'Mediaset auzia'

Berlusconi ez da geldituko jokaleku politikotik at

Italiako Auzitegi Gorenak urtebeteko espetxe zigorra berretsi dio 'Mediaset auzian', baina bertan behera utzi du lehen ministro ohia bost urterako inhabilitatzeko agintzen zuen sententzia. Egiaz, ez du espetxera ere joan beharko: etxean edo auzolanen bidez bete dezake zigorra.

Samara Velte.
2013ko abuztuaren 1a
23:24
Entzun

2002 eta 2003 artean Mediaset hedabide inperioaren bidez diru beltza deklaratu gabeko enpresetara bideratzeaz erruduntzat jo dute Italiako lehen ministro ohia. Fiskaltzaren arabera, Berlusconiren Mediaset enpresak 280 milioi euroko zerga iruzurra egin zuen 1990eko hamarkadan eta 2000ko hasieran. Delitu gehienek, ordea, preskribatu dute jada, eta urte fiskal bakarreko iruzurra zen epaitzeko gelditzen zena. Delitu horrexegatik, lau urteko espetxe zigorra eta bost urteko inhabilitazioa jarri zion Milango auzitegi batek iazko urrian, eta sententzia bere horretan berretsi zuen bigarren instantziako beste auzitegi batek iragan den maiatzean.

Auzitegia osatzen duten bost epaileak herenegundik aritu dira alde guztien bertsioak entzuten, eta gaur iluntzean eman dute behin betiko epaia. Defentsak absoluzioa eskatu du. Fiskalak espetxe zigorra mantentzeko baina inhabilitazioa 3 urtera jaisteko eskatu du, «lege arrazoiak» direla medio. Azkenean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du defentsaren helegitea, baina neurri batean soilik: espetxe zigorrari eutsi dio, baina baliogabe utzi du inhabilitazioari zegokiona. Auzi hori Milango auzitegiari itzuli dio, hark kasuaren inguruko erabaki bat har dezan.

Egiaz, espetxera ere ez du joan beharko Berlusconik: bere adina dela medio, etxeko atxiloaldian edo auzolanen bidez kitatu dezake zigorra.

Italiako pertsonarik boteretsuenetarikoak ezagun ditu auzitegiak. 1990eko hamarkadaz geroztik, gutxienez hogei auzitan nahastu dute Berlusconi: besteak beste, alderdiak eta enpresak legez kanpo finantzatzeagatik, mafiarekiko harremana izateagatik eta botere gehiegikeriagatik. Beti luzatu dituzte epaiak; sarri, denbora amaitzeraino. 'Mediaset auziko' inhabilitazio zigorra berretsi izan balute, lehenbiziko aldia zatekeen 'Il Cavaliere' erabaki judizial batengatik agertoki politikotik at geldituko zena. Beste lau auzi zabalik ditu oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.