irlanda iparraldea

Batasuneko gobernuaren harremanak onbideratzen saiatuko dira asteon Irlanda iparraldean

IRA jardunean dagoen ziurtatzeko "bere eragina" erabil dezala eskatu diote Sinn Feini. UUP alderdi unionistak Ipar Irlandako gobernua utzi izanak sortu du krisia.

Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroa. PAUL MCERLANE / EFE
2015eko abuztuaren 31
12:20
Entzun

UUP Ulsterko Alderdi Unionistak batasuneko gobernua uztea erabaki zuen larunbatean, uste baitu IRA Irlandako Armada Errepublikanoa oraindik existitzen dela eta jardunean dagoela. Ipar Irlandako hirugarren alderdia da UUP, eta ministro bakarra du gobernuan —hamahiru dira guztira—. Ipar Irlandako Gobernua unionisten eta errepublikanoen arteko botere partekatuan oinarritzen da, ordea, eta gobernua erabat hautsiz gero, autonomia galdu eta Londresera itzuliko lituzkete eskumenak.

Gaur itzuliko da oporretatik Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroa —Alderdi Demokratiko Unionistakoa—, eta sortutako krisiari aurre egin beharko dio. Espero da krisia onbideratzeko proposamenen bat egitea. Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek, bestalde, bilera bat egingo dute astean zehar, konponbidea errazte aldera.

Kritikak eragin ditu UUPren erabakiak. Robinsonek "desleial" jokatzea egotzi dio Mike Nesbitt alderdiko buruari. Charlie Flanagan Atzerri ministroak, ordea, esan du Sinn Feinek ardura zehatza duela konponbide bat bilatzeko, eta eskatu dio "bere eragina" balia dezala IRA jardunean ez dagoela ziurtatzeko.

Krisi politikoak hilaren 12an gertatutako hilketa batean du jatorria. Belfast ekialdeko Short Strand auzo nazionalistan Kevin McGuigan IRAko kide ohia hil zuten, tiroz. Poliziak maiatzean gertatutako beste hilketa batekin lotu zuen. Orduan, Gerard Jock Davison IRAk Belfasten zuen buruzagitzako kide izandakoa hil zuten tiroz Markets auzoan. Errepublikanoen arteko "kontu garbiketa" baten hipotesia jarraitu zuen Poliziak, eta McGuigan galdekatu zuen Davisonen hilketagatik —kargurik gabe aske utzi zuten—. Poliziaren hipotesi nagusia da Davisonen kideek haren hilketa mendekatzeko hil zutela McGuigan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.