Errusiako gobernuak indarra erabiltzeko asmorik ez zuela esan bazuen ere, ehunka lagun bahituta zeuden eskolan sartu dira gaur, Segurtasun Indarrak. Bahitzaileak tiroka hasi dira orduan, toki guztietara. Segurtasun indarrek esan dutenez, ez zuten eskolara sartzeko asmorik, baina haur batzuk ihes egiten hasi eta bahitzaileak tiroka erasotu dietela ikusita, oldarraldiari ekin diote.
Bahituta egon den emakume batek esan duenez, oldarraldiari hasiera eman dion leherketa istripua izan da. Berak esan duenez, "bahitzaileek lehergailuak zituzten sabaian zinta itsaskorrarekin itsatsita, haietako bat erori egin da, eta lehertu".
Eguerdian bahitutako guztiak askatuta zeudela esan dten arren, arratsaldean baieztetu dute haur batzuk bahituta jarraitzen dutela. Gainera tiro hotsak ez dira isildu, eta badirudi bizirik jarraitzen duen bahitzaile bakarrari ari direla tiroka.
Ipar Osetiako Barne Ministerioak esan duenez, bahitutako haurretako gehienak "ondo daude". Hala ere, Interfax agentziak esan duenez, 150 baino gehiago dira hildakoak.
Anbulatzia ugari dabil inguruan, eta hainbat lagun eraman dituzte erietxeetara, zaurituta. Gutxienez 350. Eskolatik irten eta berehala ura eskatu dute denek, izan ere, badirudi jan eta edan gabe egon direla hiru egunez.
Txetxeniarentzat independentzia eskatu dute
"Ruslan Autxev bitartekariaren bidez bahitzaileek atzo aurkeztutako exijentzia Txetxeniaren independentzia da; Txetxenia Errusiatik kanpoko estatua izatea nahi dute", agertu die Ipar Osetiako presidente Dzasokhovek gatibuen senideei.
Era berean, bahituen kopurua 500dik gorakoa izan daitekeela onartu du: "Hedabideek iragarritakoa baino pertsona kopuru handiagoa dago barruan; eskolaren arduradunek uste dute 500dik gora direla", esan du. Iturri ofizialek 300 bat bahitu aipatzen zituzten orain arte. Hala ere, bahitzaileek atzo 32 pertsona aske utzi ondoren —ume txikiak eta zenbait emakume—, kopuru hori zalantzan jarri da. Izan ere, aske geratutako emakumeek bahituak milatik gora direla diote.
Txetxeniako gatazka
Beslango eskolan hildakoak gutxienez 150 dira, eta zaurituak 400dik gora
150etik gora dira Ipar Osetiako Beslan hiriko eskola hilotz topatu dituzten pertsonak Errusiako Interfax agentziak zabaldu duenez. Errusiako segurtasun indarren oldarraldia hasi denetik zaurituak, berriz, 400 bat dira. Nolanahi ere, Errusiako Armadak ukatu egin du eskolan indarrez sartzea planifikatuta zeukatela. Haur batzuk oraindik bahituta jarraitzen dutela baieztatu dute segurtasun indarrek, eta tiroketak ez dira amaitu. Antza denez, bizirik geratzen den azken bahitzaileari tiroka ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu