mundua

Berlusconiren alderdiak koalizio gobernu baterako prest jarraitzen duela azaldu dio Napolitanori

PDL Askatasunaren Herriako ordezkariak Giorgio Napolitano presidentearekin bildu dira. Berlusconi prest agertu da zentro-ezkerrarekin koalizio gobernua osatzeko; teknokratekin ez, ordea. Pier Luigi Bersanik ez du behar besteko babesik lortu gobernua eratzeko; beraz, presidentearen esku gelditu da beste aukerak bilatzeko ardura.

2013ko martxoaren 29a
15:29
Entzun

Napolitanorekin bildu ostean, Berlusconik esan du euren jarrera "argia eta betikoa" dela. Gobernuan jarraitu beharreko ildoen gainean, prest agertu da egoera ekonomikoari aurre egiteko "urgentziazko neurriak" hartzeko. Berlusconiren arabera, akordio bat lor dezakete arlo horretan, behin gainerako alderdien proposamenak aztertuta.

Roberto Maroni Lega Nord-eko idazkari nagusia ere Berlusconirekin izan da prentsaren aurrean. Hura teknokraten gobernu baten aurka agertu da: "Mario Montiren gobernuaren aurka geunden; pentsa horrelako beste gobernu bat heltzen bada. Hobea da hauteskundeak egitea". Maroni ere "gobernu koalizio bat" babestearen alde agertu da, "erantzunak emango dituen gobernu bat, ez gobernu tekniko bat".

Babesik gabe

Gainerako alderdietako ordezkariekin ere egingo du bilera gaur arratsaldean Napolitanok. Atzo Bersanik berak Napolitanori jakinarazi zion ez duela behar besteko babesik lortu gobernua eratzeko, eta beraz, presidentearen esku gelditu da beste aukerak bilatzeko ardura.

Ia ordu eta erdi eman zuen atzo arratsaldean zentro-ezkerreko koalizioko hautagaiak Napolitanoren bulegoan, eta zazpi eta erdiak aldera eman zuen prentsaurrean hitz egindakoaren berri. Bersanik esan zuenez, beste alderdien "ukoek eta baldintza onartezinek sortutako zailtasunengatik" izan da ezinezkoa ados jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.