Belfasteko Northern Banken izandako lapurretaren inguruan egiten ari diren ikerketen harira, Eskoziako Bankuak Irlandan duen ordezkaritzako presidente Phil Flynnek dimisioa eman zuen atzo. Flynn, gainera, Irlandako lehen ministro Bertie Ahernen gertuko kolaboratzailea da. Lapurretan ustez erantzukizun gehien izan zuen Ted Cunningham bankariarekin ere harreman estua du Flynnek. Cunninghami 2,3 milioi libera esterlina atzeman zizkioten asteazken gauean Corkeko bere etxean (Irlandako hegoaldea). Cunninghamek Chesterton Finance bankua sortu zuen. Atzo kargurik gabe askatu zuten arren, frogak biltzen ari direla eta datozen egunetan bere aurkako kargu gehiago aurkez ditzaketela adierazi zuen Garda Irlandako Poliziak.
Irish Examiner egunkariak zioenez, Gardak zelatapean jarri zuen orain dela sei hilabete Cunningham, Bulgariako arma trafikatzaileekin bildu zela jakin zutenean. Flynnek, berriz, berak «ezer txarrik» ez duela egin esan zuen atzo. Biek Bulgariara egindako bidaian enpresaburu batzuekin bildu zirela aitortu arren, «armen trafikoaz edo diru zuriketaz» ez zutela hitz egin esan zuen. Flynn Sinn Feineko presidenteordea izan zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta finantza mundutik igaro aurretik, sindikalista.
Atzo diru kantitate ez oso handia aurkitu zuen PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak (RUC ohia) Belfasten RUCk duen kirol elkartean. Dirua Northern Bankekoa denez, «ikerketak oztopatzeko IRAk jarritako amua» dela dio Poliziak berak.
IRLANDA
Bertie Ahernen kolaboratzaile batek dimisioa eman du lapurreta dela eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu