Generalitateak bere bidea egingo du, «gertatzen dena gertatzen dela», Artur Mas presidenteak baieztatu duenez, eta horren adibide gisara atzo Generalitateak Kataluniako lau diputazioekin egindako hitzarmena jarri du. Kataluniak etorkizunean izango duen berezko ogasun sistemaren«enbrioia» da aurkeztutakoa. Akordioak zergen arloko katalanen eginkizunak arinduko ditu, «leihatila bakarraren» sistemaren bitartez. Urtebetean 150 bulegok osatuko dute sarea, eta diputazioek eta Generalitateak zergei buruzko informazioa partekatuko dute, zerga iruzurrari aurre egiteko, eta baita zerbitzuak eta informazioa ere.
Atzoko akordioari itxura «sinbolikoa» eman nahi izan diote, Espainiako Gobernuarekin duten auzian erabakitasunez jokatzen ari direla erakusteko. Kataluniako legebiltzarrak itun fiskalaz hartutako erabakia betetzera etorri da akordioa. «Hau lehen urratsa da, legebiltzarrean onartutako itun fiskal batetik eratorri dena, zeina akordioaren bidetik negoziatzen saiatuko garen Espainiako Gobernuarekin. Baina ezin bada, Kataluniak bere bidea egin behar du. Ezin die muzin egin orainari eta etorkizunari», azaldu du Masek.
Estatu egiturak
Lau diputazioek sinatu dute akordioa —laurak CiUk gobernatzen ditu—, eta etorkizunean zerga partzuergo bakarra izateko oinarriak jarri dituzte; Joan Rene Lleidako diputazioko presidentearen ustez, alegia, «estatu berri baten egiturak sortzeko oinarriak» azken finean.
Espainiako PP alderdiak ez du zerga sistema berraztertzeko asmorik ekonomia suspertzen hasten den arte. Sistema berraztertzea 2013 amaieran egokituko litzaioke, indarrean sartu eta bost urte betetzen direnean. Baina Espainiako Gobernuak, epeak baino gehiago, egoera ekonomikoa du jomugan, eta, zehazki, diru sarrerak handitzea. 2013rako ekonomia suspertzen ez bada, gobernuak epea atzeratu behar dela pentsatzen du.
Berezko ogasun sistemaren oinarriak jarri ditu Generalitateak diputazioekin
Katalanek beren bidea egiteko erabakitasuna dutela erakusten du, Artur Masentzat, akordio «sinbolikoak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu