Bazterrean utzitako herria

Somaliatik 135.000 lagunek egin dute ihes aurten; gerra gutxi ez balitz, azken urteetako lehorte latzenari egin behar diote aurre orainAl Shabab milizia islamistak giza laguntza eramateko baimena eman dio nazioarteari

Kristina Berasain Tristan.
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Somalia erabateko anarkian bizi da duela hogei urtetik. Mohamud Jamak ondo daki hori. Kenyara duela hemezortzi urte iritsi zen gerratik ihesean, eta mundu zabaleko errefuxiatu gune handienean bizi da orduz geroztik. «Zeruaren urdina sabaitzat duen kartzelan bizi gara; gure askatasuna sakrifikatu dugu bizirik irauteko, baina egoera gero eta ankerragoa da». Dadaaben 380.000 lagun daude, nahiz eta gaur egun berez 90.000entzako tokia baino ez dagoen. Eta egoera okerrera egiten ari da azken egunetan; izan ere, egunero-egunero1.400 lagun iristen dira, eta astero-astero 10.000. Somaliatik 135.000 lagunek egin dute ihes aurten, eta joera hori areagotzen ari da; ekainean bakarrik 54.000 lagunek zeharkatu zuten muga. Kenyan (405.000), Yemenen (187.000) eta Etiopian (110.000) hartu dute babesa.

Muga zeharkatu ez badute ere jaioterria utzi behar izan dutenen kopurua ere itzela da. Somalian 1,46 milioi desplazatu daudela jakinarazi du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Melissa Fleming erakundeko bozeramaileak zehaztu du errefuxiatuak eta desplazatuak aintzat hartuta biztanleen laurdenek alde egin behar izan dutela etxetik. Egoera «muturrekoa» dela dio: «Gerra eta lehortea direla eta, munduko giza hondamendi handienetako bat zena imajinaezina den tragedia bilakatzen ari da».

Milizianoen beldurrez

Somaliako mugatik 60 kilometrora dago Dadaab. Ihesean ari zirenherritarrak babesteko sortu zen kanpalekua, 1991n, eta egun hiru kokagune ditu; Dagahaley, Ifo eta Hagadera —bakoitzak 900 futbol zelairen zabalera dauka—. Inguruetan 30.000 lagun bizi dira lo egiteko aterperik ere ez dutela.

Dadaabera iritsi berriek ere apenas duten laguntzarik. Izena ematean jasotzen dituzten errazionamendu kartak ez die janaria bermatzen, ez behintzat epe laburrean. Isho Fillow duela astebete iritsi zen bi semerekin, hirugarrena bidean galdu baitzuen. Hogeita bost egun behar izan zituzten kanpalekura iristeko, eta orain ez dauka ezer. «Ez badu euririk egiten, hil egingo gara; ez dago ur aski eta janaria ere eskasa da». Abuztuaren 4an jasoko dute aurreneko errazioa.

Egoera samurra izan ez arren, errefuxiatuek argi dute jaioterrira itzultzea baino hobe dutela atzerrian jarraitzea. Al Shabab milizia islamistaren beldurrez bizi baitira Somalian. Said Barre diktadorea kanporatu zutenetik herrialdeak ez du bakerik izan. Gerra jauntxoen arteko gerra nagusitu zen aurreneko urteetan, eta, gerora, milizien artekoa. Al Shabab da orain herrialdearen zati handiena kontrolatzen duena, eta herritarren bizimodua ere kontrolatu nahi du. Garad Kuktar Ahmed errefuxiatuak azaldu duenez, dena dago debekatuta, eta arauak bete ezean, arriskuan zara: «Dantzatzea, abestea, bizarra egitea, futbola ikustea, dena dago debekatuta eta heriotza zigorra ezartzen ahal dizute horregatik».

Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak ere duela urtebete kanporatu zituen Al Shababek. Orain debeku hori kendu izana egoera zeinen latza den ohartzeko balio dezake. Ali Mohamud Rage miliziako bozeramaileak kazetariak deitu zituen Muqdishon. Munduari mezu bat zabaldu nahi zion. «Musulmanak direnei eta ez direnei eskatzen diegu lehortea dela eta herritarrei laguntza emateko, eta horretarako mugimenduarekin harremanetan jartzeko». Nazioartearen giza laguntza miliziak kudeatu nahi duela argi dago —Europako Batzordeak 5,6 milioi euro agindu ditu—. Hainbat adituren ustetan dei horrekin herritarren babesa eskuratu nahi dute muturreko islamistek. Trantsiziorako Gobernu Federala boteretik erabat kentzea da euren asmoa.

Gosetea Afrikako Adarrean

Gerratik ez ezik, baina, lehortetik eta gosetetik egiten dute ihes herritarrek. Afrikako Adarrean azken 60 urtetako lehorte gogorrenaren aurrean dira eta hamar milioi lagun daude gose; Kenyan 3,2 milioi, Etiopian 3,2, Somalian 2,6 eta Djibutin 117.000.

Nazioartea bereziki errefuxiatu guneetara iristen diren umeen egoerarekin dago kezkatuta, izan ere, haurren erdiek malnutrizio larria dutela eta heriotzen kopurua hiru bider hazi dela jakinarazi dute. Elisabeth Byrsek OCHA Nazio Batuen Giza Laguntzarako Bulegoaren arabera, hiru umetik batek dauka malnutrizioa. Goseteaz hitz egin daitekeela era adierazi du Byrsek. Lehorteak elikagaien prezioen hazkundea eragin baitu. Somalian, esaterako, %240 hazi da basarto gorriaren prezioa. Etiopian, berriz, %117 egin du gora artoak —Kenyan biderkatu egin da—.

Bazterrean utzitako herriari erreparatzeko aukera du orain nazioarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.