Xavier Abu Aid. Palestinako negoziazio mahaiko kidea

«Batasun nazionaleko gobernuaren eraketak ez du atzera bueltarik»

Berandu baino lehen aldaketa politiko garrantzitsuak egongo direla uste du PAEko politikari Xavier Abu Aidek; palestinarren erresistentziaren garapenaz gogoeta pertsonala dauka.

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Betleem
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Palestinar jatorriko 300.000 lagun inguru bizi dira Txilen, Hego Amerikako palestinar komunitaterik handiena osatuz. Betleemen sorterria duen horrelako familia batean jaio zen Xavier Abu Aid (Santiago, Txile, 1985). 15 urterekin Ikasle Palestinarren Sindikatuko zuzendari izendatu zuten, eta, handik, PAE Palestina Askatzeko Erakundean kolonien auzia aztertzeari ekin zion. Duela lau urte, lurralde okupatuetan bizitzea erabaki zuen, eta, geroztik, israeldarrekin elkarrizketen mahaiaren bueltan aritu da. Orain, Tel Avivekin negoziaziorik ez dagoela argi adierazi nahi izan dio BERRIAri.

Iragan hilabeteko Amango elkarrizketek kritika zorrotzak jaso dituzte Palestinako sektore batzuen partetik. Zergatik itzuli ziren palestinarrak Tel Avivekin hitz egitera?

Amanek egin zigun gonbidapen bati erantzun genion, Ekialde Hurbilerako Laukotea —AEBak, EB, Errusia eta NBE—, Israelgo gobernua eta palestinarrak berriz ere biltzeko. Guk argi dugu ez garela negoziazioen mahaian jarriko kolonien eraikuntza geratu eta Jerusalemgo erakundeak berreskuratzen ditugun arte. Elkarrizketak antolatu ziren negoziazio posible bat abiarazteko giro egokia sortzeko. Zoritxarrez, berriz ere begi bistan geratu zen Israelek ez duela bakerik nahi, denbora irabaztea baizik. Hogei urteko elkarrizketen ostean, esanda dago dena. Orain, erabakiak hartu behar dira. Halere, bileren helburua nahita manipulatu dute hedabide askok, ez baititugu negoziazio berriak hasi.

Datozen egunetan Al Fataheko batzorde iraultzailea bilduko da, eta Mahmud Abbasek ibilbide politiko berria iragarriko du. Zer espero behar dugu?

Egoera ezberdinak planteatuko ditu, barne zein kanpo politikan datozen aldaketez informatzeko. Barne politikan batasun nazionaleko gobernu berriaren iragarpena izango da abiapuntua. Nazioartera begira, presioa egitera itzuliko delakoan nago. Adibidez, Nazio Batuen Erakundera bueltatzea erabakitzen badugu, hau da, Segurtasun Kontseiluari paso egin eta Batzar Orokorrera jo, nazioarteko komunitateari dei egin beharko diogu berriz ere. Nire ustez, bizi dugun gelditasuna apurtzeko egoera desberdinak aztertu nahian ari da Abbas, eta indarkeria baztertuta, aukera guztiak dira posible.

Dohako akordioaren ostean Abbas batasun gobernuaren lehen ministro izendatu izanak zenbait kritika eragin ditu, teknokratismoa islatzen ez duelakoan. Zer irizten diozu erabakiari?

Batasun nazionaleko akordioaren punturik zailena konpondu dugu. Ez ditut ulertzen Abassen izendapenak eragin dituen kritikak. Khaled Maxalen proposamena izan zen Abbas lehen ministro izendatzea; beraz, kexu direnek beraien hautagaia proposatu beharko lukete. Zaila da palestinarrek eta nazioarteko komunitateak batera onartuko duten politiko bat topatzea, eta Abbasek baldintza hori betetzen du. Nire ustez, Abbas ez da boterea gogoko duen politikari bat. Egoerak jarri du agintean, baina herritarrek hala erabakitzen dutenean, arazorik gabe utziko du politika. Orain, biasteko epea du trantsizio gobernua osatuko duten ministroak aukeratzeko.

Hauteskunde egarria dagoela diote palestinar askok kalean...

Hain zuzen, batasun nazionaleko akordioaren bi puntu nagusienak dira Gaza berreraikitzea eta hauteskundeak egitea. PAEk argi esan du 2012a amaitu baino lehenago legebiltzarrerako eta presidentetzarako hauteskundeak egin behar direla. Herriak erabaki behar du zein ibilbide berri egin behar dugun.

Zisjordanian dena dago prest hauteskundeak egiteko. Gazan, baina, ez dira hasi oraindik hauteskunde erregistroak. Behin hori egiten dutenean, ordea, bi hilabete beharko dituzte dena antolatzeko, gutxienez. Baina prozesuak ez du atzera bueltarik; hauteskundeak egiteko eta aurrera eramateko presioa itzela da, bai Al Fatahen, baita Hamasen barnean ere.

Bozak egin arren, okupaziopean dagoen gobernua ez da inolaz ere burujabea izango...

Hala da. Israelek nahi du udalgisa funtzionatuko duen Palestinako Aginte Nazional bat, hau da, kontu sozialez arduratuko dena, baina ez duena inolako subiranotasunik izango. Egun, haiengandik jasotzen ditugun sustapen proposamenek logika horri jarraitzen diote. Guk bi estatu nahi ditugu Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora. Haiek, ordea, okupazioa berriz ere formulatu nahi dute. Netanyahuren politika oinarritzen da erruduntasunaren jokoan eta harreman publikoetan. Zenbat aldiz erabiltzen du bakea hitza bere diskurtsoetan? Esanahi hutsala du bakeak haren ahoan. Oraindik ez dut ezagutu amore ematea onartuko duen palestinarrik.

Baina gero eta zatikatuago dauden lurralde okupatuetan bi estatuen aldeko irtenbidea gero eta zailagoa da begi bistan. Ez al daude palestinarrak borroka politikotik zibilerako trantsizioan?

Ez da PAEren aukera, eta ez litzaiguke gustatuko. Guk Palestinako estatuaren sorrera bultzatu nahi dugu. Baina egia da bi hautaketa besterik ez dagoela: bi estatu edo estatu bat. Zisjordaniako errepideetako seinaleak aztertuz gero, erraz antzeman daiteke gure hirien izenak arabieraz idazten dituztela, baina hebreeraz esaten den bezala. Benetan uste badute lurralde okupatuak beraienak direla, ez dezagun denbora gehiago galdu horretaz hitz egiten. Halaber, ezin badiot Israelgo Gobernuari buruan sartu estatu bat izateko eskubide osoa dugula, ez dakit konbentzituko nukeen israeldarrek dituzten eskubide berak emateko. Badakite demografikoki galtzaile irtengo liratekeela. Baina zure galderari erantzunez, bai, argi dago eskubide zibilen aldeko borroka baterantz goazela. Itsu egon beharko genuke horretaz ez konturatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.