Matteik azaldu duenez, Osasun Zuzendaritza Nagusiak eta haren menpeko Osasun Zaintzarako Institutuak ez dute bero boladak iraun duen bitartean behar bezala funtzionatu; hain zuzen ere, alerta egoera ez indarrean jartzea eta beroa sarraskia egiten ari zen bitartean "dena normal" zegoela nabarmentzea leporatu die erakunde horiei biei. Matteiren arabera, joan den astelehenean ohartu zen bera egoeraren larritasunaz, hain justu, beroak triskantza handienak egin eta gero. "Osasun Zuzendaritzatik dena kontrolpean zutela esaten zidaten; larrialdietako zerbitzuetatik, berriz, gainezka zeudela ohartarazi zidaten", azaldu du Osasun ministroak.
Matteiren kritika horien ondotik, dimisioa aurkeztu du Lucien Abenhaim Osasun zuzendariak. Komunikabideetara bidali duen idatzi batean azaltzen duenez, "beroari lotutako epidemiaren kudeaketaren inguruan sortutako polemikagatik" aurkeztu du dimisioa, eta denbora bat barru, "lasaiago" azalpen zabalagoak emateko asmoa duela adierazi du.
Osasun zuzendaria izan da, beraz, beroaren lehen biktima politikoa Frantzian. Dena den, ezkerreko oposizioa ez da dimisio horrekin gustura geratu; aitzitik, jazotakoaren arduradun nagusia Jean-Pierre Raffarin lehen ministro kontserbadorearen Gobernua dela dio, eta, zehazki, Mattei Osasun ministroa. Ondorioz, haren dimisioa eskatu du.
Bero bolada
Beroak eragindako triskantza dela eta, Lucien Abenhaim Frantziako Osasun zuzendariak dimititu egin du
Bero boladak sarraski handia egin du Frantzian, eta arlo politikoan ere izan ditu ondorioak: Lucien Abenhaim Osasun zuzendariak dimisioa aurkeztu du, hein handi batean, bera egin dutelako azken bi asteetako heriotz andanaren arduradun. Jean-Francois Mattei Osasun ministroak beroaren ondorioz hildakoak bost mila lagun inguru izan daitezkeela onartu du gaur goizean, eta hari aurre egiteko behar besteko neurriak ez hartzearen ardura Osasun Zuzendaritza Nagusiari egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu