Berlusconi eta haren seme bat ikertzen ari dira, zergak ordaintzea saihesteagatik

Mediaset telebista kateko hamar lagun daude auzipetuta; Fiskaltzak hilaren 26rako deitu ditu deklaratzera

Erredakzioa
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconi Italiako gobernuburuaren aurkako beste auzi ikerketa bat hasi dute magistratuek. Enpresen gaineko zergak ordaintzea saihesteko ustez egindako iruzurra ikertzeari ekin dio Erromako Fiskaltzak.Berlusconi, haren seme bat eta beste hamar bat lagun daude akusatuta. Epaileen arabera, zergak ordaintzea saihesteko sistema hori agintariaren jabetza diren telebista kateak eta hedabideak kudeatzen dituen sozietatearen barruan eratu da. Mediasetek, akusazioaren arabera, artifizialki garestitu ditu hainbat filmaren copyright prezioak. Modu horretara, kutxa beltzak eratu ditu atzerrian, herrialde honetan bertan etekin kopurua murrizteko. Ororen buru, herri altxorrari aitortutako irabaziak benetan eginikoak baino txikiagoak izanda, hainbat diru ordaintzea saihestu ei du Mediasetek.

Lege haustea egiaztatuz gero, auzipetuek urte bat eta erdi eta sei urte bitarteko espetxe zigorra jaso dezakete. Erromako Fiskaltzak, dena den, galdeketak egin nahi dizkie Silvio Berlusconi Mediaseteko jabeari, enpresa honetako buruordea eta haren seme Piersilvio Berlusconiri eta sozietateko presidente Fedele Confalonieriri. Horretarako, urriaren 26rako deitu ditu deklaratzera. Alabaina, Berlusconiren ingurukoek ziurtatu dute gobernuburua ez dela hitzordura azalduko.

Erreakzio kontrajarriak

Berlusconiri eta haren gobernuko kideei immunitatea ematen dien lege bat onartu zuten iragan martxoan,urte bat eta erdiko epe batean behintzat. Alabaina, oposizioak jarritako helegitearen ostean, Konstituzio Auzitegiak erabaki bat hartu beharko du abenduaren erdialdean. Anartean, Berlusconiren eta Mediaset sozietateko beste arduradun andanaren kontra Milanen hasitako auzia behin-behinean geldituta dago -2002 eta 2005 artean zortzi milioi euroko zerga ordaintzea saihesteko 34 milioi euro desbideratzea leporatu diote-. Erromako Fiskaltzak orain hasitako ikerketarekin lau dira agintariak zabalik dituen auziak.

Auzi berri honek erreakzio kontrajarriak eragin ditu Italian. Fabrizio Cicchhito PDL Askatasunaren Herria alderdiko diputatuen buruaren hitzetan, «Justiziaren erabilera politikoa» egiten ari da. Erabat alderantziz, Antonio di Pietro ustelkeria kasuen aurka magistratu gisa jardun duen eta gaur egun IDI Balioen Aldeko Italia alderdiko buru den epaile ohiak esan du «txukun jokatzen ez denean» ezinezkoa izan beharko lukeela gobernuburu izatea. PDCIko komunistek ere iritzi berdintsua azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.