Katalunia

Belgikak bertan behera utzi du Puigdemont eta Comin atxilotzeko euroagindua

Kataluniako lider independentistak Espainiaratu edo ez erabaki behar zuen epaileak, eta ebatzi du immunitatea dutela eurodiputatu izateagatik

Comin eta Puigdemont, abenduaren 20an, eurodiputatu akta jaso berritan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 2a
15:02
Entzun

Espainiak emana zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Toni Comin Kultura kontseilari ohiaren aurkako atxiloketa agindua, baina Belgikako justiziak bertan behera utzi du euroagindua. Gaia ebatzi behar zuen epaileak, Europako Justizia Auzitegiak abenduaren 19a emandako epaia kontuan hartuta, ondorioztatu du eurodiputatu izateak immunitatea ematen diela biei.

Orain, Belgikako justiziak Puigdemont eta Cominen aurkako prozedurei berriz ekiteko bide bakarra da Europako Parlamentuak suplikatorio bat onartzea eta bi buruzagi subiranisten immunitatea bertan behera geratzea. Espainiako Auzitegi Gorenak izapidetu beharko luke eskari hori, baina ez da prozesu laburra izaten.

Joan den urriaren 14an argitaratu zen Kataluniako lider subiranisten aurkako epaia, eta Pablo Llarena epaileak orduan eman zuen Puigdemont eta Comin atxilotzeko agindua. Hiru egun geroago, Puigdemont Belgikako poliziaren aurrera aurkeztu zen; haiek aske utzi zuten epaia ebatzi bitartean, bi baldintzarekin: beti lokalizatuta egotea, eta ez irtetea herrialdetik baimenik gabe.

Erabakia atzeratu egin zuen Belgikak abenduaren 16an, Europako Justizia Auzitegiak otsailaren 3an Puigdemonten eta Cominen immunitateari buruz eman behar duen epaiari itxaroteko —haren zain jarraituko du Lluis Puig kontseilari ohiak, hura ez baita eurodiputatua—. Abenduaren 19an auzitegi horrek Oriol Junquerasen alde emandako epaiari esker, ordea, eurodiputatu akta jaso ahal izan zuten Puigdemontek eta Cominek, eta, gauzak hala, Belgikako justiziak ebazpena aurreratu du, eta ebatzi du ezin duela exekutatu euroagindua.

Puigdemontek erabakia jakin eta berehala erreakzionatu du. Erabakia ospatu du, baina baita gogorarazi ere Junquerasek eurek biek duten immunitate bera duela, eta kartzelan dagoela oraindik.

Komunikatu batean adierazi dutenez, Belgikaren erabakiak «agerian utzi du atxilotu eta Espainiaratzeko erabakia Europako arauen aurkakoa» dela. Espainiak emandako aginduek orain arte izan dituzten porrotak gogoratu dituzte: «Kataluniako Gobernuko kideak estraditatzeko saiakera guztiak euroagindua erretiratuz edo eskaria bertan behera utziz amaitu dira, bai Belgikan, bai Alemanian».

Urtarrilean itzul daitezke

Gaur goizean, Laura Borras JxCateko Espainiako Kongresuko diputatuak bi buruzagien immunitateari buruz hitz egin du. Joan den astean adierazi zuen Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak Perpinyan (Herrialde Katalanak) bi buruzagiekin ekitaldi bat egiteko asmoa; Borrasek esan du oraindik ez dutela eguna zehaztu; «baina urtarrilean izan daiteke», Katalunia iparraldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.