Mundua

Berriz su-etena hitzartzearen alde agertu dira gerrillari tamilak

LTTE tamil tigreen gerrillak zabaldutako komunikatuan uko egiten dio borroka armatua uzteari eta errenditzeari.

2009ko otsailaren 23a
12:39
Entzun
LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillak AEBetako eta Europako Batzordeko presidenteei eta NBEko idazkari nagusiari bidalitako eta Tamilnet webgunean zabaldutako gutunean dioenez, "prest" dago Sri Lankako armadarekin berriz su-etena hitzartzeko, "baina borroka armatuari uko egin gabe eta amore eman gabe".

"LTTE prest dago su-etena hitzartzeko nazioarteko komunitateak egindako eskaera onartzeko", azaldu du gerrillaren adar politikoko arduradun B. Nadesanek.

"Munduak onartu beharko luke LTTEri armak uzteko eta errenditzeko egiten zaizkion eskaerek ez dutela gatazka konpontzen laguntzen", nabarmendu du.

Gutuna, atzoko datarekin, AEBetako presidente Barack Obamarentzat, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosorentzat, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonentzat eta Japoniako eta Norvegiako lehen ministroentzat da.

"Nazioarteko komunitatearen babes eta bermearekin herri tamilarentzako aterabide politiko iraunkorra iristen denean, LTTEren armak beharrezkoak ez diren egoera egongo da", dio Nadesanek sinatutako gutunaren beste zati batek. Haren iritziz, herri tamilak (Sri Lankako ipar-ekialdean etnia nagusia) "XXI. mendeko genozidiorik okerrena" sufritzen du.

Sri Lankako armada gogor ari da azken hilabeteetan LTTEk kontrolatutako eremuen kontra, eta erasoaldian hainbat zibil hil eta desplazatzen ari da. Gainera, zibil asko harrapatuta geratu dira, erasoetatik ezin ihes eginik. Gobernuak oraingoz baztertu egin du gerrillariekin berriz negoziatzea, armada aurrera doala ikusita.

Gerrillari tamilak 100 kilometro koadroko eremuan inguratuta daude, eta behiala kontrolpean zituzten lurralde gehienak galdu dituzte azken urte eta erdian. 200.000 zibil daude handik atera ezinik, giza laguntzarako erakundeen arabera. Gainera, botika eta elikagai eskasia pairatzen ari dira.

Independentziarako gerra abiatu zutenetik, 1983an, ia 100.000 lagun hil dira borroken, bonbardaketen eta erasoen ondorioz, eta ehunka mila erbestean edota desplazatuta daude.

2001ean independentziarako aukera baztertu, eta Sri Lankako ipar-ekialdean eremu autonomoa lortzearen alde azaldu den gerrilla, eta alde bateko su-etena eman zuen. Hurrengo urteko martxoan Gobernuak su-eten akordioa sinatu zuen gerrillarekin, eta bost urtez iraun zuen, harik eta 2007an iraungi zuen arte. Bitartean zenbait eraso gertatu zirela salatu zuten bi aldeek. 2008ko urtarrilean su-eten akordiotik erretiratzen zela jakinarazi zuen Sri Lankako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.