Iraken okupazioa

Bere kontrako epaiketa "itxurakeria" hutsa dela salatu du Saddam Husseinek, eta "benetako kriminala" Bush dela

Irakeko Tribunal Berezian deklaratu dute gaur Saddan Hussein presidente ohiak eta haren gobernuko hamaika kidek. Husseinek esan du ez duela tribunala onartzen, bere kontrako epaiketa "itxurakeria" hutsa dela, eta "benetako kriminala" George Bush AEBetako presidentea dela. Atxilotu zutenez geroztiko Husseinen lehendabiziko irudiak zabaldu ditu Al Jazeera telebista kateak.

2004ko uztailaren 1a
17:02
Entzun
Nazioarteko albiste agentzien arabera, "Saddam Hussein naiz, Irakeko presidentea", esanez erantzun du epaimahaiak identifikatzeko eskatu dionean.

Aurretik, bere kontra aurkez ditzaketen karguen zerrenda irakurri diote Husseini: besteak beste, 1980ean kurduen aurka eta 1991an kurduen zein xiiten kontra egindako sarraskiak. Kuwaiten inbasioagatik ere karguak aurkez ditzaketela azaldu dio epaimahaiak, eta akusazio horri haserre erantzun dio: hain zuzen ere, tribunalari esan dio irakiarrak badira ezin dutela esan Kuwait inbaditu zutenik, "Kuwait Irakeko parte baita".

Karguen eta eskubideen akta sinatzeari uko egin dio Saddam Husseinek, bere abokatuari deklarazio garaian han egotea galarazi diotela argudiatuta.

Ziur aski, lau akusazio aurkeztuko ditu epaimahaiak presidente ohiaren aurka: kurduak eta xiitak sarraskitzea, Kuwait inbaditzea, Iran eta Iraken arteko gerrako gehiegikeriak eta kurduak gas pozointsuekin erasotzea.

Husseinek ez ezik, haren gobernuko hamaika kidek ere deklaratu dute gaur Irakeko Tribunal Berezian, besteak beste, Tarek Haziz lehen ministroak eta Taha Jassin Ramadan lehendakariordeak.

Joan den urtarrilean atxilotu zutenez geroztik aurreneko aldiz Saddam Husseinen irudiak zabaldu dira gaur, zehazki, tribunalean deklaratu duen unekoak. Quatargo Al Jazeera telebista kateak zabaldu ditu, soinurik gabe. Izan ere, AEBetako Armadak ikuskatu ditu irudiak zabaldu aurretik, eta soinua kendu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.