Tifariti haimaz josita egon da egunotan, astebetean 2.000 saharar ingururen gogoeta gunea izanbaita. Kongresua egunerokoan eskola, ospitalea eta etxe gutxi batzuk baino gehiago ez dagoen eremu idor horretan antolatzeak,behin- behineko hiri bat eraikitzeko gaitasunak, harridura eragiten du. Fronte Polisarioak gizarte arlo guztietako herritarrak bertaratzea lortu du; lurralde okupatuetatik ere bai, nahiz eta 600 kilometro egin behar izan dituzten basamortuan, jeepetan. Merezi izan duelako egon dira han, Mendebaldeko Sahararen etorkizunaz hizketan, Marokorekin gerra amaitu ondorengo hogei urteetako egoerari irtenbidea eman nahian. Bihar zereginez jositako egitarauarekin joango dira handik.
Rabaten errepresioari eta jazarpenari modu baketsuan erantzuten luze joan dela-eta etorkizunerako estrategiak ezinbestean bide berriak landuta etorri behar du sahararren ustez. Baina eztabaiden ostean, estrategia baketsuari eusteko erabakia hartu dute, Fronte Polisarioak gidaturik, haren zilegitasuna zalantzan jarri gabe, eta saharar guztiek bat eginik, Marokok Fronte Polisarioa zatituta dagoelako mezua oinarri gabea dela erakusteko. Armak hartu behar izan gabe, berrikuntza eta batasuna izan dira, hain zuzen, XIII. kongresutik atera diren ideia nagusiak.
Berrikuntzetan Fronte Polisarioaren egitura aldatzea eta hainbat ministro ordezkatzea izango da, gazteek hartzea lekukoa. Haien gidaritzan, baina, Mohamed Abdelazizek jarraituko du. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente 11. aldiz izatea berretsi dute 1.551 ordezkarik. Botoen %33ko abstentzioa izan du, eta kontrako boto bakar bat ere ez. Bihar, kongresua amaitzearekin batera emango dute gobernuaren osaketaren berri.
XII. kongresua egin zutenetik lau urte igaro dira, eta orduan ezarritako helburuetako asko bete dira. Beste batzuk ez, ordea, eta lehenik eta behin Fronte Polisarioaren hainbat hutsegite aztertzeko eta kritika egiteko baliatu dute solasa, betiere aurrera egin ahal izateko. Besteak beste, gobernuaren eta instituzioen arteko koordinazioa jarri dute ezbaian, eta kudeaketa egokia ilundu dituzten faktoreak, hala nolabaliabide publikoen erabilera desegokia edo ustelkeria kasuak. Esandakoaren eta egindakoaren arteko aldeak ere sinesgarritasuna kendu dio Polisarioaren ekinbideari, baina horiek zuzentzeko ahalegina nabarmendu du Abdelazizek, baita Fronte Polisarioak arazoen gainetik hainbat auzi garrantzitsu gainditzeko eraginkortasuna eta zilegitasuna ere. «Fronte Polisarioa herritarren mugimendua da, eta haren oinarriak, helburuak eta erabakiak sahararren borondatean oinarritzen dira. Ez dago herritarrek nahi ez dutenerako. Independentzia lortzeko gaude, hori delako sahararrek bere herriarentzat nahi duten irtenbidea».
Argi utzi nahi izan du Fronte Polisarioan ez dagoela zatiketarik. Elkartzea lortu duten ordezkaritzarekin erantzun diote Marokok zabaldu duen mezu «funsgabeari». Marokoren Gobernuak Fronte Polisarioaren zilegitasuna zalantzan jarri du azkenaldian, sahararren aldeko jarrera ahultzeko, baina Tifaritin herri sendo baten itxura eman dute. Bi mila ordezkari inguru erakarriz, baina baita nazioarteko ordezkaritza zabal bat ere, instituzioetako ordezkariak eta gobernuz kanpoko erakundeetakoak, tartean euskal politikariak, Eusko Legebiltzarretik, Nafarroako Gobernutik eta Donostiako Udaletik joanak.
Baina sahararren arteko ordezkaritzatik, ekintzaileena izan da aipagarrienetakoa, nahiz eta badakiten itzultzen direnean atxilotzeko eta torturatzeko arriskua dutela, baina euren parte hartzea ezinbestekoa da prozesuan. Polisarioak Intifadaren garrantzia aldarrikatu du: «Sahara askatzeko mugimenduak Intifadaren garrantzia onartzen du negoziazioen prozesuan». Batzorde bat eskaini diote Intifadari, eta horrek erakusten du, Polisarioaren arabera, sahararren borrokan estrategia baketsuak garrantzi handia duelaa.
Estrategia
Hemendik aurrera Fronte Polisarioaren erronka nagusietako bat herritarrak lurralde liberatuetara bizitzera joatea da, eta, horregatik, hemendik aurrera nazioarteko laguntza lurralde okupatuetara ez ezik liberatuetara ere bideratzea erabaki dute. Nazioarteko hainbat ordezkarik ere konpromiso hori hartu dute. Asmoa ez da lurralde okupatua hustea; arriskutsua litzateke hori, baina bai, ordea, liberatutako lurraldean bizitzeko baliabideak sortzea. Ezerezetik sortzen eta eragiten gaitasuna dutela aspaldian erakutsi baitute, eta Tifaritin astebetean berretsi dute.
Fronte Polisarioaren XIII. Kongresua
Batasun erakustaldia
Fronte Polisarioak egitura aldatzea eta askatutako lurraldeak sustatzea erabaki du, eta borroka baketsuaren balioa aldarrikatuMohamed Abdelaziz izendatu dute 11. aldiz Saharako Errepublikako presidente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu