Konfinamendutik irteteko bide orri bat aurkeztu du gaur Europako Batzordeak. Proposamena ez da derrigor bete beharrekoa, eta estatu kideen arteko koordinazioa izango du helburu. Aurkeztutako gidak ez du epemugarik ezarri, baina hiriburuei eskatu die normaltasunera itzultzeko prozedura «mailakatua» izan dadila, eta aintzat har ditzatela «oinarri epidemiologikoak».
Hain zuzen, azken asteetan hainbat estatuk ekin diote izurria geldiarazteko hartutako neurri zorrotzak malgutzeari, itxialdi orokortua eragina izaten hasi ostean. Esaterako, Austria eta Danimarka dira herritarrei ezarritako mugak kentzen hasiak diren herrialdeetako bi; Frantziak ere dagoeneko iragarri du haur eskolak eta eskolak zabaltzen hasiko dela maiatzaren 11tik aurrera. Dena dela, Europako Batzordeak estatuei eskatu die halako neurriak hartzen hasi aurretik berma dezatela osasun sistema gai dela kasuen gorakada posibleari erantzuteko. Berrogeialditik irteteko estrategiak progresiboak izatea ere aholkatu du Batzordeak, hartara agintariek denbora izan dezaten neurrien eraginak aztertzeko eta egoerari behar bezala erantzuteko.
Hala, arduraz jokatzeko eskatu du Ursula von der Leyen presidenteak, eta bide orrian zehaztutako faseak herrialdearen egoeraren arabera abiatzeko: «Hau ez da seinale bat dioena konfinamendua berehala kentzen has daitekeela; estatuek erabakiak hartzeko marko bat proposatu nahi izan dugu». Azaldu duenez, ikuspegi mailakatua izatearekin batera, ekintza guztiak etengabe kontrolatzea gomendatu dute, «birusa berriz agertuko balitz ere».
Bestetik, mugatze neurriak arinduz joateko, baldintza jakin batzuk bete beharko liratekeela iritzi dio Europako Batzordeak: irizpide epidemiologiko «eztabaidaezinak» izatea, frogatzen dutenak kutsatzeak behera egin duela nabarmen denbora luze batean; osasun sistemak erantzuteko ahalmen nahikoa izatea; eta birusaren jarraipena eskala handian egiteko gaitasuna edukitzea. Horrez gain, nabarmendu dutenez, funtsezkoa izango da hurrengo agerraldiak ahalik eta azkarrena «detektatzea». Horretarako, testak egitearen premia azpimarratu dute.
Zenbait jarduera ekonomiko martxan jarri ahal izateko, berriz, dendak eta bulegoak desinfektatuz joatea iradoki dute, nahiz eta azpimarratu ezingo direla «denak batera» itzuli. Hasieran, lanean «hain zaurgarriak» ez diren pertsonak eta funtsezko sektoreak hastea gomendatu dute. Halere, posible den heinean, telelanari eustea aholkatu dute. Era berean, kalteberenak diren taldeetan arreta berezia jarri behar dela diote.
Bestalde, pertsonak pilatzen diren eremuei dagokienez, Batzordeak uste du apurka baimendu behar direla horiek, neurriak hartuz. Esaterako, mugak jarrita eskoletako klaseen tamainari eta taberna eta jatetxeetako bezero kopuruari.
Koordinazioa xede
Mugen inguruan, Bruselak gomendatu du barne kontrolak ezabatzea EBko mugako eskualdeetan egoera epidemiologikoa «nahikoa bateratzen» denean. Europako Batasunetik kanpo dauden herrialdeei mugak irekitzea, berriz, bigarren fasera alboratuta geratuko litzateke.
Azkenik, Batzordeak eskatu du ahal den neurrian urrats «koordinatuak» egiteko herrialdeek. Ohartarazi du estatu kideen artean «desadostasun politikoak» sor daitezkeela bestela. Hala, galdegin dute herrialdeek zer neurri hartuko dituzten informatzeko. Hain zuzen, krisi honetan agerian geratu dira Europako Batasunak dituen gabeziak, eta kideen arteko arrakala areagotzea ekarri du.