Italia. Berlusconiren etorkizuna. Massimo Franco. 'Corriere della Sera' egunkariko analista politikoa

«Berlusconiren ziklo amaieran gaude, baina ez da ikusten atzetik zer datorren»

Italiako lehen ministroaren aroa amaitzen ari dela uste du Massimo Francok, baina egoerak iraultzeko duen gaitasuna ikusita, Berlusconiren agurra luzea izango delakoan dago.

BASSO CANNARSA.
Jon Fernandez.
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Massimo Franco (Erroma, 1954) Italiako Corriere della Sera egunkariko analista politikoa da. Sakon ezagutzen ditu Italiako eta Vatikanoko zirrikitu eta korapilo politikoak, eta gai horien inguruko hainbat liburu ditu argitaratuak. Andreotti. La vita di un uomo politico, la storia di un'epoca (2008) Giulio Andreotti lehen ministro demokristau ohiaren biografia eta eliza katolikoaren gainbeherari buruzko C'era una volta un Vaticano (2010) dira haren azken lanak.

Italiako Gobernuak oraindik ere ganberen babesa izan arren, azkenetan al dago Berlusconiren aroa?

Krisi geldo batean gaude. Egia esan, Berlusconiren ziklo amaieran gaude, baina oraindik ez da ikusten atzetik zer datorren. Beraz, ziklo honen amaierak luze jo dezake.

Zenbateraino?

Berlusconik legegintzaldia osorik bete nahi du, hau da, 2013ra arte. Baina orain begi bistakoa da oso egoera eskasean dagoela. Gaur egun inor gutxik egingo luke apustu legegintzaldi osoa betetzearen alde, baina inoiz ezin da jakin zer gertatuko den.

Udal bozetan eta galdeketetan izandako porrotaren ostean, legegintzaldia bukatzeko gai izango da?

Legegintzaldia amaitzen saiatuko da, baina ez du erraza izango. Ez dizkio oposizioari bi urte oparitu nahi, eta ahal duen guztia egingo du ez erortzeko, baina ez nago ziur denbora guztia amaituko ote duen.

2013ko bozetan Berlusconi hautagai gisa aurkeztuko duela uste duzu?

Ia ezinezkoa iruditzen zait.

Bozak aurreratu gabe lehen ministroa aldatzea da beste aukera bat.

Galdera marka handi bat dago aukera horren gainean. Ikusi egin behar. Gaurtik urrira bitartean Berlusconi amilaraziko lukeen krisi handi bat balego, posible litzateke. Krisi hori urtearen amaieran baletor, berriz, ez. Dena dela, zaila ikusten dut Berlusconiren osteko garaira salto egitea tartean hauteskunderik izan gabe.

Atzokoa eta gaurkoa egun erabakigarriak izan dira Berlusconirentzat?

Ezezkoan nago. Datozen asteetan etorriko dira egun erabakigarriak, gobernuak krisi ekonomikoari eta egoera prekarioan bizi den gehiengoaren arazoei aurre egin behar dienean. Hortaz, atzokoa eta gaurkoa ez dira egun erabakigarriak izan.

Zein jokaleku aurreikusten dituzu luze gabe?

Uste dut gobernuak egonkortasun aro berri baterantz egingo duela. Seguruenik, hurrengo hilabeteetan ez da ezer gertatuko, iraila iritsi arte.

Zer gertatuko da irailean?

Orduantxe ikusiko dugu ea zer gertatzen den. Izan ere, bai Libiako misioaren inguruan eta bai bestelako gaien inguruan erabakiak irailera atzeratzeko joera dagoelakoan nago. Hortaz, ziklo baten amaiera ikusten dudan fase honetan, Berlusconik ahalik eta gehien moteldu nahi du ziklo amaieraren abiadura. Eta iruditzen zait Lega Nordek ere ez duela aroaren bukaera azkartzeko ez indarrik ez gogorik.

Berlusconiren etorkizuna Lega Norden eskuetan dagoela uste duzu?

Bai, Umberto Bossiren eskuetan dago Berlusconiren geroa, baina paradoxikoa bada ere, Bossiren geroa, aldi berean, Berlusconiren esku dago. Hau da, lehen ministroaren amaierak Legaren boterea murriztuko luke. Elkar behar dute. Bossik ez du inoiz izan Berlusconiren gobernuan daukan adina botererik.

Lega Nordek bere babesaren truk Berlusconiri egin dizkion eskakizunak egingarriak dira?

Legaren eskakizun horiek ez dira onargarriak, ez dira egingarriak. Legaren jarraitzaileak baretzeko egin ditu Bossik eskakizunok, oinarrien frustrazioa arintze aldera, oso haserretuta baitaude. Bossik badaki eskatu dituenak ezin daitezkeela bete. Baina alderdia zatituta dauka: gobernua babestearen alde daude batzuk, eta gobernua utzi eta Padaniako alderdi borrokalaria izatera bueltatu nahi dute besteek. Bi nahiak uztartzeko egin ditu eskakizunok.

Dena dela, Bossiren eskakizunek apur dezakete zentro-eskuinaren batasuna?

Dagoeneko izan du erreakzioa. Gobernuko ministerio batzuk Milanera eramateko eskatu du Legak, eta Erromako zentro-eskuineko diputatu eta erakundeek gogor egin dute kontra. Baina uste dut bi fikzioren aurrean gaudela. Batetik, ministerioak Milanen nahi dituelako itxura egiten ari da Lega ezinezkoa dela jakin arren, jarraitzaileak berreskuratzeko. Bestetik, Erromako zentro-eskuinak badaki Bossiren eskakizunak gauzatu ezinak direla, baina erreakzionatu egiten du Erromako hautesleria berreskuratzeko.

Ingurumari horretan, Berlusconiren babesa %29ra jaitsi da Italian. Zerk eragin du jaitsiera?

Arrazoirik garrantzitsuena, arraroa iruditu arren, Italiako egoera ekonomikoa izan da. Horrez gain, Ruby auzia eta horrelako eskandaluak gehitu zaizkio, eta Italiak nazioartean hartu duen irudiak ere kalte egin dio. Funtsean, italiarrak konturatu dira azkenaldian gobernuak ez duela gobernatu eta herrialdea geratu egin dela. Eskandaluek egoera larritu diote, baina ez dira arrazoi nagusia.

Berlusconiren osteko aroari begira, badago zentro-ezkerreko alternatiba errealik?

Ez dut uste. Eta horixe da Berlusconiri geratzen zaion azken indarra, oraindik ez dagoela bera ordezkatzeko alternatiba sinesgarririk. Gainera, udal bozetan irabazi duen ezkerrak ez luke hainbesteko babesik jasoko estatu mailako hauteskundeetan.

Oposizioak zer du nahiago, Berlusconi bere kabuz erortzea ala beste zentsura mozio bat proposatzea?

Nahiago dute gobernua bere barne kontraesanengatik hondoratzea. Oposizioak gobernua eraisteko saioa egin duen bakoitzean, paradoxikoki, hura sendotzea baino ez du lortu.

Berlusconiren aroak bereziki eragin die hedabideei. Freedom Houseren arabera, prentsa askatasunari dagokionez 75. postuan zegoen Italia 2010ean, Hegoafrika eta Namibiaren tartean. Zer deritzozu?

Freedom House nahastu izana espero dut. Horrela ez balitz, serioski galdetu beharko genioke geure buruari ea zer gertatzen den. Nik nire egunkariaz baino ezin dut hitz egin, eta egia esan, Corriere della Sera-n erabateko askatasuna daukagu. Gurean albistea dago ororen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.