Frantzia

Bayrouk ez dio Royali esan bere alde egingo duenik

Ia bi orduko eztabaida egin dute telebistan. Maiatzaren 2an izango da Sarkozyren eta Royalen artekoa.

2007ko apirilaren 28a
14:36
Entzun
Gaur egin dute Segolene Royal PSren presidentegaiak eta Francois Bayrou UDFko buruak horrenbesteko ikusmina sortua zuen telebistako eztabaida (BMF katean), eta Bayrouk berearekin segitu du: ez du esan zeinen alde egingo duen maiatzaren 6an Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetan. Lehen itzulian hirugarren geratu zen, %18,5eko babesarekin, ia zazpi milioi bota jasota.

Royalek (%25,87 lehen itzulian) "elkarrizketa" deitu dio gaurko saioari, UDFko agintariarekin alde handirik ez duela esan nahian bezala. Baina biek ikuspuntu desberdinak dituztela ikusi da gaur ia bi orduko saioan: Europako Banku Zentralaz (Bayrouk gehiago defenditu du), gutxieneko soldataz (Bayrou Europan gutxieneko soldata bakarra jartzearen aurka azaldu da)...

Nicolas Sarkozy UMPko burua (%31,18), berriz, Valenciennesen dago gaur, Jean Louis Borloo Enplegu eta Kohesio Sozialeko ministroarekin. "Nahiago dut frantziarren erdian egotea", esan du Sarkozyk.

Gaur argitaratu den inkesta baten arabera (Ipsos-Dell enpresak egina), Sarkozyk bozen %52,5 lortuko lituzke bigarren itzulian. Bayrouren aldekoek %35k Royali bozkatuko liokete, %29k Sarkozyri, eta %36k ez dute esan zeini emango lioketen botoa edo abstentziora joko lukete.

Maiatzaren 2an Sarkozyren eta Royalen arteko telebista eztabaida izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.