Benjamin Netanyahuri itzala egingo dionik ez dago Likud alderdian

Moshe Feiglin hautagai ultraeskuindarraren aurrean, botoen %74 lortu ditu Israelgo lehen ministroak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Alderdiko buruzagi eta Israelgo lehen ministro izateko hautagai gisa berretsi du Likudek Benjamin Netanyahu, alderdi barruko hauteskundeetan botoen %74 lortu ostean. Iragarpenak betez, aise irabazi ditu Likud alderdiko primarioak Israelgo egungo lehen ministroak. Baina eskuin muturrak alderdian duen pisua izan da primarioetako eztabaidagaia.

«Gaur, benetako Likudek irabazi du. Arduraz gobernatzen jarraituko dugu», esan du Netanyahuk, alderdi barruan kolonoen pisua gero eta handiagoa izateak sortzen dion kezka agerian utziz. Izan ere, Moshe Feiglin ultraeskuindarrak botoen %24 besterik lortu ez arren, Likudeko militanteen %30 inguru kolonoak direla eman du aditzera Israelgo telebistak. Eta alderdietan —Likuden eta Kadiman bereziki— hauteskundeetarako diputatugaien zerrendak osatzeko ordua iristean, haien eragina argiago nabarituko den ustea daukate.

Israelen 2013 hasieran egin behar lituzkete hauteskundeak, baina Netanyahu aztertzen ari da bozak aurtengo udazkenera aurreratzea, aurrekontuak onartzeko orduan gobernu koalizioan diren alderdi txikien presioari hobeto aurre egiteko.

Ban Ki-moonen bidaia

Israeldarrei eta palestinarrei bake elkarrizketak bazterrera ez uzteko eskatu die Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Bi eguneko bisita hasi zuen atzo Banek Israelera eta lurralde palestinarretara. Netanyahurekin, Shimon Peres presidentearekin eta Avigdor Lieberman Atzerri ministroarekin bildu zen NBEko idazkaria, eta bake elkarrizketei berriro ekiteko «baldintzak sortzeko» eskatu zien.

Israeldik Zisjordaniara joan zen Ban, eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak hartu zuen Gazan. Palestinarrei ere «elkarrizketa mahaira» itzultzeko eskatu zien. Laukotearen bake egitasmoa erabat etenda dago, ordea, Israelek Palestinaren mugei buruz proposamen zehatzik egin ez, bi estatuen irteera baztertu eta koloniak eraikitzen jarraitu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.