Soslaia. Muammar Gaddafi

Bere bakardadean

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafi ez da Venezuelara joan; Tripolin dagoela ikusarazi dio munduari, Ronald Reaganen misilek utzi bezala dagoen presidentearen eraikinean, erresistentziaren hondakinetan gotortuta, borrokan, «azken odol tanta isuri arte».Ben Aliren eta Mubaraken ondoren erortzen hirugarrena izango dela esan dutenei ohartarazten, indarrez atera beharko dutela, gaizto zaharra ontzen zaila delako.

Mundu arabiarrean zabaldu den esan batek laburbiltzen du Gaddafiren indarra: «Mubarakek bost presidente estatubatuarrek baino gehiago iraun du bizirik, eta are esanguratsuagoa da Gaddafik hiru presidente egiptoarrek baino gehiago iraun izana». Eta halaxe da. Afrikako diktadura zaharrenaren protagonista da Gaddafi 68 urteko beduinoa, 42 urte daramatza-eta agintzen. Berezestatuburu izan gabe, ezta gobernuburu ere. Ofizialki ez du kargurik, haren ustez herrialdea bideratzen duen herriak ez duelako hierarkien beharrik. Baina praktikan dena da; boterea bere moldera egin du, eta orain bere baitara egokitu du egoera berria, «nazioarteko zakurren» informazio manipulatuari beldurrik izan gabe, «iraultzan sakontzen» jarraitzeko.

1969tik, estatu kolpea eman zuenetik, gaurdaino asko aldatu da haren jarduna, mundua bezainbeste. Maltzurkeriaz egokitzen jakin izan du berari komeni izan zaion egoerara, eta batez ere pragmatismoz, eta nazioarteari begira zer esanik ez: egoerak eskatu duenean, ateak ireki dizkio negozioak egin nahi izan dituenari.

Liburu berdea obran jaso zituen 1970eko hamarkadako ideologia oinarriak. Orduan arabiarren batasunaren eta sozialismoaren alde egin zuen, eta Egiptorekin eta Siriarekin batasun arabiar sozialista eratzen saiatu zen, alferrik, neurri handi batean Nasser presidente egiptoarra hil zelako —inspirazio iturri nagusietako bat izan zuen hura—. Che Guevara eta Mao ere kutunak zituen, baina denborarekin, joan den hamarkadan AEBetara eta oro har Mendebaldera gerturatu adina aldatu da ekintzaz, dioenez,pentsamenduz ez horrenbeste, eta buruzagi abilaren fama ere eman diote europarrek zein estatubatuarrek, beldurgarria eta despota ere badela diote, eta nondik aterako den ezin zaiola antzeman, demokraziaren balioa petrolioaren menpekotasunera moldatu behar izan dutenean.

Hainbat estatu kolpetatik onik atera da, eta 1973ko kolpe saioaren ostean aldarrikatu zuen iraultza kulturalari esker boterea handitu zuen herri batzordeen bidez, haietan herriari ahotsa ematen ziola nabarmenduz. Orain ere horretan jarriko du indarra, esan duenez, herriari berea ematen, baina barruan haserre ditu, eta kanpoan ere duela 30 urte gertatu zitzaion bezala, lanak izango ditu, nazioarteko erakundeak haren jardunari erantzuna prestatzen ari baitira.

1980ko hamarkadan, orduan ere zabaldu zen haren izena nazioartean, etsaien artean etsaiena. 1985ean, Erromakoeta Vienako aireportuetako atentatuetan inplikatua zegoela esan zutenean goia jo zuen haren kontrako amorruak. Berlingo La Belle dantzalekuko bi soldaduren hilketaren inguruan hartutako jarreran, eta Lockerbieko (Eskozia) eta UTA hegazkinen atentatuan leporatu zioten esku-hartzeak izan dira batez ere gogoangarriak, baina lehenagotik ere, terrorista zelako, Ronald Reagenek eraso zion Libiari.

