Nazioarteko legedia hautsiz, Zisjordaniako C eremutik —Israelek okupatutako lurretan dago— beduinoak indarrez kanporatzeko erabakia hartu du Israelgo Gobernuak. Zisjordaniako beste eremuetara bidaltzea da gobernuaren asmoa, koloniak handitzeko. Azken hilabeteotan, hain justu, hainbat kanpaleku eraitsi dituzte, eta beduinoek euren aurkako erasoak salatu dituzte. Neurriak 27.000 lagun ingururi eragin diezaioke. Lurralde okupatuetako biztanleria kanporatzea gerra krimena dela gogorarazi diote Israeli gobernuz kanpoko hainbat erakundek.
Israelek, ordea, ez dauka negoziatzeko inolako asmorik, eta iragarri du 2012ko urtarrilean hasiko dituela kanporatzeak. PAN Palestinako Aginte Nazionala Palestina eskubide osoko estatu izateko eskaera egitera NBE Nazio Batuen Erakundera joatekoa den honetan, Israelek ez du koloniak eraikitzeko politiketan jarrera leuntzeko urratsik egin.PANen hitzetan, hain justu, Israelen intrantsigentziak bultzatu ditu palestinarren onarpena lortzeko alde bakarreko prozesua abiatzera. Izan ere, Israelen jarrera itxia dela eta, negoziazioaren bideak independentzia lortzeko bide bakarra izan ezin duela azaldu dute. Hori horrela, datorren irailaren 22an NBEko Segurtasun Kontseiluan eskubide osoko kide gisa aitortzeko eskaria egingo dute, 1967ko mugak aitortzen dituen estatu gisa, alegia.
Palestinarren erabakiak sutan jarri du Israel. Izan ere, Washingtonen betoari esker —Obamak beto eskubidea baliatuko duela jakinarazi du— Palestina NBEko 194. kidea bilakatzea oztopatuko dutela uste badute ere, prozesuak ondorioak izango dituela garbi dauka Israelek. Hori horrela, Avigdor Lieberman Atzerri ministroak mehatxu egin die palestinarrei eta euren asmoa bertan behera uzteko eskatu die: «Alde bakarretik Palestinako estatua aldarrikatzeak oso ondorio larriak izango ditu».Ondorioak zeintzuk izango diren zehaztu ez badu ere, halako erabakirik onartuko ez dutela gaineratu du.
Bitartean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur iragarriko du NBEren batzar Nagusira joango den, ala bere ordez Simon Peres presidentea bidaliko ote duen. Izan ere, bere hitzaldiaren ostean, aurreikusita bezala, gehiengoak Palestinako estatua sortzearen aldeko botoa ematen badu, bere irudia eta herrialdearena kaltetuko liratekeela uste du. Aldiz, ez joatea erabakitzen badu oposizioak gogor kritikatuko duela jakin badaki. Lidergo falta egotziko diote, beldurragatik estatu auzi bati aurre ez egiteagatik.
Azken orduko diplomazia lana
Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak, bestalde, Ekialde Hurbileko egonaldia luzatzea erabaki du, bake elkarrizketak berpizteko asmoz. Ia urtebete igaro da, hain justu, negoziazioak eten zirenetik. Atzo Israelgo Gobernuko hainbat goi kargurekin bildu zen, tartean Netanyahurekin. Dena den, gaur berriz ere lehen ministroarekin bilera egingo duela iragarri du. Astelehenean, berriz, Mahmud Abbas PANeko presidentearekin elkartu zen.
«Nire betebeharra elkarrizketak berriz martxan jartzen saiatzea da, eta israeldarrak eta palestinarrak elkarren ondoan bakean bizitzeko gai izan daitezen urratsak ematen laguntzea», adierazi du Ashtonek. Baina, azken orduko diplomazia lanak datorren astean PANek eskaera bere horretan NBEko Segurtasun Kontseilura eramatea saihestea dela azaldu dute adituek. Palestinarren proposamena leuntzea dute helburu. Izan ere, Europako herrialdeen artean jarrera kontrajarriak daude auzi honetan. Alemaniak eta Italiak, esaterako, palestinarren proposamena babestuko ez dutela jakinarazi dute jada. AEBek ere bi diplomatiko bidaliko ditu datozen egunetan helburu berarekin.
Horrez gain, Ashtonek bere lana Laukoteko gainontzeko kideekin —AEBak, NBE eta Errusia— bateratuta dagoela argitu du.
Helburua beteta
Robert Serry NBEko Ekialde Hurbilerako ordezkari bereziak, berriz, erakunde palestinarrak Estatu baten funtzioak betetzeko prest daudela jakinarazi du, duela bi urte PANek ezarritako helburua bete duela aitortuz. «Lorpen handia izan da, onartu eta babestu beharrekoa, eta lorpen horren gainean eraiki egin behar da» adierazi du NBEko ordezkariak. Igandean, hain justu, txostena aurkeztuko du New Yorken, emaileen taldearen bileran. Palestinarrek ere lorpenen balorazio bat aurkeztuko dute.
Dena den, prozesu politikoaren blokeoak arriskuak izan ditzakeela gogorarazi du Serryk: «Ezin da lan guztia okupazio luze baten menpe egin, ezta amaierarik gabeko statusean galduta egon, edota bi estatu sortzeko prozesuan aurrerapausorik eman gabe eta palestinarren zatiketaren erdian etengabe luzatu».
Zisjordaniara sartzeko eta bertan mugitzeko oztopoak, juduen kolonien hazkundea, palestinarren zatiketa politikoa eta Gazako segurtasun falta aipatu ditu Serryk palestinarren arazo handienen artean.
Bestalde, Abbasek auzi palestinarraren alde egindako lana eskertu dio Recep Tayip Erdogan Turkiako lehen ministroari. Izan ere, atzo, NBEren Batzar Nagusian egitekoak diren eskaeraren alde egin zuen Kairora eginiko bisitan. «Palestina onartzea eginbehar bat da, ez aukera bat», adierazi zuen Erdoganek.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Beduinoak Zisjordaniatik kanpo bidaltzeko asmoa dauka Israelek
Israelgo Atzerri ministroak dio «ondorio larriak» izango dituela alde bakarreko erabakiz Palestina estatu gisa aitortzeakNBEren ustez, erakunde palestinarrak prest daude estatu baten funtzioak betetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu