Mendebaldeko herrialdeek Sirian dagoen «terrorismoa» «babestu» egiten dutela esan dio Baxar al-Assad Siriako presidenteak Said Jalili Irango Segurtasun Kontseilu Nazional Goreneko idazkariari. Al-Assad eta Jalili Damaskon bildu dira, eta Irango ordezkariak adierazi du Siriakoa ez dela «barne gatazka», eta bat etorri da Al-Assadekin. Jalilen arabera, «Mendebaldeak Siria du jomugan» eta, «terrorismoa babestuz, erresistentziaren ardatza» apurtzen saiatzen ari da.
Al-Assadek «Siriako terrorismoa garbitzeko» bertako gobernuaren «ausardia» azpimarratu dio Jalili. Azaldu duenez, Siria «elkarrizketa nazionalaren bidean» aurrera egiten ari da, eta gai da «nazioartearen planak zapuztu» eta gatazka bere kabuz konpontzeko. Bi herrialdeetako ordezkarien bilkura Riad Hijab lehen ministroaren inguruko bertsio kontrajarrien ostean etorri da. Siriako Gobernuak kargutik kendu duela adierazi zuen herenegun, eta oposizioak, berriz, desertatu egin duela. Hijabek oraindik ez du bere egoeraren berri emateko agerpen publikorik egin.
Bahiketaren erantzuleak
Jalilik esan du «ahal den guztia» egingo dutela Siriako Armada Askeak bahitutako Irango 48 erromesak askatzeko. Irango Gobernuak AEBetako, Qatarko eta Turkiako gobernuak egin ditu bahiketaren erantzule. Arabia eta Afrikako Gaietarako Irango Atzerri ministrorde Hossein Amir Abdullahianek adierazi duenez, «Turkiako Gobernuak Siriako talde armatuak babesten ditu, eta, ondorioz, talde horien krimenen erantzulea da». Abdullahianen arabera, «AEBek talde armatu horiek babesten dituzte munizioa emanda, eta gatibu daudenei gertatuko zaienaren erantzuleak dira».
Bitartean, Siriako armadak eta oposizioko taldeek borrokan segitzen dute. Erreboltariek armadaren Halabeko egoitzari eraso diote, eta armada Halabeko auzo gehienak bonbardatzen ari da oraindik. Oposizioko Giza Eskubideen Sareak jakinarazi du 34 lagun hil dituztela, horietako gehienak Halaben. Siriako Iraultzaren Batzorde Nagusiak, aldiz, adierazi duhildakoak 24 lagun izan direla.
Baxar al-Assaden ustez, Mendebaldeak Siriako «terrorismoa» babesten du
Siriako presidenteak Said Jalili adierazi dio herrialdea gai dela «bere kabuz» gatazka konpontzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu