Berritu eta berrindartzeko

Fronte Polisarioak XIII. kongresua hasiko du gaur Mendebaldeko Saharan; armak berriz hartzeko aukera mahai gainean dagoHogei urte «gerrarik eta bakerik gabe» gehiegi dela helaraziko diote nazioarteari

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta astelehenera bitartean eginen du Fronte Polisarioa Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundeak bere XIII. Kongresua. Independentzia da irtenbidea leloa aukeratu du, eta, itxura guztien arabera, gatazkaren historian mugarri izanen da, gero eta gehiago baitira Fronte Polisarioak Marokori gerra deklaratu beharko liokeela uste dutenak, batez ere gazteenengan. Kongresuaren antolatzaileek adierazi dutenez, «borroka bideen berritzea eta berrindartzea» eztabaidatzeko unea dute.

Nazioarteko bitartekaritzak ez du fruiturik eman, ezta Rabaten eta Fronte Polisarioaren arteko zuzeneko negoziazioek ere. Bitartean, Marokok okupatutako lurretan sahararren aurkako errepresioarekin segitu du, eta azken urtean istilu larriak lehertu dira. Denbora aitzinera doa, eta sahararrak gero eta akituago ditu lurralde okupatuen, askatutako eremuaren eta Aljeriako kanpamenduen arteko bizimoduak.

Jeslam Beissat SEADeko Afrikako Gaietarako ministroak jakinarazi duenez, hiru mezu nagusi igorri nahi dituzte kongresuan, hiru hartzaileri zuzenduak. Alde batetik, hiri okupatuetan bizi diren sahararrei adierazi nahi diete Fronte Polisarioak borrokan jarraituko duela haien «eskubide guztiak» lortu arte. Bertzetik, «Maroko anaia eta bizilagunari» jakinarazi nahi diote ez dutela etsitzeko asmoa. «Ez da pertsona zehatz batzuen auzia, edo une bateko gatazka bat. Bere askatasunerako eta duintasunerako eskubidea berreskuratu nahi duen herri batek hartutako erabakia da». Nazioarteari, berriz, gainerakoei bezain ohar adierazgarria luzatuko diote: «Hogei urte gerrarik eta bakerik gabe gehiegi dira».

Gaurko bilkura 2007ko kongresutik ateratako ondorioen jarraipena da, Jatri Adu batzorde antolatzailearen presidenteak azaldu duenez. Azken lau urteetan eztabaida «sakonak, serioak eta zuzenak» egin dituzte, batzorde antolatzaileak kongresua lantzeko erabili dituenak. Horietan sahararren komunitatearen «ordezkaritza zabalak» parte hartu duela erran duAduk: «militarrak, zibilak, lurralde okupatuetako ordezkariak, ikasleak, atzerrian bizi direnak...». Kongresuan 1.500 ordezkari bilduko dira, eta nazioartetik bertze 300 inguru agertzea espero da.

Tifariti, «mezu sinbolikoa»

Bilkura Tifaritin eginen du Fronte Polisarioak. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak kudeatutako lurraldean. Mauritaniatik gertu dago Tifariti, eta Tindufeko errefuxiatu kanpamenduak (Aljeria) 320 kilometro ingurura daude.

Azken bi kongresuak ere han egin ziren 2003an eta 2007an. Berriz ere Tifariti hautatuta, «mezu sinboliko azkarragoa» eman nahi izan dutela azaldu du Beissatek. Izan ere, duela lau urte Maroko kexatu egin zen Fronte Polisarioak Tifaritin egin zuelako kongresua. Rabaten ustez, 1991ko su-eten hitzarmena hausten zuen erabaki horrek, militarizatu gabeko eremutzat jotzen baitu. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaren esku hartzea exijitu zuen, baina Fronte Polisarioak ez zuen kongresua egiteko arazorik izan.

Dena den, egungo egoerarekin Maroko Fronte Polisarioa baino erosoago dago. Mendebaldeko Saharako gune handiena eta aberatsena du okupatuta —kostalde osoa—, bertzeak bertze, arrantza baliabideak eta munduko fosfato hobi handienetakoak dituena. Ofizialki ez dago herrialderik Marokok lurralde horiekiko duen subiranotza onartzen duena.

Hala ere, nazioartean nahikoa indar lortu du gutxienez egoera blokeatuta mantentzeko. AEBekiko duen harreman ona da gakoetako bat. Maroko leku estrategikoan dago, Europaren hegoaldean eta Mediterraneoko sarreran, Mendebaldearen eta herrialde musulmanen arteko mugan. Washingtonentzat aliatu interesgarria da. Balio estrategiko hori erabili du baita ere Marokoko eta Mendebaldeko Saharako bi herrialde kolonizatzaile ohiek, Frantziak eta Espainiak, gehiago estutu ez dezaten.

Minursok iragan apirilean hartu zuen erabakia ere garaipentzat aldarrikatu zuen Rabatek. Misioa urtebetez luzatuko zuela iragarri zuen Minursok, baina Mendebaldeko Saharan giza eskubideen zaintzaz ez zela arduratuko zehaztu zuen. Rabatek poza agertu zuen. «Gatazkaren bertze aldearen estrategiari egindako aurrekaririk gabeko uko egitea izan da», adierazi zuen. Hain zuzen, astebete lehenago Fronte Polisarioak Segurtasun Kontseiluari eskatua zion Minursok giza eskubideen zaintzarako ardura har zezala. Minurso 1991n sortu zuen NBEk, hamasei urteko gerraren ondoren su-etena zaintzeko, eta Mendebaldeko Saharan autodeterminaziorako erreferenduma antolatzeko. Giza eskubideen zaintzaz arduratzen ez den misio bakarra da Afrikan.

Autonomia eta errepresioa

Minursok 1999an utzi zion erreferenduma antolatzeko lanari, eta NBEk proposatutako bi planak—Baker planak, James Baker mandatari bereziak proposatuak— blokeatu zituen Marokok. Ordutik autonomiarako proposamena da Rabaten ekimena, baina Fronte Polisarioak eta SEADek erabat errefusatu dute.

Marokok zilegitasuna lurralde okupatuetan bizi diren milaka kolonoengan eta 150.000 soldadurengan oinarritzen du. Hainbatetan lehertu diren istiluen oinarri nagusia hor dago, hain zuzen. Azken aldiko larriena iaz lehertu zen Aaiungo Agdaim Izik kanpamenduan. Ekintzaile sahararrek salatu dutenez, 23 atxilotu oraindik preso dituzte. Bertzalde, orduan atzemandako bertze bi preso aske utzi ditu Rabatek, haien osasun egoera txarrarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.