Enrico Lettaren gobernuari konfiantza botoa eman dio Silvio Berlusconi PDLko buruak Senatuan, ezustekoa eman ere, lehen ministro ohiak oraingoa babestuko duela esan duenean. Bera izan baita, oraingoan ere, Italiako Gobernuaren krisiaren eragile, joan den larunbatean bere alderdiko bost ministrok dimisioa eman zezaten agindu zuenean. Hainbat alderdikidek, ordea, atzo bizkarra eman, eta atzera eginarazi diote. Gaur, denen ezusterako lasai hitz egin du: "Erabaki dugu, ez barne zailtasunik gabe, gobernuari konfiantza botoa ematea". 235 boto jaso ditu Lettak alde, eta 70 kontra.
Madama jauregia isilik geratu da Berlusconiren argudioen aurrean: "konbentzitu" egin du Lettaren diskurtsoak. Horregatik aldatu du iritziz. Italiak behar dituen neurriei buruz egindako diskurtsoak konbentzitu duela esan du, baina onartu du bere alderdiak zailtasun asko izan dituela ondorio horretara heltzeko, eta Lettari hainbat kritika egiteko ere baliatu du hitza.
Joan den larunbatean PDL alderdiko bost ministrok dimisioa eman eta Italiako Gobernua kolokan jartzeko jokoa egin zuen Il Cavaliere-k. Enrico Lettak, baina, gobernuan jarraitzeko babesa eskatu dio legebiltzarrari, gobernua erortzeak Italiari ekarriko lizkiokeen oinazeez ohartaraziz. Atzo, azkenean, PDLko ordezkariek jakinarazi zuten gobernuan aurrera jarraitzeko adina babes jasoko zuela Lettaren gobernuak. Gaur, berriz, Silvio Berlusconi negarrez eta Enrico Letta barrez agertu dira, Italiako politikagintzak eskaintzen dituen irudi bitxietako bat emanez.