Zine El Abidine Ben Aliren aurkako ikerketa martxan jartzea erabaki du Tunisiako Justiziak. Ondareak legez kanpo eskuratzea, atzerrian zilegi ez diren gordailuak izatea eta dibisen legez kanpoko esportazioak egitea egozten diote presidente ohiari. Ben Alirekin batera, haren emazte Leila Trabelsi eta azken horren anaia eta suhiak ikertuko dituzte. Ondasunak kentzeko aukera ere izango dute, horiek legez kanpo eskuratu dituztela frogatzen bada.
Trabelsi sendiarekiko gorrotoa handituz joan da azken egunotan; izan ere, herrialdearen aberastasunen jabe egin direla uste du gehiengo batek; besteak beste, boterea baliatuz lurrak eta estatu ondasunak eskuratu dituztela.
Suitzak, bestalde, diktadoreak eta haren sendiak herrialdean dituzten diru funtsak blokeatzeko erabakia hartu du. Presidente ohiak herrialdea utzi zuenetik askok eskatu diote Suitzari hori egiteko. Herrialdea «herritarrei lapurtutako ondareak ezkutatzeko» plaza bilakatzea saihestea da neurri horren helburua. Frantzian ere Ben Aliren eta Leila Trabelsiren aurkako salaketa jarri dute gobernuz kanpoko hiru erakundek ustelkeria kasuengatik. Besteak beste, Frantzian dituzten kontuetara herri diruak desbideratu dituztela uste dute erakunde horiek.
Horrez gain, RCD Batzar Konstituzional Demokratikoa alderdiak oraintsu arte lider izan duen Ben Ali alderditik kanporatzea erabaki du, beste sei goi kargudunekin batera. Trantsizioa ahalbidetzeko, oposizioaren eta herritarren eskaerei emandako erantzuna izan da hori. Hala, diktadoreak politikan jarraitzea saihestu nahi da. Saudi Arabiak ere Ben Ali bere lurretan politikan aritzea saihestuko du.
Egoera baretzen hasi da
Milaka pertsona bildu dira Tunisen RCD alderdia desegiteko eskatzeko. Poliziak ez die utzi Habib Burguiba etorbidetik mugitzen, baina ez dute elkarretaratzea desegin. Astelehenean aurkeztu zuten «batasun nazionaleko» gobernua Ben Aliren gertukoekin osatu zuten, eta herritarrak haserre daude erabakiarekin. Hain zuzen ere, haren ministroen esku daude oraindik ere sail garrantzitsuenak. Horrek hiru ministroren dimisioa eragin zuen herenegun. Gobernua osatzeko negoziazioak blokeatuta daude, baina oposizioko alderdiak eta Mohamed Ganutxi lehen ministroak iragarri dute gobernuaren eraketaren inguruan eztabaidatzen jarraituko dutela. Oposizioak RCDk gobernuan pisu gutxiago izatea eskatzen du. Fued Mebaza presidenteak iraganarekin guztiz hautsiko dutela agindu du. Oraingo gobernua behin-behinekoa baizik ez dela gogorarazi du, eta egiazkoa hauteskunde bidez herritarrek aukeratuko dutela.
Egunotan Tunisian izan duten ezegonkortasun egoera baretzen hasi da. Horren ondorioz, gauetan etxeratze agindua bi orduz atzeratzea erabaki dute.
Tunisiako Gobernuak esan bazuen ere protestak hasi zirenetik hildakoak 78 izan direla, NBErenarabera, 100dik gora izan dira. 70 inguru su armen ondorioz hil direla argitu du; zazpi pertsonak euren buruaz beste egin dute, eta 40 inguruk matxinadatan galdu dute bizia.
Ben Ali ikertuko du Tunisiak
Ondareak legez kanpo eskuratzea, zilegi ez diren gordailuak izatea eta dibisen legez kanpoko esportazioak egitea egotzi dioteGobernua eratzeko negoziazioak blokeatuta egon badira ere, ez dira guztiz hautsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu