Ondare kulturalaren aurkako "gerra krimenak" egiteagatik epaitzen ari dira Ahmad al-Faqi al-Madhi; lehen aldia da Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak halako akusaziorik egiten duena. Maliko Timbuktu hirian bederatzi hilobi sakratu eta meskita bat suntsitzeko agindua ematea eta ekintzetan parte hartzea leporatzen diote. "Errudun" jo du bere burua Al-Madhik, eta akusazioak "zehatzak eta zuzenak" direla esan du. Bere ekintzen ondorioek eragindako kalteengatik damua adierazi du, eta barkamena eskatu.
Ansar Dine Legearen Defendatzaileak taldeko kidea da Al-Mahdi. Al-Qaedako Magreb Islamikoko adar horrek xaria lege islamikoa zorrotz ezartzeko ahalegina egin zuen harik eta 2013an boterea galdu zuen arte —Maliko eta Frantziako armadek eta tuareg independentistek kanporatu zituzten bereganatutako eremuetatik—.
Suntsitutako ondarea
XV. eta XVI. mendeetan islamaren jakintza eta espiritualtasunaren hiria zen Timbuktu, eta horregatik izendatu zuen Gizateriaren Ondare Unescok. Mausoleo ugari ditu, buztin eta kare lurrezkoak, eta horietako batzuk pikotx eta palaz suntsitu zituzten muturreko islamistek 2012an, baita XV. mendeko meskita bat ere: Sidi Yahya —Djingareyberkoa ere hondatu zuten—. Azken urteetan berreraiki egin dituzte monumentuetako asko.
Unescoren arabera, matxinoek 370.000 eskuizkribu bereganatu zituzten, asko kontrabandoan saltzeko, eta beste 4.200 dokumentu betiko desagerrarazi zituzten.