II. MUNDU GERRAREN AMAIERA EUROPAN

Batasuna aldarrikatu dute mundu osoko mandatariek Plaza Gorrian

Putinen ustez, «guztien etsaia da terrorismoa» eta hari aurre egiteko nazioarteko elkartasuna eskatu du

Kristina Berasain Tristan.
2005eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Berlingo Reichstag suntsituaren kupulan bandera komunista jarri zuten duela hirurogei urte. Kea zerion eraikinari. Berlin hartuta zegoen. Errusiako Armada Gorriko Mikhail Jegorov errusiarrak eta Meliton Kantaria georgiarrak horrela irudikatu zuten II. Mundu Gerraren amaiera. Moskun une historiko hura oroitzeko ekitaldi sinbolikoa egin zuten atzo mundu osoko mandatariek. Plaza Gorrian igitaia eta mailu horiak dituen bandera gorria altxatuz abiatu zuten nazien porrota ospatzeko ekitaldia. Ondoren desfile militarra egin zuten. Orotara 7.000 soldaduk parte hartu zuten bertan. Soldadu Ezezagunaren estatuan krabelin gorriak ipini zituzten ondoren agintariek. Ekitaldiaren une hunkigarriena, baina, plaza mitikoan gerra beteranoak sartu ziren unea izan zen. Mandatariek txaloka eta zutik egin zieten harrera. II. Mundu Gerran hil ziren 60 milioi herritarrak izan zituzten gogoan horrela estatuburu eta gobernuburuek.

Sobiet Batasunak gerraren bukaeran izan zuen zeregin erabakigarria eta egin zuen sakrifizioa aldarrikatu zuen Vladimir Putin presidenteak: «Armada Gorriak garaipenaren puntua ezarri zuen gerran Berlingo borrokan Europa askatzean». Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniako eta Italiako antifaxistek eta nazismoaren kontra borrokatu zuten guztiek emandako laguntza «beti» gogoratuko duela esan zuen. Bestelako «gerra hotzik edo berorik ez izateko eskatu zuen: «Nazioarteko elkartasuna eskatzen dut denen etsai den terrorismoari aurre egiteko: segurtasunean eta justizian oinarritzen den mundu ordenari eutsi behar diogu». Alemania eta Errusia «adiskidetzea» gerra osteko «lorpen handienetakoa» izan zen bere iritzian.AEBetako presidente George Bushek askatasunaren garaipena ospatzen ari zirela adierazizuen: «Amerikarrak eta europarrak elkarrekin ari gara lanean askatasuna eta itxaropena aspaldian ukatuta dituzten lekuetara eramateko». Bi mandatarien artean azkenaldian izan den harreman tirabiratsua arindu egin da egunotan atzo elkarren ondoan egon ziren ekitaldi guztian. Bush igande gauean ailegatu zen Moskura. Putinekin afaldu ondoren bien arteko harremanak onak zirela adierazi zuen. Otsailean izan zuten bileran herrialdearen demokrazia zalantzan jarri zuen Bushek. Putini boterea zentralizatzea eta prentsa askatasuna murriztea leporatu zion. Duela bi egun erreforma demokratikoak agindu zituen Kremlinek. Europan zehar astebeteko bidaia egin du Bushek. Sobiet Batasuneko errepublika ohiak bisitatu izanaren atzean bertan eragina handitu nahi izateko asmoa dagoela uste du Moskuk. Errusiarentzat «demokrazia gazte» horiek mesedegarriak direla esan zuen Bushek.Kremlinek, baina, bertan gutxiengo errusiarrak baztertuta daudela salatzen du. Etxe Zuriko ordezkariak «gutxiengoen eskubideak» errespetatzea aldarrikatu zuen. Bush gobernuz kanpoko hemezortzi erakundetako ordezkariekin bildu zen atzo Moskun. Giza eskubideen eta demokraziaren egoeraz aritu zen haiekin.Mundu osoko berrogeita hamar agintari bildu ziren urteurrenaren ekitaldian. Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumi, Txinako presidente Hu Jintao, Israelgo lehen ministro Ariel Sharon, Italiako lehen ministro Silvio Berlusconi, Frantziako lehen ministro Jacques Chirac eta NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annan izan ziren, besteak beste.

Polonia eta Georgia kexu

Polonia nazien kontra borroka egin zuten herrialdeen zerrendan aipatu ez izana leporatu zioten atzo Putini. Lech Walesa presidente ohiak hauxe esan zuen: «Errusiaren semea da Putin. Beti izan da eta beti izango da nazionalista eta ezin dugu beraz ezer espero, orain arte bere bizilagunak alboratu baditu ez du jarreraz aldatuko».

Georgiako presidente Mikhail Saakashvili ez zen ekitaldietan egon. Estatu Independenteen Komunitateko ordezkari bakarra izan zen. Kremlinek herrialdean dituen base militarrak kendu eta soldaduak erretiratu nahi ez izateak eragin du polemika. Estatu Independenteen Komunitateko gainontzeko kideek hamabost puntuko akordio bat sinatu zuten herenegun «banaketa baketsua» sustatzeko. Tbilisira joango da gaur Bush. Europan zehar egindako bidaia ofiziala amaituko du bertan.Moskutarrek urtero ospatzen dute gerraren amaiera, baina aurten ezin izan dute plaza nagusira joan. Kremlinek «ospakizunak pribatizatu» izana salatu zuten. Alde Zaharrean ibiltzea debekatu zien. Iluntzean eta gauean egindako ekitaldietan, baina, parte hartu ahal izan zuten. Arratseko 20:00etan minutu bateko isilunea egin zuten eta gauean salbak eta su artifizialak bota zituzten. Sobiet Batasuna desagertu eta hamalau urtera ia ahaztuta zeuden izar gorriak paratu zituzten han eta hemen Moskun.Europako Batasunak Europaren Eguna ospatu zuen Bruselan. Gerra hotza amaitu eta bost urtera sortu zen gerora EB izango zena.

-

Datua





80

Errusiako oposizioko 80 kide atxilotu zituzten atzo Moskun. Alderdi Komunistak eta beste alderdiek nazional-patriotikoak eta boltxebikeak manifestazioa egin zuten. Vladimir Lenin eta Josef Stalinen irudiak eta bandera komunistak zeramatzaten. Moskun, baina, inoizko segurtasun neurri zorrotzenak ezarri dituzte asteburuan. Orotara 20.000 soldadu eta polizia ipini zituzten kaleetan 50 metroro. Airean beste hogei hegazkin eta helikoptero ibili ziren segurtasuna bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.