Espia, mezulari, sukaldari, gerlari. Haur soldaduei orotariko lanak egokitzen zaizkie, testuinguru latzean.Mundu zabalean egun 250.000 -300.000 direla pentsatzen da. Gazte-gazte hasten dira batzuk soldadu, behartuta. Nerabezaroan ekiten diote beste askok, bizitzan beste aukerak urri, eta armek eta ustezko botereak liluratuta. Denak dira haur soldaduak Unicefentzat, eta neska-mutil horien guztien alde egin nahi dute Parisen egiten ari diren konferentzian. Mundu osoko aditu, ordezkari eta agintariak elkartu dira asmo horrekin. Konpromisoak hitzartu nahi dituzte mundu zabalean haurrik inon soldadu ez gehiago ibiltzeko.
Onartutako konpromisoen berri gaur emango dute. Ez hutsetik. Haur soldaduen aurkako lehenengo konpromisoak 1997an ezarri zituzten, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) egindako bileran, eta orain horietako zenbait konpromiso berritu eta berretsi nahi dituzte. Oraingoan arreta berezia jarri nahi dute neskato soldaduen arazoen inguruan; orotariko sexu gehiegikeriak jasaten dituzte askok, haurdun geratzen dira sarritan oso gazterik, eta ume soldaduak birgizarteratzeko programetan arreta bereizia eskaini behar zaiela ikusi dute.
Mundu zabalean programa ugari jarri dira martxan gerran dabiltzan adingabekoen berri izan, eta ahal bada horiek mundu horretatik atera eta berriro gizarteratzen saiatzeko. Iragan urteotan 95.000 neska-mutilek hartu dute parte ekimen horietan. Ahaleginik handiena Afrikan egiten ari dira, bertan daudelako haur soldadu gehienak. Adingabeko 100.000 soldadu inguru daudela uste da.
Pariseko bileran programa horiek zer moduz atera diren aztertu, eta zer nolako urratsak egin behar diren aztertuko dute. «Oraindik ere asko dago egiteko», onartu zuen atzo Unicefeko zuzendari nagusi Ann M. Venemanek.Gerran aritzera behartuta aurkitzen diren haurrek bizi dituzten «izugarrikerien» aurrean begirik ezin dela itxi salatu, eta nazioarteko komunitate osoari dei egin zion borroka horretan parte hartzeko. Fruiturik emango badute, gainera, epe luzerako konpromisoak izan behar dutela ohartarazi zuen.
AEB ETA ERRESUMA BATUKO SOLDADUAK. Haur soldaduen inguruko bileretan izaten da auzi bat desadostasun keinuak sortzen dituena: adina. Unicefek 18 urtetan jarri nahi du inor soldadu bihurtzeko adina. Baina herrialde guztiak ez datoz horretan bat, izan ere,nerabe gazteagoak ere onartzen dituzte zenbait estatuk armadan sartzeko eta formazio militarrerako. Are gehiago.Azkenaldian hainbat iturrik salatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak 18 urtetik beherako soldaduak bidali izan dituztela Irakeko gerrara. Eta, Erresuma Batuak, behintzat, onartu du. Atzo Defentsa ministro Adam Ingramek berak aitortu zuen gutxienez 15 adingabeko soldadu bidali dituztela urteotan Irakera.
Kongoko buruzagi bat zigortu dute, soldadu gaztetxoak zituelako
«Haur soldaduak egotearen ardura dutenak, Justiziaren aurrera eraman behar dira». NBE Nazio Batuen Erakundeko Haurren eta Gatazken auzirako ordezkari Radhika Coomaraswamyk atzo Parisen gogorarazi zuen, ate guztiak jo eta ireki behar direla haurrak soldadu gisara ez inon erabiltzeko; baita justiziarenak ere. Bide horretan, poza azaldu zuen Kongoko talde erreboltari batetako buruzagia, Thomas Lubanga, zigortu egin dutelako 15 urtetik beherako soldaduak izateagatik. Nazioarteko Zigor Auzitegiak ezarri dio zigorra, haur eta nerabeak errekrutatzea «gerrako krimena» dela egotzita.Bide horretan urrats gehiago egiten badira, eta antzeko auzibide gehiago badaude, ume soldaduak nabarmen gutxituko direla gogorarazi zuen, horren aldeko deia eginez.