Italia

Berlusconik eurogunearen neurriak aurrera atera ondoren utziko du kargua, Errepublikako presidentearen arabera

Duela bi aste lortutako akordioa parlamentura eramango du lehen ministroak. Legebiltzarrak iazko aurrekontuak onartu ditu gaur, baina gehiengo osorik gabe. "Traizionatu egin naute alderdikideek", esan du Berlusconik. Giorgio Napolitanok eta biek bilera egin dute arratsean.

2011ko azaroaren 8a
20:18
Entzun

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak dimisioa emango duela adierazi du gaur arratsean Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidentearen kabineteak, baina kargua eurogunearen murrizketa neurriak onartu ostean utziko duela. Napolitanok eta biak bilera egin dute aurretik.

Berlusconik atzo zioen orain bi aste eurogunearekin lortutako akordioa Italiako Parlamentura eramango duela, legebiltzarkideek neurrien alde edo kontra bozka dezaten. G20 taldeak ostiralean iragarri zuen Italiako ekonomian esku hartzea erabaki duela, ikuskariak jarrita.

Lehen ministroak aurrera atera ditu gaur legebiltzarrean iazko aurrekontuak, baina ez du gehiengo osorik lortu. 316 boto behar zituen horretarako, eta 308 jaso ditu. Oposizio osoak ez du bozketan parte hartu, "Italiaren egonkortasunari mesede" egin diolakoan. Boto bat kontrakoa izan da, eta beste diputatu bat abstenitu egin da.

"Traizionatu egin naute alderdikideek", esan die Berlusconik bere alderdi PDLko diputatu batzuei. "Baina hauek nora joan nahi dute? Zer egin jakin beharra dago, baina ez naiz errendituko, aurrera jarraitu nahi dut. Zenbaki arazo bat dago hemen".

Bozketaren ostean Atzerri, Administrazio Publiko eta Erreforma Instituzionalaren ministroekin eta PDLko idazkari nazionalarekin bildu da, Napolitano Errepublikako presidentearekin ere bai, eta ondoren Umberto Bossi gobernuko bazkidearekin elkartzera joan da. Bossik gaur goizean iradoki du Berlusconik utzi egin beharko lukeela kargua.

Dimisiorik ez duela aurkeztuko berretsi zuen Berlusconik atzo, baina Parlamentuan "hilko" dela: "Ni hautestontzietan jaio naiz, eguzkiaren argitara, eta hilko banaiz, Parlamentuan hilko naiz".

Akatsak izan dituela onartu zien lehen ministroak gertukoei, baina bere printzipioei eta ordezkatzen duenari eutsiko diola. Oposizioari garaipena "ematea" Italiari "traizioa" egitea litzatekeela ere esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.