Gaur argituko dio Pier Luigi Bersanik Giorgio Napolitano Italiako presidenteari hark agindutako misioa betetzea lortu duen: berak proposatutako gobernua osatzeko adina babes pilatu duen edo ez. Aurreko astean jaso zuen horretarako enkargua, eta bere gobernu programa atez ate aurkezten aritu da azken egunotan: asteburuan gizarte eragileekin hitz egin du; herenegun eta atzo, berriz, alderdi politikoekin.
Otsailaren 24ko hauteskundeetako emaitzak ikusita, gobernua osatzea ezinezko misioa dela irudi lezake. Hiru gutxiengo handi daude orain senatuan, baina gehiengo osorik ez, ezta elkarlanean jarduteko prestasun handirik ere. Bersanik 158 diputaturen babesa behar du parlamentuan konfiantzazko botoa lortu eta lehen ministro izateko. Bere zentro-ezkerreko koalizioak 123 lortu zituen bozetan. Berez, Mario Montiren zentroko zerrendarekin egin behar zuen paktua, hartara gehiengo osoa lortuko zutelakoan. Baina hark uste baino emaitza kaskarragoak lortu zituen —soilik hamazazpi diputatu—, eta, hortaz, haren babesarekin ere hemezortzi diputatu lortu behar ditu nola hala. Horregatik, beste bi koalizio nagusiengana jo du: Silvio Berlusconiren PDL Askatasunaren Herria eta Lega Nord buru dituzten eskuindarrengana, eta Beppe Grilloren M5S 5 Izar Mugimenduarengana.
Bersanik ez du esperantza galdu azken horrekin, Grillok aukera oro bera nabarmen uzteko probesten duen arren. Publikoan, alderdi guztien aurkako irainez bete du ahoa komedianteak, eta atzoko bileraren ostean ere ez zuen aukera galdu Bersaniri jendaurrean kalabazak emateko.
Baina beste aukera handirik ez zaio gelditzen Bersaniri; ez du entzun ere egin nahi eskuindarrekin paktua egitearena. M5Sren barruko desadostasunetan topa dezake, topatzekotan, salbaziorako zirrikitua. Izan ere, alderdi horretako diputatu batzuek zentro-ezkerreko hautagaia babestu zuten senatuko presidentetzarako: Pietro Grasso mafiaren aurkako fiskal ohia. Haien gustuko hautagaiak proposatzea izan daiteke gakoa.