabeko etorkinak Israelerat sarrarazten ari omen zen beduino bat tiroz hil zuten Egiptoko segurtasun indarrek. Bost egun lehenago, berriz, Egiptoko polizia batek zuen bizia galdu, Israelekiko muga igarotzen ari zen beduino talde batekin izandako tiroketaren ondorioz.

Lurra kendu eta zokoratuak

Gertakari odoltsuak jazotzean izan ezik, ia inoiz ez da aipatzen Sinaiko egoera, baina, hala ere, gatazketan aditu direnen arreta piztu du. El Watan egunkari arabiarrak iazko maiatzaren 16ko edizioan azaltzen zuenez, ICG Nazioarteko Krisi Taldea erakundeak Sinaiko beduinoen gatazkaren nondik norakoak ikertu zituen.

ICGko azterketa egileek argi eta garbi azaldu dute Kairoko gobernuak leinu ibiltarien kaltetan bultzatutako politika zokoratzaileak duela gatazka hazi. Hala, Sinaiko hegoaldean, aberatsei egokitutako turismoa garatzean, beduinoak behin eta berriro kaltetu dituzte. Lehendabizi, euren ibilbideetan baliatzen dituzten hainbat lur eremutan sartzea debekatu diete, eta turismo eraikuntza erraldoietan sortutako milaka lanpostuetatik baztertu dituzte. Turismo leku horietan, Egiptoko beste eskualdeetatik etorrarazitakoen esku utzi dute enplegua.

Sharm el-Sheikheko bainuetxea da politika horren adibide nabariena. Itsaso Gorrian arrantza egiteaz bizi ziren beduinoak dira herri horretako jatorrizko biztanleak. Alabaina, Kairoko gobernuak kostalde horretan luxuzko turismoa garatzea ebatzi du, eta eraikuntzarako lur eremu guztiak Egiptoko eta atzerriko sustatzaileen esku utzi ditu. Hori egitearekin batera, Egiptoko agintari politikoek beduinoak basamortuko lurraldeetan egotera behartu ditu, turismoari egokitutako itsasertzera hurbiltzea bera debekatuta. Are gehiago, basamortuan gameluekin ibilaldiak egin gura dituzten turistekin dirua irabaztea ere galarazi diete beduinoei, aisialdi jarduera horiek Egiptoko eta nazioarteko bidaia antolatzaileek soilik eskaini ditzaketelarik.

Turismoa ez da diru iturri nagusia Sinaiko iparraldean, eta han ere zokoratuta geratu dira beduinoak. Han garatu diren lan arlo bakanetarako ere, Egiptoko beste eskualdeetatik etorrarazi dituztebeharginak, hala nola Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen sorlekua den Manufiatik, Nilo haraneko hirialdetik. Horiek hala, beduino oso gutxi topa daiteke administrazioaren edo herrilan eta eraikuntzarako lantokietan.

Ekonomia antolaketa horrez gain, beste faktore batek ere izan du eragina Kairok Sinai penintsulako beduinoak zokoratzea erabakitzeko: Ekialde Hurbileko gatazkaren erdi-erdian harrapatuta dagoela penintsula. Israelek okupatuta izan zuen Sinai penintsula 1967 eta 1979 artean. Egiptoar askoren iritziz, beduinoak ongi konpondu ziren Israelgo Gobernuarekin okupazioak iraun zuen urteetan, eta hori dela-eta haiekiko mesfidantza handia da.



Sinai penintsula

GATAZKA ARTEKO LURRA

VII. mendea. Arabiar leinuak -tartean beduinoak- Sinain eta Egipto osoan zabaldu ziren.

1914. Erresuma Batuak Egipto okupatu zuen.

1922. Egiptok independentzia aldarrikatu zuen.

1948. Israel eta estatu arabiarren lehen gerra amaituta, Sinai eta Gaza Egiptoren menpe geratu ziren.

1956. Gamal Abdul Nasser presidenteak Suezeko Itsasartea nazionalizatzeari erantzunda, britainiar, frantses eta israeldarrek Sinai okupatu zuten.

1967. Sei eguneko gerra piztu zen, eta Israelek Sinai penintsula okupatu zuen.

1979. Israelekin bakea egitearen ordainetan, Egiptok Sinai berreskuratu zuen.

2005eko uztaila. Atentatua egin zuten Sharm el-Seikhen, Sinai penintsulan, eta 88 lagun hil. Egiptok beduinoei egotzi zien erasoa.

2008ko uztailaren 12a. Tiroz hil zuten beduino bat, paperik gabeko etorkinak Israelen sartzen ari zen aitzakiarekin.

2008ko abuztua. Errepresioa amaitzeko exijitu zioten leinuburuek Egiptori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.