"Posible izateaz gain, gertatu egingo dela uste dut, nire agintealdia amaitzen denerako bake akordioa sinatuko dela", adierazi du George Bush AEBetako presidenteak Zisjordaniako Ramala hirian, Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin ordubeteko bilera egin ondoren. Urtebete barru, 2009ko urtarrilaren 20an, amaitzen da Bushen agintealdia. "Sinetsita nago laguntza egokiarekin estatu palestinarra sortuko dela", erantsi du, eta egungo status quo-a ez dela onargarria zehaztu.
Ekialde Hurbilera egiten ari den bidaiaren harira, Zisjordaniako lurralde palestinarretan da Bush. PANeko buruzagiekin bildu eta Annapolisen (AEB) hasitako bake prozesua sendotzea du helburu. Itzeleko segurtasun neurriak hartu dituzte Ramalan Bush iritsi dela-eta: besteak beste, PANen egoitzaren inguruko etxe guztiak banan-bana bisitatu ditu Poliziak, bizilagunen izenak hartu ditu, eta debekatu egin die leihora edo balkoietara irtetzea. Horrez gain, 4.000 bat laguneko armadaren babesa jarri dio PANek, Etxe Zuriarekin koordinatuta.
Hasiera batean Jerusalemdik Ramalara helikopteroz joateko asmoa zuen AEBetako presidenteak, baina eguraldi kaskarraren ondorioz, lurrez joan behar izan du azkenean. Abbasen eta haren gobernukideek egin diote harrera, eta alfonbra gorria jarrita hartu dute.
Jasser Arafat palestinarren buruzagi zenaren argazki azpian egin ditu adierazpenak Bushek. Bizi zen bitartean Arafatekin biltzeari uko egin zion behin eta berriz AEBetako presidenteak, eta gaur ez du haren mausoleoa bisitatu.
Bushek atzo hasi zuen Ekialde Hurbilerako bisita, Jerusalemen. Etxe Zuriko buru gisa, Palestinako lurretan eta Israelgo estatuan inoiz ez zen izan orain arte, eta agintaldia datorren azaroan amaitu aitzin, israeldarrei eta palestinarrei, nahiz hauen agintariei «bakerako bidea erakutsi» nahian joan da hara.
Israelgo presidente Shimon Peresekin, atzo iritsi orduko izan zuen lehen solasaldian, Bushek zera azaldu zuen: «Israelen eta palestinarren arteko gatazkaren oinarrizko arazoak aipatzera etorri naiz, eta, nire ikuspegitik, bi herrientzako bi estatu egitearen konponbidea lortu behar da urte honen amaierarako». Helburu horretan, AEBen betebeharra da «bakerako bidea erakustea», Bushen iritziz. «Israeldarren eta palestinarren eginbeharra da, ordea, bide zail horretan aurrera egitea».
Hitz leun horiez kanpo, adierazpen kalapitatsuagoak egin ditu, baina, AEBetako presidenteak. Hala, Washingtonen eta Tel Aviv artean aspaldiko adiskidantza hizpide zuela, hauxe azaldu du Bushek: «Gure bi herrialdeen arteko aliantzak segurtasun bermeak ematen dizkio Israeli, estatu judu gisa egotearren». Hitz hauek gogor arbuiatu ditu Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak. «Gure lurrak okupatzen dituen estatuaren judu izaeraren onarpena dira adierazpen hauek», salatu zuen Hamaseko bozeramaile Sami Abu Zuhrik. «Palestinako herriaren eskubideak zapuztuta, gure lurretan apartheid erregimena egoteari AEBek dakarkioten sostenguaren adierazle dira».
Hortaz, palestinar mugimendu islamistaren eledunak zera ondorioztatu zuen: «Adierazpen larri hauek argi erakusten dute zeintzuk diren Bushen egitasmoak: etorri da okupazio potentziari sostengu gehiago ekartzera, gure herriaren nazio eskubideen kaltetan».
Mundua
Bere agintealdia amaitzen denerako israeldar eta palestinarren arteko akordioa izango dela esan du Bushek Zisjordanian
Segurtasun neurri handiak hartu dituzte Ramalan AEBetako presidenteren bisita dela eta. Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak eta haren gobernukideek egin diote harrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu