Batasun nazionaleko gobernua arbuiatu du oposizioak Zimbawen

Afrikako Batasunak ostiraleko bozak baliogabetzea jarri du negoziatzen hasteko baldintza gisa

2008ko uztailaren 3a
00:00
Entzun


Erredakzioa

Zimbaweko presidente Robert Mugabek bezala, oposizioko buru Morgan Tsvangiraik ere ezetz esan zion atzo Afrikako Batasunak herenegun proposatutakoari. MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduko liderrak ez du Kenyakoaren gisako batasuneko gobernua osatu nahi, horrek ez duelako «herritarren borondatea islatzen». Ezta «Zimbaweko arazoak konpontzen» ere.

Herenegun Egipton egindako goi bileraren ondoren, Afrikako Batasunak Zimbaweko hauteskundeen aurretik eta ondoren izan den indarkeria giroa gaitzetsi zuen. Eta egoera konponduko bada, oposizioarekin negoziatzeko eskatu zion Mugabe presidenteari.

Negoziatzen hasteko prest

Tsvangiraik elkarrizketari atea erabat itxi ez badio ere, ez dago Afrikako agintariek erabakitakoarekin ados. Horiek ez dute joan den ostiraleko hauteskundeen bigarren bueltaren emaitza arbuiatu -Mugabe atera zen garaile-, eta hori jarri du negoziatzen hasteko baldintza gisa. Izan ere, bera izan zen bozen lehen itzuliko garaile, eta bigarrenetik erretiratu egin behar izan zuen, bere kontrako jazarpena zela medio. Erasoen beldur, herenegun arte Herbeeretako enbaxadan egon zen babestuta oposizioko burua. «Elkarrizketa izango bada, Mugaberen alderdiak indarkeriari uko egin beharko dio», adierazi zuen atzo.

Bere aldetik, Mugabe presidenteak ere errefusatu egin du batasuneko gobernua. Kenyako eta Zimbaweko ereduak alderaezinak direla argudiatzen du horrek, eta «eztabaidak konpontzeko era propioa» daukala. Horregatik, «demokrazia leziorik» ez emateko esan zion herenegun Afrikako Batasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.