Bere bake proposamena onartzeko eskatu dio Liga Arabiarrak Israeli

Erakundearen goi bileran, palestinarrei ezarritako blokeoa kentzeko eskatu diote Mendebaldeari

2007ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Liga Arabiarrak 2002an aurkeztutako bake plana onartzeko eskatu dio Israelgo Gobernuari. Halaber, Mendebaldeari, Israelekin batera palestinarrei iaz ezarritako blokeo politiko eta ekonomikoa kentzeko eskatu dio. Atzo eta gaur artean Riaden (Saudi Arabia) egiten ari den goi bileran, gainera, Irak, Libano, Somalia eta Sudango Darfur eskualdeko egoerak dituzte hizpide erakundeko kideak diren 22 herrialdetako (tartean Palestina) ordezkariek, Libiakoek izan ezik. Azken honek bilkura boikotatu du.

Liga Arabiarreko Atzerri ministroek eskuetan duten zirriborroak puntuz puntu berresten ditu duela bost urteko goi bileran (Beiruten) onartutako bake plana. Finean, Israelek bere soldadu eta kolonoak Gaza, Zisjordania (Eki Jerusalem barne) eta Golango Gainetik (Siriari okupatua) erretiratzearen truke, estatu arabiar guztiek Israelen izaera formalki onartzean eta harekin harremanak hastean datza bake ekimena.

Planak estatu palestinar independentea eratzea eta errefuxiatu palestinarrak Israelek 1948an eta 1967an okupatutako lurretara itzultzea proposatzen du. Duela bost urte Tel Avivek errefusatu zuen, baina orain, behatzaileen esanetan, «modu irekiagoan» hartzen ari da, nahiz eta errefuxiatuen auzian oztopoak jarri.

Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek (Al Fatakoa) «inoiz aurkeztutako planik onena» iritzi dio.

Liga Arabiarreko idazkari nagusi Amr Mussaren esanetan, Ekialde Hurbila «bidegurutzean» dago. «Edo benetako bake baterantz goaz edo [gatazka] egoera areagotuko da».

Iragan astelehenean Liga Arabiarreko Atzerri ministroek Riaden berretsi zuten ez zutela onartuko Tel Avivek eta Washingtonek Liga Arabiarraren 2002ko bake plana aldatzeko eginiko eskaera. Tel Avivek «onartezin» irizten dio errefuxiatu palestinarrak beren etxe eta lurretara (Israelek bortxaz zein beldurrez 1948an eta 1967an kanporatuak) itzultzeko aipamenari.

Ildo horretan, Israelgo Yediot Ahronot eskuineko egunkariak dioenez, Saudi Arabia, Israel eta AEBak «ekimen diplomatiko-finantzario berria» atontzen ari dira isilpean egiten ari diren elkarrizketetan. Planaren asmoa errefuxiatu palestinarrei diru laguntzak ematea da, egun Palestinatik kanpo dauden herrialdeetan -nagusiki Jordania, Libano, Siria eta Egipto- gelditzearen truke. Itzuli nahi dutenei soilik 1967ko lurraldeetan egokitzea ahalbidetuko litzaieke, ez, ordea, 1948ko lurraldeetan. Alegia, soilik PANen kontrolpeko eremuetan. Egun ia 10.000.000 milioi errefuxiatu palestinar daude munduan.

Saudi Arabiako errege Abdula Bin Abdelazizek Mekako Akordioarekiko erabateko sostengua eskatu die Liga Arabiarreko kideei. Mekako Akordioa joan den otsailean sinatu zuten alderdi palestinar nagusietako gehienek, batasun nazionaleko gobernua osatzeko.



IRAK, LIBANO, SOMALIA ETA DARFUR. Bestalde, goi bileran gonbidatu gisa egon den NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moonek, Palestinako gatazka konpontzeko proposamena biziberritzeko eginahalak txalotzeaz gain, Libano, Irak, Somalia eta Darfurko gatazkak konpontzeko «elkarlanerako» deia egin du. Tokian tokiko talde eta komunitateei ez ezik, Liga Arabiarrari eta OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundeari zuzendu zaio NBEko burua.

Europako Batasuneko Atzerri politikarako goi komisionatu Javier Solana ere 2002ko bake planaren alde agertu da, eta Libanon «atzerritarren esku-hartzea» eragozteko beharra nabarmendu du.

Bien bitartean, Irango auzi nuklearraz mintzo, Liga Arabiarreko buruak berretsi du Ekialde Hurbilean «helburu militarrak dituen programa nuklear ororen kontra» dagoela erakundea. Auzia konpontzeko bide egoki bakarra «elkarrizketarena» dela esan du, baina gogorarazi du nazioarteak «berdin» tratatu behar dituela eskualdean programa nuklearrak dituzten estatu guztiak, Israelen kasuari ere erreferentzia eginez.



GADDAFIREN BOIKOT ETA PROPOSAMENA. Libia izan da Liga Arabiarraren goi bilera boikotatu duen kide bakarra, agenda Washingtonek «diktatu» duela salatuta. Herenegun gauean Al Jazeera telebistari Libiako presidente Muammar Gaddafik adierazi zionez, «Arabiarren eta islamaren etsaiek» idatzi dute agenda. «AEBek agindu diete biltzeko. Buruzagi arabiarrekiko pena sentitzen dut, ez baitute [erabakitzeko] botererik».

Palestinako gatazka konpontzeko, Gaddafik berriz proposatu duIsratin izeneko estatu binazionala sortzea, Palestina historiko osoan. «Aterabiderik onena da, 300 milioi arabiarrek populatutako eskualdean juduak desagertzetik salbatzeko». Gaddafik ez du 2002ko bake ekimena ontzat jotzen.

Gainera, irakiarrek okupazioarekiko erresistentzia armatua erabiltzeko eskubidea defendatu du.

Londresi leporatu dio orain Darfurko herritarrak babestu nahi izana, «XIX. mendean haren okupazioren kontra matxinatu ziren Al Mahdi imamaren jarraitzaileak sarraskitu zituenean».

«Darfurko bataila AEBen eta Txinaren artekoa da, hango petrolio aberastasunagatik», salatu du.



LIGa AraBIarraren PLana

Liga Arabiarrak 2002an Beiruteko goi bileran onartutako bake ekimena, Saudi Arabiak proposatua.



Israelen politika aldaketa. Liga Arabiarraren Kontseiluak Tel Avivi bere politika berraztertzeko eskatzen dio, bakera bidera dezan. Halaber, bake globala estrategiatzat onartzen duela iragartzeko eskatzen dio.

Israelen erretiratzea. Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerratik okupatzen dituen lurraldeetatik (Gaza eta Zisjordania, Eki Jerusalem barne, eta Siriako Golango Gaina) erretiratzeko eskatzen dio Kontseiluak.

Errefuxiatu palestinarren auzia. Errefuxiatu palestinarren auzia konpontzeko bidezko aterabidea, NBEren 194 ebazpenaren arabera, onar dezala eskatzen dio Kontseiluak Israeli .

Estatu palestinar independentea. 1967an okupatutako lurralde palestinarretan estatu palestinar independentea -Eki Jerusalem hiriburutzat- onar dezala eskatzen dio Israeli.

Aurrekoa betez gero... estatu arabiarrek bukatutzat joko dute Palestinako gatazka, eta konpromisoa hartuko dute Israelekin bake akordioa sinatzeko, eskualdeko estatu guztien segurtasuna bermatzeko. Halaber, bake globalaren testuinguruan, Israelekin harremanak hasiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.