Italiako Parlamentuaren gehiengoak babesa agertu dio Silvio Berlusconi lehen ministroaren gobernuari; bigarren aldiz legealdi honetan. Iazko abenduren 14an ere legebiltzarrak konfiantza berretsi zion lehen ministroari. Orduan hiru botoren aldearekin lortu zuen konfiantza galdea gainditzea; atzo, berriz, hamabost botoren aldea atera zion oposizioari. 316 parlamentarik bozkatu zuten gobernuaren alde, eta 301ek kontra —315 boto behar zituen—. Halere, oposizioaren esanetan, Berlusconiren gehiengoa «zenbakizkoa da, ez politikoa».
Berlusconik berriro erakutsi du egoera aldrebesei buelta emateko gaitasuna. Bozketa egin baino lehen haren karrera politikoa bukatutzat ematen zuten askok; Finantial Times egunkariak, adibidez, Silvio, time to go (Silvio, boterea uzteko garaia) editoriala argitaratu zuen. Oposizioko alderdiak, ostegunean bezala, legebiltzarretik atera ziren bozkatu aurreko hitzaldian, eta bozkatzera baino ez ziren sartu.
Italiako enpresariak, ikasleak, sindikatuak eta baita Eliza ere lehen ministroaren kontra daude; Berlusconik, ordea, gogor eutsi nahi dio botereari, gutxienez 2013ra arte. «Hanka sartze galanta egin du oposizioak, oker egin ditu kalkuluak. Trikimailu zaharretara itzuli da, eta irudi penagarria eman du. Italiarrek horren inguruko gogoeta egin beharko dute», esan du lehen ministroak diputatuen babesa lortu ostean.
Berlusconik erraz lortu du Italiako Parlamentuaren gehiengoaren babesa
Gobernuak lortu duen gehiengoa «zenbakizkoa da, eta ez politikoa», oposizioko alderdien arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu