Berlusconik gehiengo osoa lortu du Legebiltzarreko bi ganberetan

Italiako zentro-ezkerreko buruzagi Veltronik porrota onartu eta zorte ona opatu dio eskuineko buruzagiari

arantxa elizegi egilegor
2008ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bere hirugarren gobernua izango dena prestatzen has daiteke Silvio Berlusconi kontserbadorea. Izan ere, berak irabazi ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak. PDL Askatasunaren Herria zentro-eskuineko koalizioak garaitu egin du zentro-ezkerreko Alderdi Demokrata, bai Diputatuen Ganberan, 8,4 puntuko aldearekin, eta baita Senatuan ere, 8,9ko aldearekin. Ondorioz, Italiako hauteskunde sistemak Diputatuen Ganberan irabazten duena saritzen duenez, Berlusconiren koalizioak gehiengo osoa izango du Legebiltzarreko behe-ganberan.

Behin-behineko emaitzen arabera, gehiengo osoa lortu du eskuinak Legebiltzarreko goi ganberan. Pozik agertu da eskuineko buruzagia garaipenarekin, eta adierazi du oposizioarekin hitz egiteko prest dagoela. Italiako telebista publikoari eskainitako elkarrizketan buruzagi kontserbadoreak iragarri du Lega Nordeko buru Umberto Bossi eta Aliantza Nazionaleko Gianfranco Fini gobernu berriko kide izango direla, eta ohartarazi «urte zailak» datozela.

Botoak zenbatzen amaitu aurretik, eta Silvio Berlusconik Senatuan gehiengo osoa lortuko zuela zioten inkesten aurrean, Veltronik berak onartu zuen porrota, nahiz eta emaitzak behin-behinekoak izan. «Askatasunaren Herria taldeko buruzagi Silvio Berlusconiri deitu diot zoriondu eta zorte ona opatzeko». Dena den, Veltronik nabarmendu zuen ezkerrak gora egin duela, izan ere, iraileko inkestetan eskuinak 22 puntuko aldea ateratzen zion Alderdi Demokratari.



HERRITARRAK HASERRE. Beste ondoriorik ere izan du botoak bi talde nagusien artean banatu izanak. Diputatuen Ganberako jarduneko presidente eta Ezkerra-Ostadarra zerrendaburu Fausto Bertinottik buruzagitza utzi du. Komunista eta berdeek osatutako koalizioak, lehen aldiz, ez du ordezkaritzarik izango Senatuan.

Adituen arabera, hala ere, herritarrek hautagai baten alde baino gehiago alderdi baten aurka bozkatu dute. Berlusconi lehendik ere bitan izan da lehen ministro, eta urte haietan hartutako erabakiek -Irakera militarrak bidaltzea, kasu- kritika gogorrak eragin dituzte. Bestetik, berriz, orain arteko gobernuburua izan den Romano Prodiren «kopia» da askorentzat Veltroni, eta hark agintea lortuz gero, Gobernuak porrot egingo lukeela uste dute askok. Horiek hala, ez da harritzekoa parte-hartzea duela bi urteko hauteskundeetan baino txikiagoa izatea: %80,4 ingurukoa -%83,98koa izan zen 2006an-.

Parte-hartzearen gainbehera, neurri handian, herritarren haserrearen ondorio da. Kontuan hartzekoa da Italian II. Mundu Gerraz geroztik oso gutxi izan direla urtebete baino gehiago iraun duten gobernuak.

Koalizio bereko alderdien arteko liskarrak batetik, eta iruzur salaketak bestetik, inor ez da gai izan agintaldia osorik amaitzeko. Ondorioz, igandean hasi eta atzo amaitu ziren Legebiltzarrerako eta udaletarako hauteskundeetan egoera salatu zuten hainbat lagunek. Sorrenton, Italiako hegoaldean, esaterako, herritar batek boto-papera puskatu eta jan egin zuen hautes-mahaiaren aurrean, «politika pozoitua» dagoela adierazteko. Horretaz gain, Beppe Grillo komedia-antzezleak sortutako Beppe Grilloren Lagunak herri zerrendako kideek bozka-txartelak itzuli zituzten, eta salatu hauteskunde legea Konstituzioaren aurkakoa dela, eta hautagai asko delitugileak direla.



SosLaIa

Politikako «Jesu Kristo»

Silvio Berlusconi
Askatasunaren Herria koalizioko buruzagia
«Politikagintzako Jesukristo naiz. Pazientzia daukan biktima naiz, nire aurretik jartzen ditut guztiak; nire burua sakrifikatzen dut besteengatik». Halako esaldiak maiz atera dira Italiako hurrengo lehen ministroa izango den Silvio Berlusconiren ahotik (Milan, 1936). Umiltasuna eta diplomazia ez dira bere ezaugarri nagusietako bi, eta horrek arerio ugari sortu dizkio. Hala ere, hirugarren aldiz bere ametsa egia bihurtu eta beste behin Italiako Gobernua zuzendu ahal izango du eskuineko buruzagiak, behin-behineko emaitzen arabera behintzat.

Zenbaitek pentsa dezakete,Berlusconi, Jesukristo bezala, hilezkorra dela, eta hala dirudi, izan ere, behin baino gehiagotan saiatu dira hura politikagintzatik urruntzen, baina lortu gabe. Iruzurra eta epaiketan gezurra esatea egotzita maiz egon da zigortua izateko zorian, baina gaur arte salaketa guztiak atzera botatzea lortu du.

Duela hamalau urte, 1994an, lortu zuen lehen aldiz lehen ministro izatea Lega Nord eta Aliantza Nazionala alderdiekin koalizioan. Gobernuak, ordea, zazpi hilabete eskas iraun zuen. Baina ez zuen etsi 2001ean berriz agintera iritsi zen arte. Bost urte iraun zuen haren agintaldiak, eta tarte horretan bi gobernu zuzendu zituen. Baita marka bat hautsi ere: berea izan zen II. Mundu Gerraz geroztik izandako agintaldirik luzeena.

Bestalde, Italiako pertsona aberatsenetako bat ere bada Berlusconi, izan ere, hiru telebista pribatu nagusiak kontrolatzeaz gain, beste hainbat enpresaren jabe ere bada. Ondorioz, oposizioak ohartarazi du bere interesen aldeko politika egingo duela, herritarren aldekoa baino gehiago. ­ A. E.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.