1981ean Tripolik Washingtonen zuen enbaxada itxiarazi zuen Reaganek, eta zaintza hegazkinak bidali zituen Libiako kostaldera. Urte hartan Newsweek aldizkariak argitaratu zuen CIAk hura hiltzeko plana zuela. 1982an haren kontra neurri ekonomikoak hartu zituen, eta aliatuei gauza bera egiteko agindu. 1986an erabaki zuen misilekin erasotzea, eta Gaddafiren alaba hil zuen misil haietako batek. Atzo telebistaz erakutsi zituen hondakin haiek dira gertaera haren memoria.

1992an Nazio Batuen Erakundearen zigorrei egin behar izan zien aurre, «ekintza terroristengatik», Lockerbieko atentatuan hil zituzten 273 pertsonen ustezko erantzuleak ez entregatzeagatik. Arma nuklearren ondorioz ere zigortu zuten, baina horiek gogortuta ere, AK Khan Pakistango ingeniariaren trafiko nuklearrarekin lotura izaten jarraitu zuen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren 2008ko txostenaren arabera. «Zer egin behar dudan esatea. Horixe behar genuen», erantzun zion harro jakinarazpen horrek sortutako presioari.

Nelson Mandelaren bitartekaritzari esker, Lockerbieko susmagarriak entregatu, eta aro berri bati ekin zion, eta merkatuekiko harremana berreskuratu. La Belleko eta UTAko biktimei kalteak ere eskuzabal ordaindu dizkie, eta NBEk zigorrak kenduz gero hedapen ekonomiko izugarria izan du, nazioarteko buruzagiek ia gurtzeraino, eta konplizitatez haren ateraldiei barre egiteraino.Iazkoa da, duela lau hilabete eskasekoa, Europarekin «migrazio kooperazioa». Dirutza jasotzen du Europako mugak zaintzeagatik.Etxean, ordea, ustelkeriagatik eta askatasun faltagatik etorri zaizkio protestak. «Demokrazia perfektua» deritzonaren inperfekzioengatik.

Beti harritzen ezustez, itxura bitxiak ezberdintzen du, inguratzen duten emakume bizkartzainek, bidaietara eramaten dituen gameluek; eta ateraldiek. Hizkera filosofikoa duela diote; gogoetazalea, eta hiztuna da oso.Zortzi seme-alaba ditu, denak inguruan, leinu sentimenduari fidel, familia klanari konfiantza osoa eskainiz. Haien artean banatu eta lotu ditu aberastasunak, eta 2009an ozen egin zuen leinuetako buruzagien aurrean Saim el Islam semearen oinordekotzaren iragarpena.

Basamortuaren kulturatik dator,nomaden familia batetik, eta armadan ikasten jarraitzeko aukera baliatutako gazte prestua bilakatu zen. Zuzenbidea ikasi ondoren, Londresen izan zen hainbat ikastaro egiten, Bengazihiria 27 urterekin hartu aurretik. Idris I.a erregea atzerrian zegoen bitartean jabetu zen Libiaz.Bereganatu zuen garaian petrolio hobi garrantzitsuak aurkitu zituzten, eta gizarte zerbitzuak doan eskainiz arrakasta lortu zuen.

Etxeko batzuek, «demokrazia zuzena» deritzonaren zaindaritzat jotzen dute. Haren kritikoentzat, berriz, botere absolutuari heltzen dio ekintza politiko oro itoz eta adierazpen askatasunerako bideak hertsiz. Erregimenak ehunka kartzelatu eta torturatu dituela dio Human Rights Watchek, baita batzuk hiltzera kondenatu ere. Duela ez asko, erretiroa hartu aurretik politikan urratsak egin nahi zituela esan zuen. Egun hori urrun dagoela erakutsi du orain. Bonbek utzitako ehunka gorpu dira horren isla, eta haien senitarteko eta lagunak lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.