Gaur egun zoriontsua da egiptoarrentzat. Eta horrekin ez du zerikusirik 1973an gaurko egunez Egiptoko armadak israeldarrei ezustean eraso izanak eta Suezko kanalaren ekialdea hartu izanak, lehenbiziko aldiz atzera eginaraziz Israelgo armada ahalguztidunari. Egun zoriontsua da balentria horren ondorioz urriaren 6a jaieguna delako, gaur ez delako lanik egiten eta haurrak ez direlako joaten eskolara. Egiptok galdua zuen Sinaiko penintsula, Israelek kendu egin baitzion 1967ko Sei Egunetako Gerran, eta 1973ko eraso horretan berreskuratu nahi izan zuen. Harrotasun nazionaleko eguna da, propaganda militarra egitekoa, baina hori guztia ez zaie batere inporta beduinoei, Sinaiko penintsulako jatorrizko biztanleei.
Basamortuko biztanleei inork ez zien galdetu mugarik nahi zuten Egipto eta Palestina artean—hala zuen izena orduan—, 1906an britainiarrek muga jarri zutenean. Lerro haren bitartez, kolonizatzaileek bereizi egin zituzten Negev basamortuan bizi ziren tribuak eta Sinain bizi zirenak. Are gehiago: tribu horietako batzuk bi zatitan banaturik geratu ziren, muga zela kausa; halaxe gertatu zitzaien tarabin, azazma eta ahiuat tribuei. Inork ez zien galdetu Egiptokoak izateko ilusiorik zuten, eta, are gutxiago, ea inporta zitzaien israeldarrak izatea, 1948an gerra baten ondoren Israel sortu zenean. Negeven bizi zirenen %80ek Gazara, Jordaniara edo beste herrialde batzuetara joan behar izan dute bizitzera, iheslari. «Tribu bakoitza estatu bat da, lurrak, legea eta jendea baititu», adierazi du jabalijatarren tribuko lau xekeetako gazteenak, Ahmed Mohammadek (40 urte).
Sinaiko eta Negeveko beduinoak ez dira gainerako beduinoak bezalakoak. Haien lurraldea mortua da, baina euria egiten du tarteka, eta mendi gailur elurtuak ere badituzte; horri esker, uzta batzuk jasotzen dituzte. Gainera, ardiak edukitzen dituzte, Arabiako basamortuan eta Saharan ez bezala, horietan gameluak baino ez baitituzte izaten. Horregatik guztiagatik, beduino horiek erdi nomadak ziren, eta ez ziren mugitzen 50 kilometro baino gehiago. Gainera, tribuak ez ziren eta ez dira homogeneoak; aldatu egiten dira bizi diren eremuaren arabera eta kide kopuruaren arabera, baina legea da «munduko tribu guztiak bat» datozen arlo bakarra, Ahmed xekeak dioenez.
Askatasunak definitutako bizimodu hori aldatzen hasi zen Israel sortu zenean. Israelek indartu egin zituen mugako segurtasun neurriak, ordu arte beduinoek apenas sumatzen baitzuten muga, eta kontrabandoak hartu zuen merkataritzaren lekua. Hasieran, Egiptok ahaztuta eduki zuen Sinai, eta beduinoek ez zituzten askorik aldatu ohiturak, baina Israelek 1967an eginiko okupazioak zibilizatu egin zuen penintsula. Merkataritzak utzi egin zion diru sarrerak ekartzeari; Israelek errepideak egin zituen, eta beduinoak errepideen inguruan bizitzen jartzen hasi ziren, soldatapeko lana aurkitzeko. Ondorioz, haien aziendak gutxitu egin ziren. Hori aparte utzita, ez zegoen kexarik tratuari buruz, eta israeldarrek zerbitzuak jarri eta ingurua garatu zuten.
Gero, 1973ko gerra iritsi zen, urriaren 6koa, Yom Kippurrekoa: eraso egunean, juduen barau festa zen. Gerra hark dena aldatu zuen: agerian utzi zuen Israel ez zela ukiezina, nahiz eta aurre egin zion Siriako eta Egiptoko armaden ezusteko erasoari eta kontraerasoan inoiz baino hurbilago egon zen Damaskotik eta Kairotik. AEBak, gerra hotz bete-betean, lanean aritu ziren, eta halaxe sinatu zen Camp Davideko ituna, 1978an. Egipto izan zen Israel onartu zuen lehenbiziko herrialde arabiarra, Sinai berreskuratzearen truke —Siriak ez zuen berdin jokatu Golanekin—. 1979 eta 1982 bitartean, Israelek alde egin zuen Sinaitik, eta, geroztik, beduinoen presidentea Kairon dago.
Sinai hegoaldea
Jabalijatarrak VI. mendean iritsi ziren Sinai hegoaldeko mendietara, Justiniano enperadoreak bidalita, Santa Katalinako monasterioko fraideak babestu nahi baitzituen. Errumaniatik iritsiak ziren, eta beste tribu batzuek ez dituzte jotzen egiazko beduinotzat, nahiz eta penintsulako aurreneko biztanleak izan. «Beduinoa basamortuan bizi dena da, eta guk mendeak egin ditugu hemen; esan dezatela nahi dutena», bota du Mohammad Jader-ek. Sinai Hegoaldea Garatzeko Fundazioan lan egiten du, eta jabalijatarretako bat da. Nuueibatik heldu berria da; han, oraindik basamortuan bizi diren hainbaten paperak aurkeztu ditu, hurrengo hauteskundeetan botoa eman ahal izan dezaten.
Mendietako beduinoen arazoei buruz galdetu, eta Jaderrek langabezia, ur falta eta irakaskuntza eta osasun publikoa aipatu ditu. «Hemen jartzen diren konpainiek langileak ekartzen dituzte Niloren inguruko eskualdeetatik, eta guri ez digute kasurik egiten», kexatu da. Jabalijatarren artean, herrietan bizi dira 3.000, eta basamortuan 4.000. «Turismorako eraikin multzoak egiten dituzte, igerileku eta guzti, eta gutako gehienok ez dugu urik», segurtatu du Ahmed xekeak. Gutxi gorabehera, tribuko kideen %15ek marihuana landuz ateratzen dute bizimodua. «Tomateak landatzen saiatu gara, baina ur asko behar dute, eta ez dute dirurik ematen», azaldu du Jadarrek, etsita.
Um Rabia, berriz, muzaina tribukoa da, eta hormigoizko etxola sinple batean bizi da, inguru hartako errepideetako batetik gertu, beste zazpi familiarekin. Bost ardi ditu bizimodua ateratzeko bide bakar, baina saldu egin beharko du bat, begi batetik operatu ahal izateko, ez baitu batere ikusten. Alarguna da, eta kontu egin behar die seme-alabei, baina pozik bizi da «inor aginduka» ez daukalako; halaxe esan du, beduinoen baliorik garrantzitsuena gogoan: askatasuna. Rabiak ez du telebistarik nahi, «izarrak, kandelak eta ilargia baino ez», eta segurtatu du baduela «nahikoa» seme-alabei jaten emateko. Hamar ardi eta arkume dituzte, eta, bazkaleku bila ateratzen ez direnean, ardiek kartoiz eta pepino zaharrez egindako nahaski bat jaten dute. Rabiak segurtatu du bera bizi den lekura ez dela joan «gobernuko inor, zer arazo dauden galdezka».
Kostaldean, turismoaren negoziotik kanpo geratu dira beduinoak. Gutxi batzuek Sharm el Sheikh eta Dahaben lan egiten dute; hara joaten dira milaka turista urtean,hondartzetako koralek erakarririk. Beduinoek, gehienbat, turista taldeak hartzen dituzte, «beduinoen esperientzia» bizitzeko antolaturiko txangoetan. Gamal Sultan, berriz, Al Ahram Ikerketa Politiko eta Estrategikoen Zentroko kidea da, eta azaldu du turismoan ez aritzeko arrazoia «beduinoen prestakuntza falta» dela. Sultanen ustez, «kultura zoragarria dute, baina libreegi ibiltzen dira, eta kosta egiten zaie estatuko legeetara moldatzea».
Zenbait eskualdetan oraindik ez dago megainstalazio turistikorik, eta eskualde horietako bat Nuuiba da. Han, kanpaleku batzuk daude hondartza ondo-ondoan, eta etxolak eta lasaitasuna eskaintzen dituzte, nahiko merke. Gazte jendea eta israeldarrak ibiltzen dira han; Israelgo Gobernuari ez zaio gustatzen, baina juduek samaldaka jotzen dute hara jaiegunetan. Sharonek astebete pasatu ohi du Bir Sueir-en abuztuan, senarrarekin eta alabekin: «Israelen parterik onena dela esaten dugu Israelen».
Ajash, berriz, tarabin tribukoa da, eta gauzak oso bestela dira harentzat: 26 urterekin, gidari lanak egiten ditu basamortuan, eta Nuuiba aldeko beduino kanpalekuetako batean egoten da. «Egiptoarra izateaz pozik» dago; gustatzen zaio turistekin ibiltzea, eta gustura bizi da basamortutik urruti. Hala ere, ez die muzin egiten tradizioei, eta kexu da «gobernuak ez dielako publizitaterik» egiten kanpalekuei, eta Sharm el Sheikhera eraman nahi dituelako turista guztiak. «Lehen, baimena ematen ziguten turistak hamar egunerako basamortura eramateko; orain, gau baterako bakarrik».
Iparralde gatazkatsua
Hegoaldea leku lasaia da, baina Sinai iparraldea toki gatazkatsua da. El-Arish hiriak 100.000 biztanle ditu: beduino asimilatuak, palestinarrak eta Nilo aldeko egiptoarrak. Inguru hori batere orekarik gabea da, eta oraingo trantsizio gobernuak agindua die hango garabidea bultzatuko duela, baina aurretik ere agindu izan diete hori, eta bete ez. Oraintsu Sinairako sorturiko batzorde bat aztertzen ari da nola eratu hiri handi bat eta nola sortu nekazaritzarako milaka hektarea, hartara Niloren arro masifikatutik jendea erakarri ahal izateko eta segurtasun arazoak konpontzeko.
Nahiko maiz, erasoak izaten dira gasa Israelera eramaten duen hodiaren kontra; era berean, batzuek negozio ederra egiten dute Gazarainoko tuneletan mugitzen den kontrabandoarekin; mafiak droga eta pertsona trafikoan aritzen dira, Israelgo mugaren bidez. Horrek guztiak kalte egiten dio beduinoen izen onari, eta orain ere ez dute lanik lortu ez industrian eta ez nekazaritzan. «Kontua da haien ekonomia gehiena legez kanpokoa dela», esan du Sultanek. «Beren egoera dela eta, ihes egiten diote legeari». Ikusteko dago gobernuaren proiektuetan kontuan hartu dituzten beduinoak. Sultanentzat, «arrazoizkoa» da Niloko jendea ekartzea, baina gobernuak «beduinoekin hitz egin behar du».
Israelen...
Gaur egun 180.000 dira arabiarren eta israeldarren lehenbiziko gerran (1948-49) Negevetik joan ez ziren beduinoak. Israelen politika gogorraren oinarria, hain zuzen, beduinoak bizitoki zorrotz zaindu batzuetara baztertzea da: 90.000 beduino bizi dira Rahat eta antzeko herrietan, azpiegiturarik gabe eta lanik gabe. Askok haimak jarri dituzte lorategian, eta biltegi gisa erabiltzen dute etxea. Beste 90.000 beduino herri onartu gabeetan bizi dira: herri horiek ez dira agertzen mapetan, eta ez dute ez urik eta ez argindarrik. Horrelakoetan bizi direnak zain daude, ea noiz eramango dituzten herri sortu berriren batera.
Israelgo beduino askok nahiago izan dute bat egin estatuarekin, eta soldadutza ere egiten dute. Pragmatikoagoak dira, eta, nahiz eta bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituzten judu ez direlako, eskubide gehiago eta lasaitasun handiagoa dute, Israelgo palestinar edo arabiarrek baino. Baina ez dute esperantzarik basamortuko jendearen askatasuna berreskuratzeko, natura beste nagusirik gabe. Ikusteko dago Sinaiko bizilagunen geroa zein izango den.
Ekialde Hurbila
Beduinoak, desagertzeko arriskuan
Egiptoko Sinai penintsulan eta Israelgo Negev basamortuan, beduinoak bizi dira; espiritu libreko jendea da, baina bizimodua guztiz aldatu zaie estatu modernoa ezarri denetik. Haien lurrak etsaien arteko mugak dira; haien etorkizuna, batere segurtasunik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu