Sam Bahour. Ekonomialaria

«Batasun gobernuarena itxurakeria besterik ez da»

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Ramallah
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Osloko Akordioen ondotik iritsi zen Sam Bahour (Ohio, 1965) Ramallahera, Palestinako Telekomunikazio Konpainia ezartzeko. Estatuaren ametsa posible zela uste zuten palestinarrek orduan, eta diasporako seme-alaba asko lurralde okupatuetara itzuli ziren. Bi hamarkadaren ostean, instituzioak eraikitzeko ahaleginak ezertan geratu direla nabarmendu du Bahourrek. Politikarien diskurtsoetatik at, gainbehera ekonomikoak zeresan handia duela uste du arlo politikoak duen paralisiarekin.

Zer diozu gobernu bat eratzeko Al-Fatahen eta Hamasen arteko akordioaz?

Ez dut bi aldeen partetik batasunerako gogorik ikusten. Qatarreko Akordioa estrategia bat izan zen Hamas Gazaren eta Al-Fatah Zisjordaniaren kontrolpean mantentzeko. Munduaren aurrean eredu bat bilatzen ari dira, biei boterean segitzen utziko diena., baina teknokratez osaturiko gobernuaren eraketarena itxurakeria besterik ez da. Biak ala biak daude oso egonkor egungo posizioan, izan ere, okupaziopean beraien inperioak eraiki dituzte.

Baina estrategia horrek ezin du bat egin hauteskundeekin.

Bozak saihestu nahian dabiltza, eta akordioen bidez zilegitasuna lortu. Udal hauteskundeak adibide garbia dira, izan ere, ez daude Qatarreko Akordioaren barruan. Abbasek esaten duenean batasun gobernua eratu arte udal hauteskundeak ezin direla egin gezur borobila da. Ez dute nahi badakitelako beraien zilegitasuna maila lokaletik hasiko dela desegiten. Zazpi urte igaro dira azken bozak egin zirenetik, eta inork ez daki norantz egin duen Palestinako gizarteak. Alderdi eta mugimendu politiko berrien beldur dira Hamas eta Al-Fatah.

Eta nola apur daiteke paralisi politikoa?

Badirudi desberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren heinean, justizia sozialak mugi dezakeela jendea, udaberri arabiarrean gertatu den bezala. Baina kaosa iritsi baino lehenago emaileek dirua jarriko dute beste behin. Palestina arrainontzi batean bizi den arrain bat bezalakoa da, ez diote jaten ematen benetan gose den arte. Esperimentu baten legez ari dira gurekin jokatzen.

Oso momentu arriskutsuan gaude. Zer gertatu behar da palestinarrak esnatu eta kaleak hartzeko? Ez dakit. Nik uste dut benetako aldaketa ez dela Gazatik eta Zisjordaniatik etorriko. Nekatuta gaude. Guk egin dezakegun bakarra geratzea da, ihes egin gabe eustea. Benetako lidergoa Israelgo palestinarren eta diasporaren eskutik etorriko dela uste dut.

Statu quo-a jasangaitza dela dirudi. Alde politikoek jokoaren arauak aldatuko al dituzte?

Iluna da oraina eta horrek PAN desegitera derrigortu dezake Mahmud Abbas presidentea. Ez du irteerarik ikusten, ez Israelekin ezta barne arazoekin ere. Abbasek, noski, politikan jarriko du erantzukizuna, hau da, Nazio Batuen Erakundean Palestinako estatuaren aldarrikapenak jaso zuen porrotean eta Hamasen eta Al-Fatahen arteko batasun akordioak bizi duen paralisian. Errealitate politikoa, ordea, guztiz loturik dago gainbehera ekonomikoarekin. Kolapsorantz hurbiltzen ari gara.

Munduko Bankuak publikatu berri duen txostenean argi esan du Palestinako ekonomia «sostengaezina» dela. Zeintzuk dira egoera hori ulertzeko arrazoiak?

Lehenik eta behin, okupazio militarra. Israelek lurralde okupatuetan ezarritako murrizketak hazi egin dira eta PANek duen gobernatzeko esparrua oso txikia da. Baina, batez ere, nazioarteko diru emarien kudeaketa desegokia dagoela esango nuke. Kanpotik datozen diru-laguntzak asistentzia humanitarioa bultzatzeko bideratzen dira, ez ekonomia garatzeko. Diru horrek ekonomia gizentzen du, baita BPG ere, baina ez du produktibitaterik. PANek agentzia bat bezala funtzionatzen du, erakunde publikoetan ari diren pertsonen kopurua puztuz.

Palestinako ekonomia nazioarteko laguntza humanitarioaren menpeko bilakatu dela diozu. Zer da emarien industria?

Gure ekonomia nazioarteko hainbat erakundek ematen duten diruaz bizi da. Horrek izugarrizko menpekotasuna sortu du, inork ezin baitu diru askearekin lehiatu. Diru emaileek, gainera, beraien bulegoak irekitzen dituzte Palestinan, eta proiektu propioak ezarri. Harrigarria da, baina gizarte zibilari eta sektore pribatuari egiten diote konpetentzia. US Aid agentzia adibide garbia da. Palestinari ematen dion dolar bakoitzetik 73 zentimo jasotzen ditu. Zergatik? Errepide bat egiten duen bakoitzean haren burokrazia eta kontratistak ekartzen dituelako. Bestetik, gobernuz kanpoko erakundeetako langileek burbuila ekonomiko bat sortu dute beraien soldata altuekin. Ramallahera etortzea besterik ez dago hortaz jabetzeko. Alokairua Mendebaldeko edozein hiriren parekoa da.

Beraz, jarduera ekonomikoa badago, baina ez garapen ekonomikoa.

Ekonomia serio bat lantzeko beharrezkoak diren esparruak (portuak, ura, elektrizitatea...) Israelek kontrolatzen ditu, beraz, geratzen zaizkigunak dira jendea lanpetuta mantentzeko jarduerak (kafetegiak, hotelak, supermerkatuak...). Baina horiek ez dira nahikoa estatu bat eraikitzeko. Israelek, bitartean, barre egiten digu, inolako kosturik gabe okupatzen jarraitzen duelako. Are gehiago, diru emarien ekonomiaz etekina ateratzen du. Adibidez, erakunde batek Gazari lagundu nahi dioenean, produktu guztiak Israelgo portuetatik sartzen dira. Gure inportazioen %80a Israeletik dator, eta esportazioen %90a Israelera doa.

Zein ondorio ditu palestinarren eguneroko bizimoduan?

Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira, eta horrek delitu eta krimenen hazkundea ekarri du. Palestinan oso ezohikoak ziren delitu kasuak. Pobrezia ere inoiz baino handiagoa da, eta hori guztia sakondu egiten da Gazan. Bestetik, ekonomia garatzeko beharrezkoak diren inbertsioak eskasak dira, sektore pribatuak ez duelako arriskatu nahi.

Baina ondorio larriena da palestinarren exodo motela ematen ari dela. Israeldarrek 1948an eta 1967an gerraren bidez bultzaturiko emigrazioa, borondatezkoa bilakatu da orain. Gazteak alde egiten ari dira, etorkizun larria ikusten baitute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.